Idomeni, Europa lotsagorritzen den tokia

Guaixe 2016ko eka. 10a, 09:09

Grezian dagoen herria da Idomeni, Mazedonia mugaren ondoan. 6.500 errefuxiatu hartzen zituen kanpalekua maiatzaren 24an hustu zuten. Aurretik han izan ziren boluntario Amaia Urriza etxarriarra eta Sergio Moro altsasuarra eta han bizitakoa kontatu digute.

“Errefuxiatuen krisia”. Halaxe izendatu dute Ekialde Hurbileko, Asiako eta Afrikako gatazketatik ihesi Europara bizi hobe baten bila migratu duten pertsonen errealitatea. Amaia Urrizak eta Sergio Morok, beste askok bezala, hedabideen bidez jasotzen zuten horren berri. Urrizak dioenez, “ikusten duzu jendea gerra batetik ihesi doala. Baina urrutiko gauza bezala ikusten duzu; han daude! Ez duzu haien egoeraren berri zuzenik.” Morok joateko arrazoia azaldu digu: “badakigu han gatazka bat dagoela. Hara joanen gara zer dagoen ikustera.”

Urrizak zehaztu: “Bartzelonako lagun batek apirilean joatea proposatu zigun. Lana dela eta ezin genuen”. Baina egunero irudiak ikusten zituzten eta Aste Santuko oporrak Idomenin boluntario gisa pasatzea erabaki zuten. “Egoera ezagutu eta bakoitzak bere ondorio propioak ateratzeko.” Aste bateko egonaldia izan behar zuena bi astekoan bihurtuko zen azkenik; “beti dago zereginen bat.”Joan-etorriak eta egonaldiko gastu guztiak bikoteak ordaindu zituen.



Grezian
Idomenitik, autoz 20 minutura, dagoen herri txiki bat da Polikastro. “Errepide ondoan hotel txiki bat dago. Han Gobernuz Kanpoko Erakundeetako (GKE) kideak eta boluntario independenteak elkartzen ziren” zehaztu digu Morok. Goizero, 8:00etan, bilera egiten zuten: “boluntario berriei harrera egin, orientatzeko, handik nola mugitu, non jan, dauden GKE berri eman, bakoitzaren zeregina azaldu, zein lanetan parte hartu ahal genuen…” azaldu digute biek. Zereginak zerrendatu ditu Morok: “GKE batzuk bazkariak prestatzen dituzte, beste batzuk jolasak, beste batzuk arropa banatzen zuten…”Boluntarioek elkarrekin harremanetan egoteko whatsapp talde bat zutela ere argitu digute. “Egunero zein behar zituzten jakinarazten zuten: 12:00etan arropa banatzeko laguntza behar dugu. Ahal zuena hara joaten zen”.

Urrizak “gogorra izan zen. Iristea eta bat-batean hainbeste jende, hainbeste kanpin-denda, edozertarako ilaran itxaron beharra (bazkaltzeko, afaltzeko, arropa eskatzeko). 11.000 pertsona zeuden”. Morok: “gu iritsi ginen egunean muga irekiko zutenaren zurrumurrua zabaldu zen. Errefuxiatu asko Atenastik, Tesalonicatik eta Polikastrotik Idomenira igo ziren”. Trenbideak moztuak zeuden. “Puntu batean protesta gune baketsu bat zegoen. Iritsi ginenean oso gogorra izan zen. Errefuxiatu batek jaioberri bat eskutan hartu zuen eta megafonotik esan zuen: ume hau gure etorkizuna da. Gure etorkizunagatik borrokatuko gara! Han dagoen egoerarekin kontziente izaten hasten zara. Benetan, oso gogorra.”



Errefuxiatu eremua

Idomeni 50 bat biztanleko herri txikia da, nekazaritza jarduera nagusi duena. Hango trenbidea moztu eta inguruko soroak eta zelaiak Europako ametsaren ate bihurtu ziren milaka errefuxiaturendako. Ondoan beste hiru kanpaleku txikiagoak zeuden (Jara, Bepe eta Eco, gasolindegiak). Errefuxiatu gehienak siriarrak ziren. Aljeriakoak, Marokokoak, Kurduak, Afganistangoak, Pakistangoak… “denetarik zegoen”. Morok argitu digunez, errefuxiatu askoren jomuga Alemania zen, han familia baitute. Zazpi muga pasa behar zituzten hara iristeko. “Hasieran Idomenitik zeharkatzen zuten muga. Mazedoniako Gobernuak hesia jarri zuen arte. Muga haren kontra, pixkanaka-pixkanaka errefuxiatuak pilatzen joan ziren”. Horrela sortu zen errefuxiatu eremua.

11.000 pertsonetatik erdia haurrak izanen ziren. Kanpalekua deskribatu digu Urrizak: “bi hilabeteko gauza izan zen eta dena inprobisatua zen. Kanpin-dendak ziren denak, ez dute txabolak eta izateko denborarik izan.” Mugarik Gabeko Medikuak GKEk karpa handiak jarri zituen eta haietan 150 bat ohatze zeuden. “Karpa bakoitzean 300 pertsona sartzen ziren.” Jatekoak kamioietan biltzen zuten, arropa furgonetetan. “Komuna berde txiki horietakoak jarri zituzten. Dutxak, gu joan ginenean haurrendako jartzen ari ziren. Ezer ez zegoen prestatuta”, ziurtatu digu Urrizak. Eta Morok gaineratu: “Idomeni herrian iturri bakarra dago. Ura hartzeko hodi batzuk prestatu zituzten baina 11.000 pertsonendako hiru hodi ziren.”

Han opatutako pertsonez ere galdetu eta “denetarik” dagoela ziurtatu digute: “bakarrik dauden haur asko daude, familia itsaso-zeharkaldian edo gerran galdu dituztenak; bakarrik dauden gazte asko; familiak ere.” Familiak elkarrekin egoteaz arduratzen ziren elkarteak bazeuden, kanpin-denda handitan sartzen zituztenak. Etnien edo herrialdeen arabera banatzen ziren.


Zereginak

Moro: “Kataluniako suhiltzaile batzuekin elkartu ginen gu. Arratsaldero haurrendako janari poltsak prestatzen zituzten. Poltsak gauetan banatzen genituen. Gauetan, errefuxiatuak lasaiago zeudelako eta banatzea errazago zelako, asko euren kanpai-dendetan zeudelako. Bestela, beharragatik inguruan pilatzen dira”. Eguneroko lan horretaz aparte, bikotea beste GKEetara jotzen zuten euren burua lanerako eskaintzera; “goizak nahi genuena egiteko libre genuelako”, azaldu du Urrizak.

Horregatik, beti whatsappean zeuden laguntza eskaerei adi zeuden. Hala, oheak muntatzea eta beste makina bat zeregin egin dituzte. Moro: “egun santu guztia gauzak egiten egon zaitezke, ez duzu bukatuko. Askotan ohera sartu eta: badakizu zer ahaztu zaigun? Zer? Afaltzea, ez dugu afaldu. Edo 17:30ean bazkalduko genuen”. Urriza: “Goizean-goiz jaiki eta martxan-dinamikan sartzen zinen”. Zein behar zituzten jakinda Idomenira joaten ziren. Errefuxiatuekin elkartzen zirenean zituzten premiez ere galdetzen zieten: “justu ailegatu berri gara eta ez dugu kanpai-dendarik. Biltegira joan eta eramaten genien. Lo zaku eta mantekin batera.”

Boluntarioen whatsapp taldeak zein lan zegoen jakiteko balio zuen moduan, besterako ere balio zuen: poliziak moztutako errepideen berri jaso eta Idomenira iristeko moduak jakiteko, esaterako. Errefuxiatuendako ere oso tresna erabilgarria bihurtu da telefono mugikorreko aplikazio hori. “Haien familiekin komunikatzeko tresna zen. Telefonoan dituzte familia eta lagunen kontaktuak. Pentsa, etxetik ez dakit zenbat km-ra daude eta telefonoa galtzen badute dena galdu dute”, azaldu du Urrizak. Errefuxiatuen beharra ikusita elkarte batek Idomenin wifi sarea eta mugikorrak kargatzeko koadroa jarri zuen.

Idomenira iristen zen laguntza bakarra GKEk eta boluntarioek emandakoa zen. “Greziako Gobernuak ez du dirurik jarri. Europak ezta ere. Greziarendako ez da batere erosoa. Hainbat kanpalekutan milaka pertsona ditu. Europan barna ere kanpaleku asko daude.” Europako Batasunaren eta Turkiaren arteko akordioaren ondoren errefuxiatuak Greziara iritsi ahala Turkiara bueltan bidaltzen dituzte orain.



Egun bat

“Haien errutina oso gogorra da” aitortu du Morok. “lo-zakutik altxatu, bazkaltzeko ilara egin behar, arropa eskuratzeko ilaran zain egon behar, gauza bera afaltzeko. Ohera. Eta hurrengo egunean berdin.” Aisialdirako ezer ez dagoela gaineratu du Urrizak: “egunero mugaraino joan-etorria pasiatzen egiten zuten lagun batzuk genituen.” Morok ziurtatu duenez, “haiek ere laguntzen zuten. Ezer ez egiteko ez dute eta beharrezkoa dute aisialdi hori azkenean.” Urrizak nabarmendu duenez, ingelesa zekiten errefuxiatuak GKEendako itzultzaile gisa oso baliagarriak ziren. “Haiek boluntario gisa aurkezten ziren. Haien laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke” ziurtatu du Morok.  
 
Jendearekin harremana egitean “aurretik ezagututako istorio okerra baino okerragoa ezagutzera” eraman zituen. Azkenean kanpalekuko miseria eta ezagututako istorio gogorrak “normal” egin zitzaizkien; “hau da dagoena, kitto! Egunetik egunera bizitzen. Goizeko 2:00etan, nekatuta, lehertuta ohera iritsi eta lo egiten duzu”, azaldu digu Urrizak.

Idomenin zeuden pertsona ekonomia-baliabideak izandakoak dira. “Ez dutenak ezin dira pasa eta gerrate erdian gelditzen dira.” Turkiatik Greziara pasatzeko txalupara igotzeko pertsonako 1.000 euro ordaintzen zieten mafiei. Moro 15 urteko neska batez gogoratu da: “amarekin eta hiru ahizpa-anaiekin zegoen. Bakoitzak 2.300 euro ordaindu zizkion Greziako mafiari muga pasatzeko. Baina ordaintzeak ez zuen esan nahi ailegatuko zirenik.” Familia horrekin eta besteekin whatsapp bidezko harremana dute eta han zeudela Serbiara iritsi zirela eta gaur egun Alemanian daudela dakite. Beste lagun bat Austriako kanpaleku militarizatu batean dago.

Beste asko Idomenin daude. “Eta mugak irekiko direnaren esperantza dute. Hori niretako gogorrena da” aitortu du Urrizak; “berririk badagoen galdetzen zizuten eta ezetz esaten genien. Gainera, asmorik ez dagoela ikusten dugu. Egoerak horrela jarraituko du, ez dakit noiz arte”. Mororen iritziz, “itxaropenak mantentzen ditu. Horregatik, familiarekin egoteko behar zuten bakarra mugak irekitzea zela esaten ziguten. Guk gerra batetik ihes egin dugu eta familiarekin egon nahi dugu. Ez dugu ezer eskatzen.”

Urrizak errefuxiatu batzuen iritzia ere eman digu: “jakin izan bagenu Grezian egoera hori bizi behar genuela, ez ginateke Siriatik mugituko. Eta ez duzu imajinatzen Sirian egun bat nolakoa den. Hori esaten ziguten.” Morok askoren iritziz gogoratu da: “hobe han bonbekin hiltzea, hemen hiltzea baino”. Bidaian, txalupetan, beldurrik izan ote zuten galdetzen zietenean jasotzen zuten erantzuna zen: “txalupetan pozik geunden, gerratik ihes egin dugu! Bidaian hil behar badugu, hilko gara. Halakoak entzutea oso gogorra da, gurasoek seme-alabak txalupa batean igotzen dituenerako oso etsitua egon behar du.”

Haien eskuzabaltasuna ere nabarmendu Morok. “Dutena ematen dizute. Afaltzera, tea hartzera… gonbidatzen dizute. Haiek arropa premia zutenean ere, nire urtebetetzean praka batzuk oparitu nahi izan zizkidaten. Pasa da. Oso pertsona onak dira. Haien erru bakarra Sirian jaiotzea izan da.”



Hedabideak

Idomenin pila bat zeudela esan digute. “Kamerak non-nahi zeuden. Hori bai, nahi zutena grabatzen” azaldu digu etxarriarrak. “Sentsazionalismoa azken finean. Jendea oso lasaia da. 11.000 pertsonen artean bat urduri jartzen bada, hara joaten ziren guztiak” gogoratu du Morok eta egun bateko gertakaria nabarmendu digu: “Mazedoniarako errepidea protesta baketsuan moztu zuten. Haiekin eseri ginen gu ere. Kazetari ingeles batek gu elkarrizketatu nahi izan gintuen eta ezetz esan genion eta alde egin zuen. Mutiko bat, bat-batean garraxika hasi zen eta halako batean inguruan 15 kamera eta mikrofono zituen. Eta esaten genuen: hau da geldituko dena, ikusiko dena?” Urrizak azaldu duenez, “denak lasai geunden, baina urduri zegoen gizonaren irudiak besterik ez zituzten eman eta, horrek, kriston amorrua eman zidan.”



Ondoren

Idomenin bizitakoa “ezin ahaztu, ezta nahi ere” Morok esanda, “bueltatutakoan ezin da orria pasa”. Egoera ezagututa hemendik ezer ez ezin dela egin sentitzeak “kriston inpotentzia” sortzen dio Urrizari. Errefuxiatuekin harremana mantentzen dute eta “askotan ongi daudela jakitea, asko da”, aitortu digu Morok.

Haiek ezagututako errefuxiatu eremurik dagoeneko ez dago, Greziako poliziak hustu egin zuen eta errefuxiatu asko kanpaleku militarizatuetara eraman zituzten. “Nahiz eta telebistak ez duen esaten, inguruan berriak sortu dira eta aurretik gasolindegietara zeudenetara joan dira errefuxiatu asko. Oraindik muga pasatzeko itxaropena dute”. Ez dituzte hustu zuteneko irudirik ikusi nahi izan.

Kanpamentu militarizatuetan haiek egoki jotzen dituztenak besterik ez dira sartzen, ez boluntariorik ez kazetaririk ez inor. “Gu han ginela Acnur erakundeko kideak besterik ez ziren sartzen. Ez dakit zein egoera izanen den.” Han zeudela kanpamentu militarizatu batean gutxiengo etniko bateko errefuxiatuak lurralde bereko gehiengo etnikoko jendearekin sartu zituzten eta hiruk labankadekin bukatu zuten.

Hemendik “asko ezin dela egin” uste du Morok: “alde batetik, ikusitakoa salatu”. Errefuxiatuen alde Iruñea aterpe hiri izateko lanean ari den taldean behar bada sartu eginen da bikotea, “informatzeko eta salatzeko”. Urrizak gobernuei presioa egin beharra nabarmendu du, “ia egoera aldatzen den. Europak esan zuen herrialde bakoitzak hainbat errefuxiatu hartuko zituela. Ez dute egin”. Eta isunen mehatxuagatik eginen dutela uste dute.

Morok zehaztapen bat egin du: “Pertsona horiek ez dira errefuxiatuak. Gaztelaniaz, aterpea dutenak dira. Pertsona horiei Europako Batasunak ez die inolako aterperik eman. Han ahaztuta utzi dituzte eta boluntarioen laguntzarik gabe egoera askoz ere okerragoa litzateke. Egoera oso gogorra pixka bat arindu besterik ez dugu egin”.

Moro: “hara joateko prest egon behar duzu. Baina gogorra bueltatzea da. Ezin laguntzea. Hori oso gogorra da”. Hala ere, bikoteak errefuxiatu eremuetara laguntzera joan nahi dituzten guztiak animatu dituzte. Calais, Lanpedusa, Idomeni, Ceuta, Melilla…