Eneko Aramendia txapelduna Cuellarren

Guaixe 2018ko api. 9a, 15:03

Segoviako Cuellarko Txuletako Klasikoa irabazi zuen Rural Kutxako txirrindulari iturmendiarrak

Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Eneko Aramendia txirrindulariak garaipen garrantzitsua lortu du asteburuan. Segovian lehiatu zen iturmendiarra, Cuellarko Txuletako Klasikoan. 182 txirrindulari lehiatu ziren, baina horietatik 139k lortu zuten proba bukatzea. Eneko Aramendiak lasterketa bikaina egin zuen: 160 km pasatxoak osatzeko 3 ordu, 35 minutu eta 57 segundo behar izan zituen. Iturmendiarra bakarrik iritsi zen helmugara eta 8 segundo atera zizkion Gsport Wokfbike taldeko Ismael Llopisi.

Juniorrak Elgoibarren
Igandean junior mailako tropelak lasterketa izan zuen Elgoibarren. Ampo talde gipuzkoarreko Xabier Berasategik irabazi zuen proba (2:05:01). Txirrindulari sakandarrei dagokienez, Mateo Gonzalez (Quesos Albeniz) 34.a sartu zen, Urko Gorriti (Intersport Irabia) 35.a, Jon Gil (El Caserio) 65.a, Javier Mitxaus (I.I.) 66.a, Xabier Mauleon (I.I.) 76.a, Imanol Galarza (I.I.) 81.a eta Iker Cerviño (I.I.) 85.a.