Aralar: “Oso pozik gaude 2017ak utzi duenarekin”

Guaixe 2017ko aza. 9a, 16:10

2017 denboraldiko balorazio “bikaina” egin du Lakuntzako Aralar Txirrindulari Klubak-Intersport Irabia Taldeak. Emaitzak ikusgarriak izan dira baina “gure neska-mutikoak gustura dabiltzalako eta eskola sustatzeko lanek fruitua ematen ari direlako” daude kontentu Aralarren

2017ko txirrindularitza denboraldiaren balorazioa egiteko Aralar Txirrindularitza Taldeko Alfonso Tadeorekin bildu gara. “Sakanan pribilegiatuak gara. Estatu osoan ez da egongo horren eremu txikian horrenbeste txirrindulari. Aurten, gainera, maila bikaina eman dugu Burundak eta guk; goian egon gara. Oso pozik gaude lortutako emaitzekin, baina, bereziki, gure neska-mutikoak gustura dabiltzalako eta eskola sustatzeko lana egiten garelako” aipatu digu, lehenik eta behin, Alfonso Tadeok.

Aralarko txirrindularitza eskola sustatzeko lanak fruitua ematen ari dela gaineratu du klubeko presidenteak. “Urte batzutan kopuru baxuetan egon zen taldea. Pentsa, iaz ez genuen jubenilen talderik izan. Baina egindako lanaren emaitza hor dugu: kadeteen eta jubenilen taldeak baditugu, eta atzetik datozenekin urte batzuetarako harrobia badago. Hau guztia aurrera ateratzeko, gurasoak klubean inplikatu behar dira, jende berria sartu behar da, aurrekoekin elkarlanean egoteko, eta giro ona sortu behar da. Txirrindularitzak aurrera egiteko, egitura on bat egon behar da. Horrela, neska-mutikoendako erakargarria izango da taldean sartzea. Denak egiten du” azpimarratu du Tadeok.

Tadeok Sakanako administrazioaren inplikazioa eta laguntza eskertu nahi du. “Eskerrik asko Sakanako Mankomunitateari eta Lakuntzako eta Etxarri Aranazko Udalei, klubarekiko duten interesagatik eta jasotako laguntzagatik. Koordinazioan irabazi dugu, euren babesa sentitzen dugu eta eskertu nahi dugu. Eta baita ere eskerrak gure herriei eta herritarrei, zerbait antolatu behar denean hor daudelako. Eta baita zuei ere, gure txirrindularien jarraipena egiten duzuelako” azaldu zuen. Aralar klubaren osasuna ona dela dio Tadeok. “Larunbatean 90 pertsona bildu ginen Lakuntzako Pertza elkartean bazkaltzera, primerako giroan. Orain, 2018ko denboraldia prestatzen hasiko gara. Izena eman nahi duenak, gugana edo aralartt@gmail.com epostara jo dezala” aipatu du.

Eskolak
36 txirrindulari trebatu dira Aralarren eskoletan, eta balorazioa oso positiboa da. “Zer esango dizut? Oso ongi ibili dira. Daturen bat emateagatik Nafarroako Txirrindularitza Federazioak antolatutako 32 lasterketetatik 25 lasterketetan aritu da Aralar eta ginkanan 37 lehen postu egin ditugu eta lasterketetan 17 lehen postu. Baina berriro diot, hori ez da garrantzitsuena. Gure txirrindulariak pozik ikusten ditugu, beste klubetako txirrindulariekin ere erlazionatzen dira eta lagun berriak egiten dituzte. Txirrindularitza kirol gogor eta sakrifikatua da, eta bizitzarako horren inportanteak diren baloreak –sakrifizioa, diziplina, lagunari laguntzea, taldea egitea…– horiek guztiak ikasten eta barneratzen ari dira. Txirrindularitzarekin disfrutatu dezatela, hori da guretzat inportanteena” azpimarratu du Tadeok. Kategoria honetan, haurren mailako Martzel Etxeberria Espainiako Txapelketetan aritu zen.

Kadeteak, garaipena garaipenaren atzetik
Kadeteetan Aralar klubeko Intersport Irabia taldeko txirrindulariak puntan egon dira. Bost txirrindulari ditu taldeak, eta Igor Arrietak 9 garaipen lortu ditu, Aitor Alberdik bi eta Urko Gorritik eta Inhar Astitzek garaipen bana. Horretaz gain, Igor Arrieta Euskadiko txapelduna izan da eta Nafar Kirol Jolasetako txapelduna.
Eta talde bezala, denboraldian taldekako 16 garaipen lortu dituzte. Intersport Irabia Nafar Kirol Jolasen taldekako txapelduna izan da eta Tafallako taldekako erlojupekoan lehena. Eta aipatzekoa da ere Igor Arrieta eta Aitor Alberdi Nafarroako selekzioarekin aritu zirela Espainiako Lasterketetan. “Kadeteetan Aralar eta Burunda egon dira goian. Haiek kontentu ikusita, gu gehiago. Kontentu gaude guztiak ongi egon direlako, ia guztiek izan dutelako garaipenen bat ospatzeko aukera. Talde sendoa osatzen dute, gustura dabiltza eta disfruta dezatela” nabarmendu du Tadeok.

Jubenilak: Josu Etxeberriaren urtea
Aralarko Intersport Irabia jubenilen taldean Josu Etxeberriak izen propioa dauka. Denboraldi bikaina egin du. Nafarroako erlojupekoko txapelduna da, Espainiako Txapelketan bosgarrena sailkatu zen linean. Lizarran, Obanosen, Txoribar Lasterketan… garaipen potoloak lortu ditu. Horretaz gain, pistan dabil iturmendiarra, eta Espainiako Pistako Txapeldunordea izan da. “Zenbakiak hor daude. Jubenilek talde polita osatzen dute eta gustura ibili dira” azaldu du Tadeok.

Emakumeen lasterketarekin aurrera
Aralarrek antolatzen dituen ohiko lasterketez gain, aurten Lakuntzak emakumezkoen kadete, junior eta elite mailako lasterketa hartu zuen lehenengoz. Ekainean jokatu zen, eta emakumezkoen tropeleko txirrindulari onenak ikusi genituen lanean. 127tik 102k lortu zuten etapa bukatzea, eguneko berotzarrari aurre eginez. “Sekulako lana eman zigun proba hau antolatzeak, kataluniarrak, murtziarrak, kantabriarrak eta portugaldarrak eta guzti etorri baitziren. Nafarroako Gobernuak sustatzen du proba, Nafarroako Federazioaren bidez eta Aralar klubaren antolakuntzari esker. Lakuntzako Udalak ere ahalegina egin zuen. Esfortzu handia izan zen baina emakumezkoen txirrindularitza sustatu nahi dugu, eta 2018an ere antolatzea aurreikusten dugu” azaldu du Aralarko diruzain Edurne Arkauzek.
Nafarroako Federazioa ere emakumeen txirrindularitza sustatzeko ahalegin berezia egiten ari da. Aurten kategoria txikietatik hasita, emakumezkoak eta gizonezkoak bereizi dituzte, emakumezkoak agerian jartzeko, bestela, tropelean ia ikusezinak direlako.

Aralar Txirrindulari Taldea 2017

Eskolak (36 txirrindulari):
Promesak: Adur Lizarraga, Unax Etxeberria, Ekai Erdozia, Urko Oiarbide, Julen Ruiz de Erentxu, Garbiñe Arregi eta Hodei Lizarraga. Entrenatzaileak: Txomin Huarte eta Ioseba Lizarraga.


Hasiberriak: Ibai Arana, Oier Irujo, Janitz Zufiaurre, Joseba Perez, Manex Huarte, Luca Martinez, Aimar Azanza, Ekai Navarro, Laida Garziandia eta Aratz Lizarraga. Entrenatzaileak: Jon Arregi eta Juan Bautista Urtasun. 


Kimuak: Manex Zufiaurre, Naia Perez, Achraf Sbai, Aritz Oiarbide, Xabier Ieregi, Ioritz Arratibel, Bakarne Arregi, Alain Rosado, Eñaut Oiarbide, Aritz Sao, Anartz Garcia de Albeniz eta Leire Urtasun. Entrenatzaileak: Mikel Oiarbide eta Alfonso Tadeo. 


Haurrak: Jon Erdozia, Ion Cerviño, Martzel Etxeberria, Mikel Ieregi, Alex Lopetegi, Aimar Tadeo eta Ander Albarrazin. Entrenatzaileak: Alberto Martinez eta Juanjo Erdozia.



Kadeteak (5 txirrindulari):
Urko Gorriti eta Inhar Astiz (2. urtekoak) eta Aitor Alberdi, Asier Irujo eta Igor Arrieta (1. urtekoak). Entrenatzaileak: Javier Etxarri eta Edy Cerviño.



Juniorrak (7 txirrindulari):
Beñat Etxezarreta, Imanol Galarza, Xabier Mauleon, Unai Lizarraga, Josu Etxeberria, Iker Cerviño eta Javier Mitxaus (1. urtekoak). Entrenatzaileak: Edy Cerviño eta Migel del Rio.