Elkarpelota: Laso, Ganboa eta Goikoetxea txapeldun sakandarrak

Guaixe 2017ko mai. 16a, 11:25

Larunbatean jokatu ziren II. Elkarpelota Torneoko finalak eta 3 sakandar hauek jantzi zuten txapela

Larunbatean jokatu ziren, Labrit pilotalekuan, II. Elkarpelota Torneoko finalak, giro bikainean. Jokatu ziren 7 finaletatik 4tan pilotari sakandarrak aritu ziren lehian, eta 4 final horietatik hirutan txapelak Sakanara iritsi ziren. Gure pilotariak bikain dabiltza, zalantzarik gabe. Labriten jokatutako finalak maila handikoak izan ziren.

Aurrebenjaminetan Irurtzun klubeko Mikel Lasok jantzi zuen txapela; kadeteetan, Oberena klubean dabilen Borja Ganboa arbizuarrak; jubeniletako finala Arbizu klubeko bi pilotarik jokatu zuten eta Andoni Goikoetxearendako izan zen; eta, seniorretan, Irurtzun klubeko Alberto Ongayk ezin izan zuen txapela jantzi, Iosu Iruritak bidean utzi baitzuen.

Elkarpelotako Facebook orriaren bitartez txapelketa zuzenean jarraitu ahal izan da. Elkarpilota taldeko Fernando Goñik adierazi zuenez, “finalek jarraipen izugarria izan dute sareetan. Euskal Herriaz gain, Argentinatik, Mexikotik, Estatu Batuetatik… jarraitu gaituzte. Hori da nahi duguna, pilota sustatzea”.

Sakandarrak II. Elkarpilota Txapelketako finaletan
Aurrebenjaminak: Mikel Laso (Irurtzun) 16 – Abraham Antimasberes (Lagunak) 10
Kadeteak: Borja Ganboa (Oberena) 18 – Javier Cuairán (Oberena) 10
Jubenilak: Urtzi Nazabal (Arbizu) 10 – Andoni Goikoetxea (Arbizu) 22
Seniorrak: Alberto Ongay (Irurtzun) 13 – Iosu Irurita (Oberena) 22