47.Otadiko Kristo Deuna Torneoa: sakandarrik gabeko finalak

Guaixe 2016ko ira. 16a, 14:26
Gazte mailako bigarren finalerdia jokatu zuten pilotariak, Nazabal eta Ganboa finalistak tartean.

Pilotari sandarrek ez dute lortu 47. Otadiko Kristo Deuna Torneoko igandeko finaletara sailkatu. Finalean, 22 urtez azpikoetan Espinalek Olano izango du arerio, lau t´erdian, eta eliteetan Iriarte-Eskiroz Arrieta-Landiribarren kontra ariko dira

47.Otadiko Kristo Deuna Torneoko finala
Igandean, 17:30ean Altsasuko Burunda pilotalekuan
Gazteak: Otxoa-Petriati / Nazabal-Ganboa
22 urtez azpikoak, lau t´erdian: Espinal (Uharte Iruñea) / Olano (Irurtzun)
Eliteak: Iriarte (Buruzgain)-Eskiroz (Zugarralde) / Arrieta (Hernani)-Landiribar (Buruzgain)

Bi finalerdi ikusgarriren ondoren badakigu zein pilotarik jokatuko dituzten Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) antolatutako 47.Otadiko Kristo Deuna Torneoko finalak. Igandean jokatuko dira partidak, 17:30etatik aurrera, Burunda pilotaleakuan. Giroa berotzeko lehenik eta behin Etxarri Aranatz, Arbizu eta Olaztiko pilota eskoletako gaztetxoen torneoko finala jokatuko da. Otxoak eta Petriatik Nazabalen eta Ganboaren kontra lehiatuko dira. Hauek izango dira finaletan ikusten ditugun sakandar bakarrak, afizionatuen mailako finaletara ez baita sakandarrik sailkatu.

22 urtez azpikoan Espinalek (Uharte Iruñea) Irurtzun klubeko Olano aresoarra izango du aurkari lau t´erdian. Biak partida ikusgarriak egitetik datozte eta Altsasuko txapel preziatua janztea, hori dute buruan. Eta elite mailan aurten ordezkari sakandarrik gabe geratu gara Ongay, Ansa eta Gorriti finalerdietan erori eta gero. Iriartek (Buruzgain) eta Eskirozek (Zugarralde) Arrietaren (Hernani) eta Landiribarren (Buruzgain) kontra jokatuko dute nagusien mailako finala. Finalerdietan ikusi dena konfirmatzen bada, puntako partida izango da hau ere. Onenak irabazi dezala.

Frontoiaz, bitxikeria
Altsasuko pilotalekua 1954ko irailaren 12an mustu zen. Sarrera gainean, gero taberna izanen zen harren fatxadan Fronton Burunda irakur zitekeen. Burdinezko letrak ziren. Armarria ere bazegoen. Taberna bota eta etxebizitzak jaso zituzten eta, horregatik, letrak kendu zituzten. Joan den astetik letra horiek berriro pilotalekuan daude. Udal biltegian zeuden (armarria ez) eta pilotalekuko txarteldegiko fatxada eraberritzean haiek jartzea erabaki du udalak.