Euskararendako bide eske

Guaixe 2016ko eka. 3a, 09:16

Kontseiluak manifestaziora deitu du bihar Iruñera; 17:30ean Golemetik abiatuko da. Nafarroako Gobernuari euskararen aldeko politika ausartagoak eskatuko zaizkio eta, aldi berean, hartzen dituen neurrietan babesa emanen zaiola adierazi nahi da.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak nafar euskaltzaleak manifestaziora deitu ditu. Bide eman euskarari. Euskaraz bizi nahi dugu leloa izanen du biharko manifestazioak. Duela sei urte euskaraz bizitzeko nahia adierazi genuen makina batek Iruñean. Orduko hartan Nafarroako Gobernuak hartutako neurrien kontra protesta egiteko izan zen. Gobernu aldaketa izan den honetan, euskaraz bizitzeko aldarria berriro Iruñeko kaleetara eramanen dugu nafarrok. Nafarroako Gobernuari euskararen aldeko neurri ausartak hartzeko eskatu eta euskarari bide ematen dion neurrian babestuko dugula adierazteko.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok joan den urtean Anaitasunan egindako ekitaldia gogora ekarri zuen, aldaketa euskaratik eman behar dela aldarrikatuz. Orduko hartan euskara berreskuratzeko lau zutabe sendo behar direla adierazi zen: lege marko egokia, hizkuntza politikaren planifikazioa, baliabide egokiak edo inbertsioa eta, azkenik, komunitatea. Euskaltzaleak bihar Nafarroako Gobernuari eskatuko diote euskarari bide emateko, “neurri ausartak hartuz. Hizkuntza-politika eragingarri batek emango dio bide euskarari. Jauzia egiteko garaia dela uste dugu.”

Kontseiluan “kezkaz hartu genuen Euskararen lege murriztailea aldaketaren Gobernuaren desadostasunetan sartu izana. Eta, uste dugu, honez gero, bestelako neurriak hartuak egon zitezkeela, besteak beste, euskararen desagertzea eragiten zuen 29/2003 Dekretua, etab. Nafarroako administrazioa euskalduntzeko plangintza abian jartzea ere ezinbestekotzat jotzen dugu. Eta baliabideetan, abenduan aurrekontuen azterketan adierazi bezala, jauzia eman behar delakoan gaude”. Horregatik, hizkuntzaren aldeko “neurri eragingarriagoak hartzeko, eta ondorioz, euskarari bide emateko eskatuko dugu”, azaldu du Kontseiluko eledunak.

Bilbaok argudiatu duenez, euskarari bide ematea “justiziazkoa da, oreka soziala bermatzeko beharrezkoa delako. Harritu gaitu azken hilabeteotan hizkuntza-eskubideen bermeari begira hartu diren erabaki batzuek zer-nolako erantzuna jaso duten. Eta hori ere azpimarratu behar dela uste dugu, neurri eta keinu batzuk egon dira. Halere, harritu ez ezik, haserretu ere egin gaitu, batzuk nola aztoratu diren, are gehiago kontzeptu batzuk oso modu interesatuan erabili direlako. Benetako eztabaida saihestu nahi izan dute: berdintasuna erdiesteko, herritar guztien eskubideak behar bezala bermatzeko, gizartean bizikidetza egongo dela segurtatzeko… Horretarako guztirako neurriak hartu behar dira. Hori guztia ere agerian utzi nahi dugu bihar”. Manifestazioak herrialdean euskaraz bizi nahi duten nafarrak ere badela erakusteko balioko du.