“Zerbitzu esperimentala da. Europar Batasuneko Gizarte Berrikuntzako programaren parte da”. Hala laburtu zigun Nafarroako Gizarte Eskubideetarako lehendakari-orde Migel Laparrak ERSISI proiektua pasa den astean Lakuntzara etorri zenean. ERSISI ingelesezko laburdura da eta zera esan nahi du: Gizarteratzeko eskubidea indartzea, zerbitzuen integrazioaren bitartez.
Nafarroako Gobernuaren gizarteratze-zerbitzu berri horren helburua horrela azaldu zigun Laparrak: “gizarte eta lan arazoei aurre egiteko tresna eta metodo berriak sortzea da ideia. Azken xedea da Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eta Nafar Lansareren arteko hizkuntza eta metodologia komuna sortzea da. Horregatik, orain Nafar Lansareko eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako langile bana elkarlanean ari dira”. Enplegu arazoaz aparte gizarte arloko beste arazo bat duten sektoreekin lan eginen dute, argitu zigun Laparrak.
Kontseilariak azaldu zuenez, “lan pertsonalizatuagoa izanen da; erabiltzaile bakoitzari denbora gehiago eskainiko zaio. Hortik aurrera, baliabideak kasu bakoitzari pertsonalki egokituko litzaizkieke. Beti ere, profesionalen irizpideen eta pertsonen lehentasunen arabera kasu bakoitzarendako onena izan daitekeena”. Gaineratu zuenez, “oraintxe gauzatze eta txekeatze fasean gaude”. Egindako lanaren ondorioak 2019an jasoko dira eta, egokiak badira, proiektua Nafarroa guztira zabaltzea litzateke hurrengo urratsa.
Zerbitzu berriaz
Foru administrazioaren egitasmoa 2016ko irailean hasi zen eta 2019ko irailean despedituko da eta bost fase ditu. Lehenik, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta Nafar Lan Sare integratzea. Ondoren Gizarteratzeko Bermatutako Errentaren ezarpena etorriko da. Segituan enplegu-politikak diseinatuko dira. Egindakoaren ebaluazioak segituko dio eta, azkenik, zabalkundea iritsiko litzateke. Proiektuak 1.852.284,11 euroko aurrekontua du eta Europako Funtsak % 75 finantzatuko du.
Nafarroako Gobernua ERSISI zerbitzu berria bi tokitan lantzen ari da: Tuterako eta Altsasu, Olatzagutiako eta Ziordiko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean. Zerbitzu berria behin bukatuta, gizarte egoera ahulenean eta langabezian leudekeen 500 pertsona gizarteratzen lagunduko luke, 400 erriberar eta 100 burundar. Baina horrekin batera lortu nahi da Errenta Bermatuaren erreformak identifikatzea eta testatzea eta toki-mailan enplegu-politika aktiboak planifikatzeko sistema berria garatzea eta ezartzea, eragile publiko eta pribatuen arteko aliantzen bitartez.