ReciclApp-BirziklApp, hondakinei buruzko zalantzak argitzeko aplikazioa

Guaixe 2015ko urr. 30a, 09:37

Telefono mugikorretarako aplikazio berriak hondakinak errazago birziklatzeko argibideak ematen ditu.

Nafarroako Gobernuak eta Sakanako Mankomunitateak BirziklApp (euskaraz) eta ReciclApp (gaztelaniaz) aplikazioa aurkeztu zuten herenegun. Tresnaren xedea da herritarren zalantzak argitzea, hondakinak nora bota behar diren erraztea, eta mankomunitateen eta herritarren arteko komunikazio ildoak zabaltzea. Aplikazioa Android sistema eragilerako eta iphoneetarako garatu da.

ReciclApp-BirziklApp aplikazioak egiteko Ecoembes enpresak urtero egiten duen biztanleriaren ohitura eta jarrerei buruzko azterlanean oinarritu dira. Han nafarrek hondakinen bilketaren inguruan ditugun zalantzak jaso dira. Eta horretan oinarrituta aplikazio saiatzen da argitzen zer hondakin bota behar den edukiontzi bakoitzera, aukera ematen du ekipamendu berezi batzuk non kokaturik dauden jakiteko, hala nola garbiguneak, olio, pila edo arropa edukiontziak, edota mankomunitateak eskaintzen dituen beste zerbitzu batzuk.

Gainera, herritarrei bere mankomunitatearekin harremanetan jartzeko aukera ematen die, izan daitezkeen gorabeherak moldatze aldera. Aldi berean, hondakinak nora eramaten diren azaltzen du, hondakinen birziklapen prozesua ikus-entzunezkoen bidez erakutsiz.Nafarroako herri bakoitzera moldatua dago.

Tresna hau egin da Nafarroako Gobernuak Hondakinak Kudeatzeko Sistema Integratuekin, Ecoembes nahiz Ecovidrio enpresekin, eta tresna elektrikoen eta elektronikoen hondakinak (TEEH) kudeatzeko sistema integratuen erakunde kudeatzaileekin eginak dituen hitzarmenen baitan: Ambilamp, Ecoasimelec,
Ecofimática, Ecolec, Ecolum, ECORAEE, Ecotic, Europako Birziklapen Plataforma- ERP eta Tragamóvil. Hitzarmenak Gestión Ambiental de Navarra (GAN) enpresaren bidez garatu dira, eta Sakanako mankomunitatea ere lankidetzan aritu da.

Hondakinak Nafarroan
2014ko azken datuen arabera, nafar herritarrek 15.000 tona beiraki baino gehiago birziklatu zituzten iglu edukiontziaren bidez; hau da, 93 ontzi baino
gehiago biztanle bakoitzeko. Nafarroak ia 10 puntutan gainditu zuen Estatuko batez bestekoa; hau da, 24,4 kilo beira-hondakin birziklatu ziren biztanle bakoitzeko, eta adierazle horretan hirugarren komunitatea izan zen, Balearren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren atzetik, hain zuzen.

Ontzi arinei dagokienez (plastikozko ontziak, latak eta brikak), 2014an, herritar bakoitzak batez beste 19,4 kilo bota zituen edukiontzi horira, eta kartoizko eta paperezko ontziei dagokienez, berriz, 34,2 kilo  edukiontzi urdinera. Hondakin desegokiak (hots, edukiontzi horira gaizki botatako hondakinak) % 19,5 izan
ziren, hau da, aurreko urtean baino ia hiru puntu gutxiago, eta hamar gutxiago Estatuko batez bestekoa baino. Datu horiekin bat, Nafarroa liderra da Espainian ontzi arinen nahiz paperezko eta kartoizko ontzien birziklapenean.

TEEHen gaikako bilketari dagokionez, 2013an gora egin zuen 2012aren aldean; zehazki, 3,82 kilo biztanle eta urte bakoitzeko. Estatuko batez bestekoa, aldiz, 3,20 kilo da biztanle eta urte bakoitzeko. Kategoria jakin batzuetan bilketa helburuak bete baziren ere, hala nola informatika eta telekomunikazio tresnetan,
kontsumoko argi tresnetan eta tresna elektronikoetan (irratiak, telebistak, bideokamerak, etab.), bere osotasunean ez zen iritsi legez ezarritako helburura; 4 kilo biztanle eta urte bakoitzeko.

Sakanako Mankomunitatearen hondakinak
Sakanako Mankomunitatean, bestalde, beira-ontzien hondakinei dagokienez, iaz 32,52 kilo birziklatu ziren biztanleko; hau da, 2.007.420 botila fabrikatzeko adina, 98 biztanleko.  Kartoizko eta paperezko ontziei dagokienez, 48,88 kilo; behar adina kartoi eta paper berreskuratu da 10.060 zuhaitz moztea galarazteko. Bestalde, mankomunitateko biztanle bakoitzak batez beste 24,31 kilo bota zituen ontzi arinak. Horrek 10,4 tona CO2 isurtzea eragotzi du. TEEHei dagokienez, 3,13 kilo bildu ziren biztanleko.

QR kodeak
Aplikazioak telefono mugikorretara deskargatzeko iragarkiak auzo-konpostaguneetan, larrialdi guneetan, udal panelean, etxoletan, eta herriaren arabera jende ugari elkartzen den tokietan (elkarteak eta abar) jarri ditu Mank-ek.