Toki garapen esperientziez ikasten

Guaixe 2016ko eka. 10a, 09:21

Tokiko garapenari buruzko mintegia heldu den asteazkenean despedituko da Azaro fundazioaren berri emanez. Altsasuko Iortia kultur gunean izanen dira, 16:30ean hasita.

Tokiko garapena kudeatzeko politiketan formatzea, hori du Sakanako Garapen Agentziak antolatutako mintegiak. Francisco Alburquerque Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorearen aurreneko hitzaldiaren ondoren, herenegun Orkestra, Lehiakortasunerako Euskal Institutuko Iñigo Ruiz de Apodakaren txanda zen, baina azken unean ezin izan zuen etorri. Bere ordez Oarsoaldeko Garapen Agentziako Fernando Nebreda etorri zen. Gipuzkoako esperientziaren berri eman zuen. Nebreda Euskal Autonomia Erkidegoko garapen agentzien elkarteko, Garapen-eko buru ere bada. Haien arteko koordinazioari eta elkarlanari buruzko argibideak eman zituen.

Azken saioa
Heldu den asteazkenean Azaro fundazioko (www.azarofundazioa.com) Ainhoa Arrizubieta Zabalak Lea Artibai eskualdean enpresa berriak sortu eta enpresa sarearen lehiakortasuna hobetzea helburu duen fundazioaren berri emanen du. Erakundeak honako zerbitzuak eskaintzen ditu: eskualdean ekonomia-jarduera berriak sortzea eta lehen urteetan haiek laguntzea; berrikuntza proiektuetan eskualdeko enpresei laguntza ematea (produktuan, zerbitzutan, prozesuetan, merkatuan, kudeaketa eta antolakuntza); lehiakortasuna hobetzeko proiektuak (planifikazio estrategikoak, marketing planak, finantza eta ekonomia ikerketak, bideragarritasun planak…) eta behatokia, negozio eta berrikuntza aukera berriak identifikatzeko.