Ama Lurra azoka: Sakanako lehen sektorearen erakusleihoa

Guaixe 2016ko api. 22a, 10:31

Igandean, 10:00etatik aurrera.

Abeltzaintzako eta nekazaritzako ekoizpen eta kontsumo arduratsuko hitzorduak bosgarren edizioa du aurten. Ibarreko lehen sektoreko ekoizleak biltzen dituen Belardi elkarteak sustatzen du azoka, Etxarri Aranazko Udalarekin batera. Euren helburua Sakanako lehen sektorea jendaurrean erakustea da. Horrekin batera, ekoizleen eta herritarren arteko harremana indartzea, kontsumo tokiko-kateen sorrera bulkatuz.

Sakanako nekazari zein abeltzain taldeak ekoizpen ereduan ematen dituzten berrikuntzarako pausoak ere azalduko dituzte. Horien artean dago, esaterako, Etxarrin egindako Bokashia ezagutzeko aukera (Belardi, Uztarri eta Ximaurpila). Bokashia nekazaritza biologikoaren teknika aitzindari baten bidez lortutako ongarri organiko naturala da, ingurumena errespetatzen duena. Nekazaritza eta abeltzaintza organikoko materialen erakusketa ere ikusteko aukera izanen da.

Ohi bezala, ibarreko azienda (behiak, behorrak, ardiak, astoak, euskal txerriak…), lan tresnen, elikadura sistemaren faseen erakusketak izanen dira. Etxarriko herri-baratzek euren jardueraren berri emateko informazio-gunea izanen dute. Udaberrian artaldeak mendira igo aurretik artzainek bi langintza dituzte: ardiei ilea moztea eta, batez ere, gazta egitea. Bi egiteko horien erakustaldia izanen da Etxarri Aranatzen.

Azoka gardenean Sakana eta EHN-Bizilurreko 20 bat postu izanen dira. Azokatik pasatzen direna ezti ekologikoa, ardoa, arrautza ekologikoak, ukenduak, ogia, gozoki eta barazki ekologikoak, zein ohiko eta ekologiko erako behi eta ardi esnekiak, Pirinioetako patatak, edota behikia, ardikia, euskal txerrikia eta karakolak, besteak beste  erosteko aukera izanen da.

Belardi
Azoka gardena antolatzearekin batera, lehen sektoreari duintasuna eman eta berreskuratzeko bestelako jarduerak antolatzen ditu; prestakuntza eta tradiziozko salmenta zuzeneko bideak berreskuratzea (azokak).



Egitaraua
10:00etan Azoka-irekiera.
11:30etik aurrera erakustaldiak: ardien ile-moztea eta gazta egitea.
12:00etan Euskal txerri errea dastatzeko aukera.
12:30ean Haurrendako antzerkia.

Goizean zehar:
Etxarriko gaiteroak herrian barna.