Sakana, irakasleen ikasgai bihurtuta

Guaixe 2017ko eka. 23a, 10:12

Ibarreko geologia, historia, artzaintza eta basoa ezagutzeko lau irteera egin dituzte irakasleek. Bertako errealitatea eta baliabideak ezagututa irakasleek horiek ikasgeletara errazago eramanen dituzte, ikas prozesuan gertutasuna irabaziz.

Ibarreko Plan Estrategikoarekin bat eginez, Hezkuntza Departamentuak irakasleendako prestakuntza saioak antolatu ditu ikasturte honetan ere. Bigarren aldia zen halako saioak antolatzen zituztela. Sakanako irakasleen bertako natur eta kultur ondarearekiko interesari erantzunez sortutako lau saio izan dira.
Sakanako geologia ezagutzeko Zuhatzun elkartu ziren Benjamin Botanz Apestegiarekin otsailaren 22an. Iñaki Sagredorekin Iruritako gaztelua eta Sarabe ingurua bisitatu eta Erdi Aroaren berri jaso zuten martxoaren 1ean. Aste bat geroago Aritz Ganboa de Migelek artzaintzari buruzko azalpenak eman zizkien irakasleei. Eta, despeditzeko, Ion Zufiaurre Galartzak Urdiain eta Altsasuko San Pedro inguruko hariztian barna eraman zituen martxoaren 29an.

Saio guztietan irakasleek gai bakoitzaren inguruko Sakanako interesguneak zein diren jakin zuten, baita haien inguruan egon daitezkeen baliabide didaktikoak, bibliografia, web orriak eta bestelakoena ere. Lau ibilaldien ondoren, irakasleek geletara begira sortutako materialak zein ziren aurkezteko eta ikuspegi orokor batetik hausnarketa bilera egin zen. Auzolan digitala hastear egon liteke.

Lekukotza
Lakuntzako eskolako Monika Arratibel eta Ane Miren Iruretagoiena irakasleak izan dira saio horietan parte hartu dutenetako bi. Iruretagoienak nabarmendu du "helburua hemengo ezagutzaz" janztea zela. "Sakanako jakinduria bildu dugu eta klasean zabaltzea da gure asmoa" aurreratu du Arratibelek. Horretarako, ikasleei "egokitutako materialak" sortu beharko dituztela ohartarazi du Iruretagoienak, "azken helburua da, baina ez gara horretara iritsi".

Saioak klaseetatik kanpo izatea, tokitan izatea, eskertu du Arratibelek: "berak esaten duena bizitzen duzu, ikusiz ikasten duzu". Iruretagoienak irteerak "erabat interesgarriak" izan direla nabarmendu du. "Ezagutzen ez genituenak ikusi ditugu". Gauzak "benetan sentitu" dituztela nabarmendu dute. "Pentsatzen dugu gure ikasleek, bizi izanda, informazioa askoz hobe jasoko dutela".

Arratibelek gogoan du geologiaz ikastera Zuhatzura joan zirenean. Azalpenak entzun eta gero fosil bila nola hasi eta bere bizitzako aurrenekoa opatu zuena, "etxera ilusionatuta joan nintzen". Basoari buruzko azalpenak entzunez, "benetan murgildu" egin zirela gaineratu du  Iruretagoienak.   

Materialen sortzea
"Ikasitako hau guztia gure ikasleei nola eraman… orain daukagu lana", Arratibelen hausnarketa da. Iruretagoienak azaldu digunez, "momentuz, bakoitzak bere eremuan nola txerta dezakeen begiratzen ari gara. Hortik abiatuta denen artean banandu, partekatu. Ondoren, bakoitzak gauzak zein erara egin ditzakeen, edo bere curriculumean zer txerta dezakeen aztertuko da". Gaztigatu duenez, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko irakasleren batek parte hartu izan du saioetan.

Hasitako lanari "gu ez bagara beste irakasle batzuk segida" ematea nahi luke Arratibelek,"horregatik banatu dira egindakoak eta dokumentuak". Eta gaineratu du "denborarekin" materialak sortuko direla. Materialak sortu bitartean biak ere halako ikastaroei segida ematearen aldekoak dira, "gai horietan sakontzerik bada oraindik".

Bitartean Hezkuntza Departamentuak, Sakanako Garapen Agentziak eta euskarazko Wikipedia kudeatzen duen elkarteak elkarlan aukerak aztertzeko bilera egin zuten atzo.