Aurtengo Elkartasun eguna, epaituen alde

Guaixe 2016ko api. 7a, 17:41

Elkartasun Eguna antolatu dute Etxarri Aranatzen, apirilaren 23an. Antolatzaileek “indar berezia” eginen dute Patxi Arratibel eta Joxe Aldasororen “askatasunaren alde”. Lehena hilaren 14an, heldu den ostegunean, hasiko dira epaitzen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bigarrena, berriz, maiatzaren 17an. Biei Ekineko kide izatea leporatzen diete eta 8 eta 9 urteko espetxe zigorra eskatzen dute. Horregatik, 23ko manifestazioaren leloa Epaiketa politikorik ez! Xafan eta Joxe aske! izanen da. Manifestazioari babesa adierazi diote ELAk eta LABek, baita 75 bat sakandarrek.

Gainera, herri bazkariarekin jasoko den dirua epaiketen gastuei aurre egiteko erabiliko dute. Xafan eta Joxe aske! herri ekimenak jakinarazi duenez, auzipetu bakoitzak 4.000 euro beharko ditu epaiketari aurre egiteko. Bazkari horretarako txartelak Sakanako ohiko tokietan salgai daude, 15 eta 8 eurotan.

Madrilera
Arratibeli elkartasuna adierazteko Madrilera joateko autobusa izanen da heldu den ostegunean. Eta arratsaldean Etxarriko plazan informazio batzarra izanen da.