Goazen txirrindulaz Sakanaz gozatzera

Guaixe 2016ko ira. 23a, 14:20

23. Bizikleta Eguna antolatu dute igandean. 9:00etan Irurtzundik aterata, Altsasuraino (41 km) iristea da erronka. Sakanako aintzinako Donejakue bidea gaia hartuta, bi geldialdi egingo dira, Egiarretako Itxasperrin eta Uharte Arakilgo Zamartzen, horren esanguratsuak diren erromanikoko bi eraikin hauek ezagutzeko

Txirrindulari zaleek zita garrantzitsua dute igandean: 23. Sakanako Bizikleta Eguna, “Sakana bizikletaz ezagutzen” leloarekin ospatuko dena. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatu du ekitaldia, Barranka, Aralar eta Burunda txirrindularitza taldeen eta Irurtzungo eta Altsasuko Udalen laguntzarekin.

Sakanan txirrindularitzarekiko afizio handia dago, bai txirrindularien aldetik eta baita ikusleen edo zaleen aldetik. “Urtean barna txirrindularitza proba asko antolatzen dira gurean, txirrindulari afizionatuak eta profesionalak ditugu, eta klub eta talde garrantzitsuak ere. Horregatik pentsatu genuen, bere garaian, bizikleta egun ez lehiakor bat antolatzea interesgarria izanen zela eta urtetik urtera egun hori egonkortzen eta indarra hartzen joan da” azaldu zuen aurkezpenean Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak.

Sakana ezagutu
Txirrindularitzarekin goiz atsegin bat pasatzea da asmo nagusia, gure eskualdea gurutzatuz, proba ez lehiakor batean eta nahiko erraza den ibilbidea eginez. “Halako erronka modukoa da Irurtzundik atera eta Altsasura iristea, eta tarte horretan gure herriak, kaleak, bideak, zubiak, baselizak eta basoak ezagutuz” nabarmendu zuen Gerrikagoitiak. Bide batez, Sakanako herri ezberdinetako adin ezberdinetako pertsonen arteko erlazioa sustatu nahi da, eta eskualdetik kanpoko parte-hartzaileak ere animatu nahi dituzte proban aritzera. Iganderako ez dute euririk iragarri eta horrek, jakina, lagunduko du. “Ea aurreko urteko 400 partaideak gainditzen ditugun” gaineratu zuen kirol teknikariak.

41 km-ko ibilbideko geldialdiak Itxasperrin eta Zamartzen
Irurtzundik goizeko 9:00etan abiatuko dira txirrindulariak, Altsasuraino heltzeko (41 km). “Gehienetan bigarren mailako errepideetatik ibiliko gara, asfaltoan, eta tarteka pistetara sartuko gara. Aurten Lizarragabengoatik pasako gara. Nobedade moduan, eta Sakanako Garapen Agentziak Sakanako Donejakue bidea ezagutarazteko asmo horrekin bat eginda, Egiarretako Itxasperrin eta Uharte Arakilgo Zamartzen egingo ditugu geldialdiak” aipatu zuen ibilbidearen ardura duen Barranka Txirrindularitza Taldeko Alberto Ocañak.

Sakanako Donejakue bidea
Sakanako Bizikleta Egunarekin gure txokoak ezagutarazi nahi direnez, asmo hori bere egin eta, elkarlanean, Sakanako Garapen Agentziak Sakanako Donejakue bidea zena ezagutarazi nahi du Sakanako Bizikleta Egunean. “Gure ingurunea ezagutzeko helburu horren barruan, Sakanako Garapen Agentzian badago proiektu bat, Sakanako Donejakue bidea edo erromatar galtzadan oinarritutakoa, eta Bizikleta Eguneko ibilbide hau aprobetxatu nahi genuen Sakanan erromanikoari lotutako bi elementu garantzitsu horiek, Egiarretako Itxasperriko Santiago ermita eta Uharte Arakilgo Zamartze ermita, ezagutzera emateko. Bide hau mende luzeetan era guztiko pertsonek erabili dute, eta horretaz gozatu dezatela irailaren 25eko Bizikletaren Egunean parte hartzen dutenek” nabarmendu zuen Iker Manterolak. Sakanako bolondres talde batek azalpenak emango ditu Itxasperrin eta Zamartzen. “Donejakue bide hau eta elementu hauek guztiak balorean jarri nahi ditugu, jendearen kuriositatea piztu, eta datorren urtetan irudikatzeko asmoa dugu. Hau da, Donejakue bidea markatzea, bizikletaz egiteko. Bisualizatzen hastea. Eta aukerak ematen badu, halako beste bide batzuk egiteko asmoa dago” nabarmendu zuen garapen agenteak.

Kaskoa, bokata eta puntuan jarritako bizikleta
Bizikleta eguneko zerbitzuak erabiltzeko –Irurtzunera eramateko autobusak, bizikletak eramateko kamioiak, Altsasutik gero etxera eramateko autobusak eta kamioiak… –aurretik izena eman beharra zegoen, Mankomunitatean (948 464 866), doan.
Arautegiari dagokienez, kaskoa ematea derrigorrezkoa da eta hamaiketakoa ere norberak eraman beharko du. Kamioiak eta autobusak egongo dira txirrindulariak aurretik Irurtzunera eramateko –autobusa 7:45ean abiatuko da Ziorditik, herri guztietara sartuz– eta probaren ondoren Altsasutik euren herrietara bueltatzeko. Ibilbidearen atzetik kamioia eta autobusa joango dira, eta baita ere mekanikaria. Baina iganderako bizikleta puntuan jartzeko deia egin du antolakuntzak. Bestalde, eta segurtasuna bermatzeko, partaide guztiek antolakuntzaren ibilbidea jarraitu eta errespetatzeko eskaria egin du antolakuntzak.