Tokiko garapenari buruzko mintegia

Guaixe 2016ko eka. 2a, 19:38
Francisco Alburquerquek zabaldu zuen jardunaldia.

Garagartzaroko aurreneko hiru asteazkenetan Altsasuko Iortia kultur gunean izanen dira, 16:30ean hasita.

Tokiko garapenari buruzko mintegia atzo hasi zen. Francisco Alburquerque Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktoreak (Madrilgo Complutense Unibertsitatea) mustutze hitzaldia eman zuen. Hizlariak lehenik azpimarratu zuen garapena ez dela soilik ekonomikoa, tokian duen eragina ere badela. “Arazo soziala da, ekonomikoa baino”. Bestetik, eskualdeko aktoreak identifikatu eta haien arteko elkarlanaren alde egin zuen. Behetik gora, herritarretatik erakundeetara, eraikitzearen alde agertu zen, goiko erakundeen laguntzarekin. Ezinbesteko jo zuen eskualde egiturak indartzea, norberak bere lana egitea eta erakundeen arteko komunikazioa sustatu beharra dagoela gaineratu zuen.

Horrekin guztiarekin batera, ingurumen jasangarritasunaren alde azaldu zen: “epe luzera begiratu beharra dago. Orain gastu bat dirudiena etorkizunean inbertsioa izan daiteke”. Prestakuntzan eta ekoizpenean dauden eragileen elkarlana aldarrikatu zuen. Garapena kate gisa ikusteko eskatu zuen (lehengaiaren jatorria, eraldatzeko modua, energia, hondakinak…)Teknologia berriak erabili katebegi bakoitzean hobetu beharrekoa zer den identifikatu eta horrela hobetu daitekeela adierazi zuen.

Sakanako Mankomunitatearen eta Sakanako Garapen Agentziaren ekimen horrekin ibarreko hainbat alorretako eragileak tokiko garapena kudeatzeko politiketan trebatu nahi dituzte. Beraz, Sakanaren garapenean ariko den guztia dago gonbidatuta. Mintegira joaten direnek Tokiko garapenari buruzko informazio orokorra jasoko dute (tokiko garapena kontestuan jarri, lurraldearen ezaugarrietan oinarrituriko politikak, Europatik datozen ereduak...), eskualdeko garapen estrategiak nola eraiki diren eta nola artikulatzen ikasteko balioko du eta tokiko garapen estrategietan jarduera ildo esanguratsuenen adibide praktikoak (arrakasta kasuak) ezagutzeko aukera emanen du.


Egitaraua
Garagarrilak 8, asteazkena
Orkestra, Lehiakortasunerako Euskal Institutua. Iñigo Ruiz de Apodakak Deustuko Unibertsitateak Deustu Fundazioaren bidez sustatzen duen ekimenaren berri emanen du. Orkestrak hainbat ikerketa lerro erabiliz lehiakortasuna eta lurralde garapena ikertzen ditu. Hori hiru helbururekin egiten du: Euskadiren lehiakortasuna hobetzeko ekarpena egitea, herritarren ongizatea hobetzea eta lurralde lehiakortasunean jakintza sortzea.

Orkestra lan taldeak ikerketa eraldatzailea sustatzen du 2006tik. Analisia, hausnarketa, ebaluazioa eta ekintzen etengabeko proposamenak dira ikerketa ildo horren adierazgarriak. Guztia, aztertutako arazoei erantzun berritzaileak emateko eta, bide batez, ezagutzan sakontzeko.

Bere jardunak Orkestra elkarlan publiko-pribatuaren arrakasta eredu bihurtu du. Hainbat sarerekin, enpresarekin, gobernurekin eta erakunderekin makina bat proiektutan lan egiten du. Euskadiren lehiakortasuna sustatzeko agente garrantzitsua izateaz aparte, testuinguru globalean eskualde lehiakortasunaren analisian nazioarteko erreferente bilakatu da.  


Garagarrilak 15, asteazkena
Azaro fundazioa (www.azarofundazioa.com). Ainhoa Arrizubieta Zabalak Lea Artibai eskualdean enpresa berriak sortu eta enpresa sarearen lehiakortasuna hobetzea helburu duen fundazioaren berri emanen du. Erakundeak honako zerbitzuak eskaintzen ditu: eskualdean ekonomia-jarduera berriak sortzea eta lehen urteetan haiek laguntzea; berrikuntza proiektuetan eskualdeko enpresei laguntza ematea (produktuan, zerbitzuetan, prozesuetan, merkatuan, kudeaketa eta antolakuntza); lehiakortasuna hobetzeko proiektuak (planifikazio estrategikoak, marketing planak, finantza eta ekonomia ikerketak, bideragarritasun planak…) eta behatokia, negozio eta berrikuntza aukera berriak identifikatzeko.