Altsasu institutuak logotipo lehiaketa antolatu du

Guaixe 2015ko abe. 23a, 19:00

Udazkenean Aralarko Mikel Donea izendapena utzi eta Altsasu institutua hartu zuen ikastetxeak orain logotipo bat aukeratu nahi du. Logo hori zentroaren irudia izanen da ikastetxeko agirietan. Haren bidez ikastetxeari “nortasuna” eman nahi diote. Institutua gaitzat hartuta, edozein nahi adina logotiporekin aurkeztu daiteke lehiaketara. Beti ere, originalak badira.

Ezaugarri teknikoei dagokienez, proposamenek gutxienez 10x10 cm-ko neurria izan beharko dute. Lanekin batera diseinuaren zergatiaren azalpen txiki bat gehitu behar da, bost lerrokoa gehienez ere. Lanak ikastetxearen idazkaritzan aurkeztu behar dira. Proposamen bakoitzaren atzean egilearen datuak agertu beharko dira. Martxoaren 4ko 14:15era arte aurkeztu daitezke lanak. Epaileek kontutan izanen dituzten irizpideak honakoak dira: irudiak xehetasun gutxi izatea; praktikotasuna (hainbat euskarritan erabilgarria izatea, txuri-beltzean inprimatu ahal izatea eta ikastetxearen datuak gehitu ahal izatea) eta originaltasuna.

Lan guztiak martxoaren 7tik 11ra ikusgai izanen dira eta epaimahaiak haietako bost aukeratuko ditu. Hil hartako 14tik 18ra bitartean ikasleek boto bidez aukeratuko dute logoa. Irakasleek martxoaren 22an. Bi bozketek azken aukeraketan %20nako balioa izanen dute. Gainontzeko %60a epaimahaiarena izanen da. Aukeratutako lanaren sortzaileak 200 euroko saria eskuratuko du.