Emakume, animatu Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskolara

Guaixe 2016ko ira. 20a, 15:18
2015-2016 denboraldiko Sakanako Emakume Atletismo Eskolako kide batzuk.

Urriaren 14an hasiko da, Altsasuko Dantzalekun, eta urriaren 7ra baino lehen eman behar da izena

Geroz eta emakume gehiagok egiten dute korrika. Beste asko ere animatuko ziren, baina korrika egiteko teknikak zeintzuk diren ez dakizkite, korrikan nola hasi, luzaketak egin behar diren hala ez… Behar horien guztien jakitun eta emakumeei korrika egiteko beharrezko prestakuntza eskaintzeko Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskola antolatu zuen Sakanako Mankomunitateak. Erantzuna primerakoa izan zen eta aurreko ikasturtean, esaterako, 30 emakume trebatu ziren aipatu eskolan.

Bi aukera: hastapena edo hobekuntza
Aurten ere Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskola antolatu du Mank-ek 18 urtetik gorako emakumeendako. Egitasmoa aurrera ateratzeko, Altsasuko Udaleko Emakumearen Bilgunearen eta kirol zerbitzuaren, Iñigo Aritza ikastolaren eta Dantzaleku Sakana Atletismo Taldearen laguntza izan du Mank-ek.
Emakumeen Atletismo Eskolaren 5. edizioa izango da aurtengoa, 2016-2017 denboraldia. Urriaren 14an hasiko da eta maiatzaren 5era arte, ostiralero atletismoaren nondik norakoetan trebatuko dira izena ematen duten emakumeek. Orain arteko monitore Mikel Lakuntzaren tokia hartuko du aurten Aitor Mozo Villanueva lakuntzarrak.  Bi txanda izanen dira: hastapena ikastaroa, 17:15etik 18:00etara, atletismoan lehen aldiz murgiltzen direnendako, eta hobekuntza ikastaroa, 18:00etatik 19:15era, esperientzia dutenendako.

Urriaren 7ra arte
Izena ematea zabalik dago, urriaren 7ra arte, Mank-eko kirol zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus).