Lanbide Heziketako ikasleak erronka erreal baten aurrean

Guaixe 2016ko abe. 22a, 19:44

Sakanako Mankomunitateak duen arazo batik konponbidea ematen saiatu dira 19 ikasle.

Hondakin organikoen kudeaketa auzo-konpostagailuen bidez egiten dute makina bat sakandarrek. Etxoletan sartzen dena konpost bihurtzen da. Sakanako Mankomunitatearen nahia litzateke sortutako konpost hori auzo-konpostagailuan bertan txikitzea eta, horrela, hura erabiltzen duten pertsonei, bertatik bertara konposta ematea, beste inora eraman eta han txikitzen egon beharrean.

Mank-eko Hondakinen Zerbitzuko hezitzaile Beñat Agirre Bengoetxeak arazo hori azaldu zien Sakana Lanbide Heziketako 19 ikasleri, mekatronika goi zikloko 2. mailakoei eta soldadura eta mantenu ziklo ertainetako 2. mailakoei. The Case metodologia erabiliz, lau taldetan banatu eta Mank-ek proposatutako erronkari elkarlanean arituz konponbidea bilatzen saiatu ziren.

Ekimen horrekin ikastetxeak ikasleak lan merkatuko errealitatera hurbildu eta, aldi berean, haien ekintzaile gaitasuna garatzea sustatu nahi zuen, “autonomo edo besteendako lan egiteko gaitasun garrantzitsua baita ekintzailetza. Gero eta enpresa gehiagok hartzen dute gaitasun hori kontuan”, azaldu digute ikastetxetik. Horregatik, planteatutako erronka horren bidez, ikasleek ekimena, erabakiak hartzea, aukeren bilaketa, plangintza, sormena eta helburuen betetzea moduko gaitasunak landu dituzte.

Goiz osoko lanaren ondoren taldeek euren proposamenak aurkeztu zizkioten Agirreri. Hark esan zuenez, “gazte hauen ekimenean fidatzean haien onena emateko gai dira”. Jaso zituenak konponbide praktikoak eta, kasuren batzuetan, baliabide gutxirekin egingarriak zirela gaineratu zuen. Ekimen hori Cederna-Garalurren Ekintzailetza Babesteko Proiektuaren zati da. Egitasmo horrek Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren finantzazioa du eta Sakana Lanbide Heziketa institutuaren lankidetza.

Argazkiak: Cederna-Garalur.