Klinikak duintasunez, eta arazo handiarekin, aurrera egiten du

Guaixe 2016ko mar. 18a, 08:39
Parlamentariak eta Sakanako ordezkariak klinikako arduradunen azalpenak entzuten.

Josefina Arregi klinikak hainbat arlotan ez du egoera xamurra bizi eta Osasun Departamentuarekin bestelako akordioa behar du.

Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeko kideek Josefina Arregi klinikaren lanaren eta finantza egoeraren argazki argi askoa eraman zuten bueltan. Horretaz arduratu ziren Juan Manuel Vicente kudeatzailea, Joaquin Roldan mediku zuzendaria eta Vicente Madoz Felipe Lezea fundazioko patronatuko lehendakari-ordea.

Vicentek argi hitz egin zuen: “gure ustiapen kontua beti negatiboa da. Sortzen dugun zorra donazioekin estaltzen dugu. Baina beti baldintzatuta gaude”. Aurrekoetan bezala, joan den urtean  48.255 euroko zuloa egin zuen klinikak (1.478.141 euroko sarrerak eta 1.526.396 gastuak). Donazioetan jasotako 114.208 euroek salbatu zuten urtea. Vicentek esan zuenez, “zifra horiekin ezin dugu inbertsiorik egin (oheak, koltxoiak, jantziak, kamarak eta beste). Gainera, berritu beharreko materiala eta altzariak daude”. Bestalde, aurrekontuaren %82 langileei ordaintzeko dela zehaztu zuen.

Kudeatzaileak langileek egindako ahalegina nabarmendu zuen. “Behar baino langile gutxiago daude. Daudenak lan karga handiagoa dute. Soldatak ohikoak baino txikiagoak dira eta, gainera, 2011tik izoztuta daude”. Vicentek azaldu zuenez, langileak “oso ongi trebatuta” daude, eta euren jardunak “bokaziotik asko” duela gaineratu zuen. Horrek guztiak “ez du erakargarri egiten jendea hona lanera etortzea”, eta eszedentziak eta haurdunaldiak erantzuteko arazoak izan dituztela aipatu zuen.

Vicentek “itsumustuan aurrera ez segitzeko” Nafarroako Gobernuak azterketa bat egitea egoki jo zuen. “Gauza bat da irabazi asmorik ez izatea eta beste bat da 22 urtetan berrikuntzarik ez egitea, langile gutxi izatea, gaizki ordaindua izatea, gaur egun mantenu zerbitzurik ez izatea eta hori boluntarioek egitea...” Egungo kontzertuarekin klinikak ohe bakoitzeko 170 euro jasotzen ditu. Kudeatzailearen arabera, “gure ohearen kostua kontzertukoa baino garestiagoa da. Gurearen moduko ohe bat Osasunbidean zein kostu duen jakin nahi nuke. Haiendako pagotxa gara”.

Madoz
Fundazioa 1993an sortu zen, Felipe Lezearen borondateari segituz, gizarte ongintzako erakundea kudeatzeko. Madozek lehenik nabarmendu zuen Altsasuko klinikak estatuan parekorik ez duela. “Klinikan dementzia gaitz larriak eta portaera desorekak dituzten gaixoak tratatzen dira. Helburua pertsona horiek etxean bizi ahal izateko prestatzea da, familiak eta gaixoak entzunez, konprometituz”. Horregatik, klinika “xumea” da, baliabide tekniko eta instrumental handirik gabe. “Helburu mugatu eta praktikoa da: jendea hilabeteren buruan etxera bueltatzea”. Horretarako, gaixoa artatzeko psikiatraz, geriatraz eta neurologoz osatutako lantaldea dagoela gogorarazi zuen.

Klinika errealitate eginda poz handiak jaso dituela nabarmendu zuen Madozek: “zaila zena egin dugu. Lantalde bat da. Klinikan dagoen giroak sendatu egiten du”. Madozek kostu gutxirekin klinikan emaitza handiak lortu direla azpimarratu zuen. “Baina duela zenbait urteetatik hona erronka zabalik mantentzea da. Felipe Lezea bat-batean hiltzeak aurreikusten zen baliabiderik gabe utzi gintuen. Ekonomia zailtasunak irudimenaz eta Sakanaren eskuzabaltasunari esker gainditu ditugu”. Aurrera egiteko langileek asko tragatu dutela azpimarratu zuen ere. Klinikarendako konponbidea eskatu zien parlamentariei.  


Roldan
Sendagile zuzendariak azaldu zuenez, “Josefina Arregi klinika, bere berezitasun fisikoengatik, mota honetako gaixoak hartzeko prest dago. Nafarroako ospitale gunean ezinezkoa da. Gaitzagatik noraezean ibiltzen denak horretarako aukera du hemen. Iruñean ezinezkoa da hori”. Gaixo bakoitzari arreta berezitua ematen dietela ere nabarmendu zuen: “batek bazkaltzeko ordu bat behar badu, pertsona bat ondoan du”.

Medikuak dementziak, “oraingoz” ezin direla sendatu nabarmendu zuen eta euren egitekoa gaixoek “funtzio kongnitiboak mantentzean” datzala azaldu zuen. Zaintzailea zaintzearen beharra ere azpimarratu zuen. “Gehienetan emakumeak dira. Ez dira laguntzen uzten. Eta gaizki egitearen, erru sentipena dute. 24 ordu egoten dira lanean. Egoera gogorrak bizi dituzte”. Horregatik, Nafarroako Alzheimer Gaixoen Familien elkarteak (AFAN) egiten duen lana goraipatu zuen. Klinikak hilean bitan senideen topaketak hartzen ditu. Bestalde, Jasotako inkesten emaitzengatik dakite familia erabiltzaileek klinikan jasotako zerbitzuarekin oso pozik daudela.




Klinikaren datuak

Ospitalearen erabiltzaileak (21 ohe)
Nongoak Kopurua
Sakandarrak %18,26
Iruñerria %50,62
Gainontzeko Nafarroa %31,12

 

Ospitalearen 2015eko datuak (21 ohe)
Erabilera %100    
Sarrerak 241 (129 emakumezko eta 112 gizonezko)
Gaixo berriak 172    
Bataz besteko adina 80,7 urte    
Egonaldien iraupena Hilabete inguru    
Altak %91,7    
Itxaron zerrenda 25 bat egunekoa, 30-40 pertsona  

Ospitalizatzeen jatorria
Lehen mailako arreta %73,86
Espezializatutako arreta %26,14

 

Ospitalizazioen zergatia
Portaera asaldura %61
Nahaste-arazo larria %13,28
Psikopatolia desoreka %7,88
Kongnizio hondatzea %5,81
Loaren nahasmena %5,39
Bestelako patologiak %6,64

 

Lehen diagnosiak
Alzheimer %59,75
C.Lewy dementzia %13,28



5 proiektu
Ikasleekin. Etorkizuneko zaintzaileak trebatzeko proiektua da eta 9-10 urteko ikasleekin egiten dute, hiru egunetan. Aurrenekoan klinika bi profesional eskolara joan eta Alzheimerrari buruzko azalpenak ematen dizkiete. Aurretik, ipuinen bidez gaia gelan landua dute. Bigarren egunean eguneko zentroko lau adindu eskolara joaten dira eta elkarri garai bateko eta egungo eskola nolakoa den azaltzen diote. Azkenik, eskolatik klinikara bisitan joaten dira. Duela bi urte hasi ziren Zelandi eskolarekin. Sagrado Corazon ikastetxea ere sartuko da. Orain 14-15 urteko gazteendako programa lantzen ari dira.

Bocalan Biak Bat. Asistentzia txakurrak trebatzen dituen fundazioko kideek maskota bidezko estimulazioa lantzen dute eguneko zentroko gaixoekin. Musikoterapia, gaixo larriekin saio indibidualizatu eta txikietan egiten da. Arteterapia. Klinikak Computensen Unibertsitatearekin eta Uharte Iruñeko arte garaikideko zentroarekin hitzarmena du. Hala, arte terapiak klinikan eta zentroan egiten dira. Indar entrenamendu programa. Gaitasun motorrak lantzeko gimnasioan lanean  aritzen dira gaixoak astean hirutan, 45 minutuz. Roldan medikuak esan zuenez, programa horiek gaixoengan emaitza onuragarriak dituzte.