Eskuz bikain moldatzen dira ere

Guaixe 2016ko api. 26a, 10:00

Yanira Aristorena eta Maite Ruiz de Larramendi palistek I. Torneig de Pilota Má Femení txapelketa irabazi dute Bartzelonan, eskupilotan

Asteburuan emakumeen eskuzko pilota txapelketa jokatu da non eta Bartzelonan. Bertan lehiatu dira, besteak beste, Yanira Aristorena palista etxarriarra eta Amaia Jaka. Zehazki, I. Bartzelonako Emakumeen Esku Pilotako Txapelketa jokatu da, I. Torneig de Pilota Má Femení. Yanira Aristorena eta Maite Ruiz de Larramendi palista ezagunak dira, baina eskupilotan ongi moldatzen direla demostratu dute, aipatu txapelketa irabazi baitute. “Guztira 50 bikotek hartu dugu parte Bartzelonako Txapelketan, haurren mailan, 2. Mailan eta 1. Mailan. 1. Mailan 12 bikote geunden. Sakanatik Amaia Jaka eta ni joan gara. Nik eta Maite Ruiz de Larramendik elkarrekin jokatu genuen” adierazi digu Aristorenak. Hasierako ligaxkan bi partida jokatu zituzten eta finalerdietarako sailkatu ziren. “15 eta 8 irabazi genien Patriri eta Ainhoari. Eta finalean Leitzako Iera eta Ainara izan genituen aurkari, lagun onak. 15 eta 7 irabazi genien. Oso partida politak izan dira, giro aparta eta primerako antolakuntza” nabarmendu du bere etxeko apalategirako beste txapel bat lortu duen etxarriarrak. Amaia Jakak hasierako ligaxkako partida bat irabazi eta beste bat galdu zuen, eta ez zen final erdietarako sailkatu.