Plazaola turismo partzuergoak antolatuta, Ederbidea proiektua aurkezteko jardunaldia egiten ari dira Lekunberrin gaur. Iruña, Donostia eta Lapurdiko hiriburua bizikletaz ibiltzeko bideen bitartez elkartuko dituen egitasmoa da Ederbidea. Horretarako, Bidasoa eta Plazaolako bide berdeak lotuko dira eta txirrindulariak Arakilen eta Irurtzunen barna pasako dira. Euskal Herriko bizikleta sare hori Europako bide berdeen sarearen zati bihurtuko da.
Ederbideak Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren 1,7 milioi euro inguru diru-laguntza jaso du. Egitasmoak 2,4 milioi euroko aurrekontua du eta hiru urtetan eginen da. Hari buruzko informazio eskaera gero eta handiagoa zenez, Ederbidea proiektuari eta bere garapenaren inguruan eztabaidatu, gogoeta egin eta parte hartzeko jardunaldia da gaurkoa. Hala, aurreikusitako ekintzei, turismoari, tokiko garapenari, mugikortasunari, jasangarritasunari eta bestelako gai batzuei buruz hitz eginen dute proiektuan zerikusia duten Pirinio Atlantikoetako Departamentuko, Gipuzkoako eta Nafarroako politikariek, udal arduradunek, teknikariek eta hainbat arlotako teknikariek. Haien artean sakandarrak daude.