Sakanari buelta bizikletan

Guaixe 2016ko eka. 7a, 11:34

135 txirrindularik osatu zuten VI. Sakana Burunda txirrindularitza martxa. Uharte Arakildik San Migeleko kronoigoeran Daniel Armendariz izan zen azkarrena (33:33)

Larunbat goizean 135 txirrindularik ekin zioten Barranka Txirrindulari Taldeak hainbat babesleren laguntzarekin antolatutako VI. Sakana Burunda txirrindularitza martxari, aurreko urtean baino gutxiago. Euria zegoen iragarria eta akaso horregatik jende gutxiago animatu zen. Baina pronostikoak okertu egin ziren, primerako eguraldia egin batzuen.

Txirrindulariek bi aukera zituzten. Ohiko ibilbidea, luzea (124 km), tartean Uharte Arakildik San Migelera igotzen zena, eta laburragoa (100 km), San Migelera igotzen ez zena. Gehienek, 85ek, aukera luzearen alde egin zuten. Tropel guztia batera atera zen. Lehenik eta behin, Ziordiraino joan ziren, bertan buelta hartu eta Olaztitik Altamira igo eta jaitsi egin zuten, zuzenean Etxarri Aranatzera joateko. Handik Lizarragako katea igo zuten eta Arbizutik jaitsi ziren, segidan Uharte Arakilera heltzeko. Proba luzea hautatu zutenek San Migel igo zuten eta ondoren Barabairtik Oderitzera iritsi ziren eta Madotzeko portua jaitsi ondoren, Urdiaineraino iritsi ziren, San Pedrotik barna Altsasura heltzeko. Aldiz, ibilbide laburrekoek Uharte Arakildik aurrera jarraitu zuten, Zuhatzuraino, eta han buelta hartu eta gero Urdiainera joan ziren, San Pedrotik Altsasura heltzeko.

San Migelen Daniel Armendariz azkarrena
Sakana-Burunda proba ez lehiakorra da, baina Uharte Arakildik San Migelerainoko igoerako denborak hartzen dira, probari saltsa emateko. Aurten azkarrena Faltzesko Daniel Armendariz izan zen (33:33), baina ez zuen CArlos Palaciosek ezarritako errekorra gainditu (30:27). Bigarrena Iñigo Arellano altsasuarra izan zen (34:51).

Behin helmugara iritsita txirrindulariek paella bikaina bazkaltzeko aukera izan zuten. Gainera, oparia jaso zuten. Probaren antolakuntza bikaina nabarmendu zuten txirrindulariek. 25 pertsona aritu ziren lanean guztia behar bezala antolatzeko.

Altsasuko BTT Zeharkaldia, asteburuan
Sakana-Burunda martxa bukatuta, Barranka Txirrindularitza Taldekoak igandean jokatuko den Altsasuko BTT Zeharkaldia antolatzeko lanean dabiltza buru-belarri.  

Sakandarrak San Migelgo kronoigoeran
1.Daniel Armendariz: 33:33
2.Iñigo Arellano: 34:51
4.Mikel Sarasola: 36:13
9.Jaime Olza: 38:08
11.Tomas Guirado: 38:59
16.Xabier Seco: 40:10
18.Iker Estarriaga: 40:38
21.Iñigo Razkin: 40:47
24.Joseba Juango: 41:03
36.Jesus Goena: 44:09
43.Iñaki Alvaro: 45:47
52.Jon Arellano: 48:21
57.Javier Arellano: 48:56
72.Jabier Razkin: 52:38
77.Iñaki Ganuza: 54:40
78.Iñaki Andueza: 54:44
82.Aitor Malpartida: 56:44
83.Jose Luis Galparsoro: 1:01:23