2016 bidea etapa berri bat

Igandean, 9:00etan, Dantzalekutik Altsasu eta Ataun artekoa eginen dute, 19. etapa.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua ekimenaren barruan 2016 bidea ekimena antolatu dute, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldea 32 etapatan zeharkatuko dituen ibilbidea da 2016 bidea. Horietako bi etapa Sakanatik pasako dira. Aurreko igandean, garilaren 24an, 18. etapa, Otzaurten hasi eta Altsasun despeditu zen. Ibilbidean toki ikusgarriak ikusi eta hainbat azalpen eman zituzten uren banatzailea, mikeleteak, Altzaniako mendizerra eta gure altxorrei buruz, Mendiclownzaleak taldearen antzezlanen bidez. Bukaeran, Altsasun, Altsasuko Inauterien Konpartsaren aldeko pintxo-potea izan zen.  

Igandean, garilaren 31n, 19. etapa izanen da, Altsasun hasi eta Ataunen despedituko dena (12,5 km, zailtasun txikia). 9:00etan aterako dira mendizaleak Dantzalekutik, San Joan baleontzia eraikitzeko egurrezko piezak lantzeari buruzko erakusketa izanen dute bertan. Intxusburu trikuharrian Jose Migel Barandiaranek eta bere laguntzaileek indusketa lanetan nola lan egiten zuten antzeztuko dute, eta Bernoako galtzadatik Irumugetatik pasa ondoren, Zelatamunora iritsiko dira (Etxarri Aranatz). Bertan Altsasuko inauterien antzezpena eginen du Altsasuko Inauterien Konpartsak. Ondoren, Lizarrustiko parketxera iritsiko dira. Musika emanaldia eta Gemma Arrugaeta argazkilariaren lanak ikusteko parada izanen da. Autobusez Lazkaoraino jaitsiko dira eta bertan, Barandiaran Museoa, Errotatxo errota eta San Gregorio bisitatuko dituzte. 17:30ean abiatuko da autobusa, eta lehen geldialdia Altsasun egingo du.

Izena ematea eta autobusa
Izena ematea www.dss2016.eu web guneetan egin behar da, ibilbide bezperara arte. 8 euro ordaindu behar dira eta kopuru horrekin autobusa, asegurua eta ibilbideko kultur ekitaldiak ordaintzen dira. Bazkaria norberak eraman beharko du.