Espainiako armadako 20 bat militar eta hainbat ibilgailu Beriain inguruan ibili ziren atzo. Espainiako Gobernu Ordezkaritzatik jakinarazi dutenez, ohiko maniobrak ziren. Unanun hammer ibilgailu bat aurrera eta atzera eta bi kamioi ikusi zituzten 9:00etan. Azken horietatik 20 bat militar jaitsi ziren. Antza, Ondatz eta Beriain inguruan ibili ziren. Arbizuko kanpinaren parean dagoen aparkalekuan 2 kamioi eta 3 lur orotako ibilgailu egon ziren 13:30ak aldera arte. Hala ere, hammer ibilgailuan 15:00ak aldera bueltaka zebiltzala esan digute lekukoek. Duela bi urte inguru berean elurrarekin egindako militar-ariketa batzuetan soldadu bati hatz bat izoztu zitzaion.
Militarrak, gutxienez, beste bitan izan dira Sakanan aurten. Ilbeltzaren 17an soldadu talde bat Altsasutik abiatu zen militar ariketak egitera. Otsailaren 15ean, berriz, 20 soldaduk Sakana erdialdetik Urbasa-Andiarantz joko zutela jakinarazi zuen Nafarroako Militar Komandantziak.