Finantza krisiaren eraginak Sakana bete-betean jotzen zuenean hartu zenuen ardura. Laburbilduz, zein zen panorama?
Momentu hartan okerrena izan zen gobernuarekin harremana. Behin eta berriz saiatuta ere geldituta zeuden inbertsioetarako partida guztiak, nahiz eta beharrezkok izan. Krisia zela-eta udalek ere ez zuten diru handirik. Genituen zerbitzuak mantentzen saiatu ginen; ez zen inbertsiorik egiten. Hori izan zen erronkarik handiena. Krisia zela-eta estrategia bateratua lantzen hasi ginen.
Oinarri batzuk jarri ziren orduan: Sakanako Plan Estrategikoa edo Sakanako Garapen Agentzia esaterako.
Ordurako eragile guztiek parte hartzen ez zuten garapen partzuergo bat zegoen. Adostasuna bilatu nahian, Sakantzen Sareak emandako ibilbidearen ondorioz, tresna berri bat behar zela ikusi zen: garapen agentzia, Mank-en SL bat bezala sortzea. Horri erantzuteko eta hartu ziren neurri guztiak aurrera eraman ahal izateko. Guri zegozkigun adostutako puntu guztiak bete genituelako eta gobernuak bere esku zeudenak bete ez zituelako.
Plan estrategikoaren eta garapen agentziaren ibilbideen zein balorazio egiten duzu?
Gaur egun indartsu ikusten ditut, baina dependentzia handiarekin. Gobernuak ematen dituen diru-laguntzen dependentzia handia dugu. Joan den urtean, lehenbizikoz, 250.000 euro izan ziren. Berandu iritsi ziren. Sinatu zirenerako urte erdia pasata zegoen. Aurten saiatu ginen askoz ere lehenago lotuta izaten, urtea beste modu batera hasteko. Baina egia esan, gaur egun, kexatu gaitezke: ia agorrilean gaude eta oraindik aurtengo diru-saila sinatu gabe dugu. Hitzez 360.000 euro ditugu. Joan den urtean baino diru gehiago onartu edo bideratuko den hitza, baina ez da gauzatu. Horrek egoera larrian jartzen zaitu: aurreratu behar dituzu bai dirua bai proiektuak, hitza duzu baina sinatu gabe. Ilusioa bai, diru kopurua igo da. Baina, bestetik, kezka; nola bideratu beste era batera hurrengo urterako aurretik lortzeko eta egoera kaxkar honetan ez ibiltzeko.
Erraustegiaren kokapena zehazten ez zuelako Nafarroako Hondakin Plana bertan behera gelditu zen Mank-en eta Sustrai Erakuntzaren ekimenez.
Aurreko legegintzaldi bukaeran izan zen. Gobernuak plan berri baten premia ikusi bai, baina ez zuen abian jarri. Iragarri zuen ez zuela errausketa aurreikusten, baina ezer zehaztu gabe. Legegintzaldi honetan izan dugun erronka izan da plan berrian parte hartzea, sortu eta; orain, plana gauzatzeko legean gure aldarrikapenak egon daitezen lantzen ari gara. Espero dugu, behintzat, beti borrokatu izan dugun sortutako hondakin kopuruaren araberako ordainketa legean jasota egotea. Horrela sakandarrok beste egoera batean egonen ginateke, Europak eta legeak ezartzen dituen betebeharrak betetzen dituen bakarrak baikara.
Nafarroako Gobernua eta Hondakinen Partzuergoa Sakanak defendatzen zituen irizpide batzuk partekatzera heldu da.
Bai, egia esan, aldaketa izugarria izan da. Esparzaren garaiko hondakin politika bizi izan genuen eta gaurkoa erabat desberdina da. Partzuergotik ere proiektu pila bat martxan dugu. Lortu dugu desataskatzea eta, behingoz, aspaldi eskatua genuen konpost planta abian jartzea, lortu dugu Altsasurako eta Ziordirako bi puntu berde martxan jartzea, hainbat kanpaina ere martxan jarriko dituzte… Elkarlana, harremana, komunikazioa, erabatekoa da.
Hondakin sistema bilketa berria ezartzea tokatu zitzaizun.
Latza, zaila izan zen. Herriz herri ibili behar izan genuen, asko mugitu ginen. Hilabete intentsuak izan ziren. Gero horren emaitza izan zen ikustea % 25etik % 80ra pasatzen ginela atez atekoa jarri zen herrietan. Eta orokorrean, bi herritan ezer egin gabe, % 50era baino gehiagora iristea Sakana osoan… horrek emandako pozak egindako ahalegin guztiak konpentsatzen ditu.
Kontu Ganberaren aholkuei segituz, plantilla osatzen joan zarete.
2012an teknikaria hilabeteetan hemen izan genuen. Emaitza izan zen gauzak ongi egiten zirela eta zenbait aholku. Bete ditugu. Pozik eta ongi. Mank-en onerako izan zen. Kudeatzaile eta idazkari lanpostuak bete ziren (azken hori bete zuenak bi urteko eszedentziaren ondoren postuari uko egin dio, beste lan batera joateko). Idazkaria eta hondakin teknikaria kontratatzea falta da. Azken hori, Hondakin Zerbitzua izanen dena antolatzeko pibotea izanen da. Hondakindegian zati bat itxi eta industria-hondakinendako berria zabalduko da. Han ere konpost planta egonen da. Kudeaketan aldaketa batzuk egin, gutxienez, kudeaketa taldea indartu eta zabaltzeko, gutxi barru teknikari lanpostu deialdia aterako da; beharrezkoa baita zerbitzu hori eraldatzeko.
Esan duzu gobernu aldaketa nabaritu duzuela Mank-en.
Guretako izugarria izan da. Lehen behin eta berriz joan, zenbait behar-beharrezkoetarako… Zor ziguten eta obra batzuetarako aurreratutako dirua ere ukatzen ziguten. Bazterkeria erabatekoa zen. Orain lortu dugu horiek kobratzea eta inbertsio berriak sartzea. Aurten Ur Zerbitzuan inbertsio potolo bat eginen dugu. Hurrengo urtean Urdalurko hoditeria Irurtzunera eramateko beste zati baten oniritzia dugu. Beste mota bateko harremana. Inbertsio batzuk derrigorrezkoak ziren, beharrezkoak, zerbitzu txukun bat emateko. Orain lan karga izugarria da, dena batera heldu da eta. Kudeatzen ari gara: konpost planta, hondakindegiaren zati baten itxiera, bestearen irekiera, Ur Zerbitzuko inbertsioa, puntu berdeak… Baina, pozik. Inbertsioak hemen geldituko dira. Lehenbailehen gauzatu nahi genituzke.
Toki Azpiegitura Planean Mank-i zein diru-laguntza emanen dieten jakin gabe zoaz.
Bai, planaren bitartez bideratutako beste inbertsio batzuk ditugu eskatuta eta ez dakigu noiz esanen duten.
Zein dira zure ordezkoak, Davidek, dituen erronkak?
Behin teknikariaren lanpostua beteta, Hondakin Zerbitzuaren antolaketa. Uste dut behar dugula atez atekoaren bigarren bertsioa, 2.0. Gehi beste hobekuntza eta antolaketa bat erronka guztiei aurre egin ahal izateko. Nire ustez hor erronka handi bat dago: ezin gaitezke 2013an egindakoarekin gelditu, beti ere, jarraipenik egiten ez bazaio birziklatze-tasak behera egiten du. Hor jarraitu behar dela uste dut. Bestetik, Nafarroako Tokiko Maparen berrantolaketa dela-eta, dakigunez, mankomunitatea desegin eginen da eta erakunde berri bat sortuko da. Entitate berria sortuko da eta derrigorrezko gutxieneko zerbitzu batzuk izanen ditu hasiera batean: hondakinak, ura eta gizarte zerbitzuak. Baina hor zalantzan dago orain arte kudeatzen ditugun zerbitzuekin zer egin, nola jarraituko dugun, nola antolatuko garen, nola aurre eginen diogun… Hor, nik uste erronka garrantzitsua daukagu. Ditugun gainontzeko zerbitzuetan, antolaketa eta zerbitzua mantendu eta berraztertu, bai euskaran, bai zaharberritzean, bai kirolean, bai aniztasunean… Badirudi orain, epe laburrean, zerbitzu berri bat sortzekotan gaudela, berdintasun zerbitzua.