Nafarroako Hondakin Planaren zirriborroari buruzko lan bilera

Guaixe 2016ko api. 19a, 09:53

Bihar, 18:30ean, Irurtzungo kultur etxean.

Nafarroako Hiri Hondakinen Plan Integratuaren zirriborroa egin du Nafarroako Gobernuak. Martxoan nafar guztiei irekia dagoen parte hartze prozesua martxan jarri da, bost mailetan: erakundeak, toki erakundeak, lantaldea eta parte hartzea, gaikako sektoreak eta herritarrak.

Araxesko, Mendialdeako eta Sakanako herritarrei zuzendutako bilera deitu da Irurtzunen biharko. Bilera horretan eta Nafarroan barna eginen diren gainontzekoetan ere, planaren zirriborroan jasotako alternatiben inguruan eztabaidatu eta kontsentsuak lortzen saiatuko dira. Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuaren asmoa da Nafarroako Hiri Hondakinen Plan Integratua uda bukatu aurretik idatzia izatea da.

Parte hartze prozesuarekin departamentuak honako helburuak lortu nahi ditu. Batetik, plana aurkeztea, kontsulta prozesua errazteko eta planaren informazio aipagarria zabaltzeko, horrekin egungo egoeraren diagnosiaren berri emanez. Bestetik, plan berriaren helburuak eta neurria zehaztu nahi ditu, hondakinak bildu eta tratatzeko alternatiben artean aukeraketarako argudioak emanez. Hala, kontsentsu gutxien duten gaien inguruan gizarteak hausnartzeko espazioak sortu nahi ditu. Eta, azkenik, planean gehitu daitezkeen proposamenak jasotzea.

Planaren helburuak
Sakanako Mankomunitateak eta Sustrai Erakuntza fundazioak auzitara eraman zuten Nafarroako Hiri Hondakinen Plan Integratua 2010-2020 eta Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman zien. Horren ondoren plan berria egiten hasi da, 2025era arteko indarraldia izanen duena.

Plan berria Europako Batasunak ezarritakoari egokitzen da, hau da, hondakinen sortzearen prebentzioan indarra egiten du eta hondakinen deuseztatzea ahalik eta gutxien egitea sustatzen du. Besteak beste, honako helburuak jarri ditu departametuak 2025erako: 2010rekin alderatuta etxeetako hondakinak %10 murriztea, hondakin organiko biodegragarriak herrialde guztian jasotzea eta horien %70 birziklatzea, hondakinen %100 tratatzea, ontzien %90 birziklatzea eta eraikuntzako eta eraisketetako hondakinen %70 baliatzea.

Agiriak eta informazioa
Planari eta parte hartze prozesuari buruzko agiriak eta gainontzeko informazioa Nafarroako Gobernuaren web orrian dago ikusgai, Ingurumen atalean.