Bertakoaren gorazarrerako azoka

Guaixe 2016ko ira. 16a, 08:30

Igandean, 10:00etatik aurrera Irurtzun Arakilen.

Irurtzungo eta Arakilgo IV. Bertako Ganadu Azoka igandean izanen da, berreskuratu zenetik duen filosofia berarekin. Aitor Larraza Carrerak, Irurtzungo alkateak, azaldu zuenez, “igandekoa, bertako arrazen, ekoizle-egileen kalitatezko elikagaien eta artisauen lanaren gorazarrean izanen da nagusi Irurtzun Arakilen”. Etziko egunaz gozatzera gonbidapena luzatu zuen.

Aurkezpenean Aritz Ganboak, artzaina eta Sakanako ekoizleak biltzen dituen Belardi elkarteko bozeramaileak, azpimarratu zuen erakundeek, nekazari eta abeltzain elkarteek, artisau elkarteek eta herritarrak, “azoka denen artean antolatutako ekimen bat da”. Ganboak azaldu zuenez, azokarekin “guri dagokigunez behintzat, nekazariok gure ogibidea jendarteratzea bilatzen dugu. Gure landa eremuaren kudeaketaz arduratzen diren gure animaliak, bertako arrazak, erakutsi. Eta animalia horien kudeaketaren ondorioz sorten ditugun elikagaiak jendarteratzeko aukera da”.

Ganboak gaineratu zuenez, azoka ardura partekatuko nekazaritza filosofia aldarrikatzeko gunea da. Hau da zuzenean eta ekoizleen parte hartzean oinarritutako eredua. Azokak bide horretan pausoak ematen jarraitu nahi du. Sektore guztiak elkar lotzeko egiten den ekimena ere badela nabarmendu zuen.

Traktore zaharrak eta beste
Larrazak jakinarazi zuen aurten nekazal lanabes tradizonalen erakusketarekin batera, traktore zaharren erakusketa izanen dela. Amaia eta Lizarra kalean izanen dira ikusgai. Dozena erdi bat traktore zahar ikusgai izanen direla aurreratu zuen. Larrazak gaineratu zuenez, azokarekin batera, “gazteenek gure tradizioei loturiko joko eta jolasak ezagutzeko aukera izanen dute propio prestatutako gunean”.

Azoka girotzeko trikitilarien eta gaitarien musika, joaldunak eta mitologia-pertsonaiak, kale animazioa, talogileak, forja artisau erakustaldia,haurrendako estanpazio tailerra, maskarak egiteko tailerra, soka lantze tradizionala, eta beste ere izanen zirela aurreratu zuen. Irurtzun, Arakil, Sakana eta Plazaolako informazio eta turismo puntuak ez du hutsik eginen. Ezta Irurtzungo eta Arakilgo merkataritza eta ostalaritzaren erakustoki desberdinek ezta ere.


Non-zer
Frontoi irekian, abereen gunea: latxa ardi arpeltz eta mutur gorriak (Aslana), Nafarroako rasa ardi (Arana) eta sasi-ardia (Sasiko), behi piriniarra (Aspina), nafar kasta eta betizua (Asbena,) Auritz arrazako zaldi-behorrak (Ascana) eta Nafarroako jaka (Jacana). Azkenik, euskal oiloak eta antzarak (Eoala elkartea).

Foru Plazan, azoka gardena: Belardiko 10 ekoizlek behi esnekiak, barazkiak, karakolak eta ardi latxa esnekiak eramanen dituzte. Horretaz aparte, loreak, arrautzak, ardoa, eztia, ogia eta pastak, txerrikiak, lekaleak eta bestelakoak ekoizten dituztenen postuak izanen dira.

Lizarra eta Amaia kaleetan, erakusketak eta artisautza: Erabili (ehuna, Etxarri Aranatz), Zapatari (oinetakoak, Iruña), Anitha (paper artisautza, Elorrio), Anuahel (kosmetika, Gasteiz), Esteban Iglesias (modelatua, Trapagaran), Eskuz Holakatua (zura, Senpere), Arnaud Araguas (Zura, Urruña), Y-Poronga (Bitxigintza, Berain), Trok (larrrua, Areso), Agustin Agirre (beira, Antsoain) eta Joseba (esku pilotak).


Frontoiaren atzean, tradizioei loturiko baserriko joko eta jolasak.


Atzera begira
Irurtzun Arakil ibarreko eta inguruko herrien merkatal gune nagusia da, aspalditik. Urteetan Irurtzungo abere azokak gertuko eta urrutiko abeltzain eta merkatariak erakarri ditu. Hasieran hilean behingo azoka zen. 1792 eta 1921 urteen artean hamabostean behin egin zen. Hamarrean behin egitera pasa zen orduan, 1921-1945. Azkenik, astean behin egiten zen, asteartero. Orain dela 40 urte erabat galdu arte.