Etxarri Aranatz, Bakaiku, Sakana: erabakitzeko eskubideari bidea ematen

Guaixe 2016ko mai. 24a, 12:58

Gure Esku Dagok jakinarazi du heldu den urtean ibarreko hainbat herritan galdeketak eginen direla.

Kataluniako ereduari segituz, Euskal Herrian estreinakoz, 2014ko apirilaren 13an Etxarri Aranatzen  independentziari buruzko herri galdeketa egin zen. Aurtengo azaroaren 27an lekukoa hartuko du Bakaikuk. Bada, herri galdeketek heldu den urtean segida izanen dute Sakanan. Hala jakinarazi zuen Gure Esku Dagok larunbatean Lakuntzan egindako ekitaldian.

Gure Esku Dagoren izenean Anabel Arraizak adierazi zuenez, “herritarron garaia da eta erabakiaren aroan guztiz murgildurik gaudela, lau haizetara sakandarron momentua dela zabaldu nahi dugu”. Etxarriarrek “ erabakiaren lehenbiziko hazia landatu” zutela eta Gure Esku Dagok bide horretan sakondu nahi duela adierazi zuen: “elkarlanerako zubiak eraiki, berdinen artean erabakia gauzatzeko”. Bakaikuarrek egin bezala, “elkartu, adostu eta erabakia gauzatzeko” deia egin du Gure Esku Dagok. Erabakitzeko eskubideari bide ematera eta herritarrek eskubide horren aitzindaritza hartzea zilegi jo du.

Horregatik, Gure Esku Dagotik ezinbesteko jo dute “norbanakoen gogoa eta konpromisoa. Ahalduntze demokratikoan gutako bakoitza protagonista izan behar delako, ez dezatela erabaki guregatik.” Etxarrin, Bakaikun eta atzerrian “guztiz egingarria” dena Sakanan aurrera eraman ahal izateko sakandarrak herrietan deituko diren batzarretan parte hartzera gonbidatu ditu Gure Esku Dagok.

Protokoloa
Gure Esku Dagok orain dela urte bete egindako protokoloan jasotzen denez, 1.000 biztanle baino gehiago dituzten herrietan biztanleen %10en babesa jaso behar da galdeketa egin ahal izateko. Mila biztanletik beherako herrietan, berriz, %15arena. Protokolo horretan ere zehaztua dago elkarte pribatu batek sustatuko duela galdeketa eta toki pribatuan eginen dela. Botoa sekretua izanen da eta galdeketa egunean 16 urte edo gehiago dituzten pertsonek parte hartzeko eskubidea izanen dute. Boto errepikapenak ez direla izanen ziurtatzeko informatika programa erabiliko da. Bestalde, galdeketek berme eta jarraipen batzordeak izanen dituzte, baita atzerriko eta bertako begiraleak ere.