Gizarte eragileak langilearen egunean kalean

Guaixe 2016ko mai. 5a, 18:56

Langile eguna zela eta Sakanako hainbat gizarte eragilek deituta 150 bat pertsonek manifestazioa egin zuten Altsasun igandean. “Denon indarrak batuta itotzen gaituen sistema txikitzera goaz, Sakanako etorkizuna berreraikiz”. Ibilbidean zehar ikasleen, feministen, ingurumenaz kezkatutakoen, indar errepresiboen aldegitea eskatzen dutenen, gazteen eta besteren aldarrikapen sektorialen berri eman zituzten.

Lan munduan hizkuntzaren erabilera ez dela bermatzen salatu zuten, “orokorrean kontuan hartzen den azken alderdia da”. Emakumeek dituzten lan baldintzarik okerrenak eta okerren ordaindutakoak dituztela nabarmendu zuten.  Adierazi zutenez, “hezkuntzaren egoera negargarria da gaur egun” eta indarrean jarri diren lan erreformen helburuak “kapitalak behar duen langileria ekoiztea da”. Kapitalismoak ingurumenean eragiten dituen”ondorio larriak” nabarmendu zituzten. Guztiak gazteria “bizitza prekariora” zigortzen duela adierazi zuten. Sindikatuei dagokienez, LABek ibarrean egin zuen ekitaldia eta gainontzekoek Iruñean.