Egibil harrobiarendako Unescoren izendapena

Hilario: Olaztiko markatzaileak 86 milioi urtekoa kapituluak banatzeko balio du

Guaixe 2015ko abe. 11a, 09:13

Asier Hilario, Euskal Kostaldea Geoparkeko zientzia zuzendaria.

Zer gertatu da gaur?
Geologiarendako egun handia da hau. Lurraren historiaren une bat, konkretuki, duela 86 milioi urte Olatzagutian kokatu dugu. Lurrak 4.600 milioi urte ditu. Oso zaharra da. Geologook, elkar ulertzeko, denbora hori guztia hainbat kapitulutan banatzen dugu. Kapitulu horiek banatzen dira geologoek munduko haitzetan, arroketan irakurri dezakegun gertaerengatik: espezien agerpena eta desagerpena, klima aldaketak…

Planeta guztiko haitzetan gertaeraren bat atzematean kapitulu baten bukaera eta hurrengoaren hasiera markatzeko balio du. Esaterako, Olaztiko 86 milioi urtekoa kapituluak banatzeko balio du.

Horrela, poliki-poliki, geologia-denboraren taula osatzen da; izen arraroak dituen eta ikastetxean denok ikasi duguna. Denbora taula horrek mendian isla du. Taula horretan dauden kapitulu horiek guztiak, munduan nonbaiten definituak daude. Horietako bat, Santoniarra, zehazki, Olatzagutian definitua izan da.

Munduko geologoendako Olatzagutia mugarri nabarmen batean bihurtu da?
Erreferente bat da, dudarik gabe. Esaterako, 66 milioi urte dinosauroak desagertu ziren. Dinosauroen desagerpenak balio digu esateko kretazeoa hemen bukatzen da eta paleogenoa hasten da. Kasu honetan, duela 86 milioi urte lehen aldiz fosil mota bat agertzen da, inozeramido konkretu bat.  

Mundu guztian, adin hori duten haitzetan, hori non ikusi daitekeen bilatzen da. Eta horietan guztietan hoberena aukeratu behar da. Bozketa bidez aukeratzen da eta ondoren urre koloreko iltzea kokatzen da. Horrek esan nahi du garai horretako haitzak ikertu nahi dituzten munduko geologo guztiek aintzat hartu behar dutela Olatzagutian ikusten dena.

Hemen itsas izarrak, maskorrak eta beste ikusiko dituzte, ezta?
Bai. Horrek esan nahi du Sakana guztia itsasoko sedimentuz egina dagoela. Duela 100 milioi urtetik 40 milioi urtera edo, Hemen ditugun haitzak itsastarrak dira: kareharriak eta tupak. Fosil itsastarrez beteta daude. Horrek esan nahi du Sakana, ia Euskal Herri guztia bezala, itsaso azpian zegoela. Iberia eta Europa banatzen zuen itsasoa zen. Itsasoaren azpian, poliki-poliki, sedimentu itsastarrak metatu ziren, fosil itsastarrekin batera. Gaur egun hemen ikusten direnak.

Duela 40 milioi urte, gutxi gorabehera, Iberiak Europarekin talka egin zuen eta sedimentu horiek guztiak, kareharri bihurtuta, harri bihurtuta, altxatu ziren eta gaur egun ditugun mendi eder hauek eman zizkiguten.

Geologiako altxorra, beraz?
Sakanan munduko lehen mailako erreferente bat duzue.

Urbasa eta Zumaiako flischa adinkideak dira, ezta?
Zumaian ikus daitezkeen haitzak duela 70 eta 50 milioi urte artekoak dira gutxi gorabehera. Garai horretan euskal kostaldean ikus ditzakegun flisch moduko haitz horiek, kapa oso definituak dituztenak, horiek itsaso beraren azpian baina sakonera handian sortu ziren. Itsaso berean, garai berdinean, sakonera gutxiago zuten plataformetan sortzen ari ziren koralez egindako Urbasako gaur egungo kareharriak.