Jubiloteka, zahartze aktiboa izateko

Guaixe 2018ko eka. 1a, 10:18

Oroimena, psikomotrizitatea, gimnasia arina, eskulanak, teknologia berriak eta gehiago landuko dituzte 3. adinako pertsonek.

Burunda mendebaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak bere zerbitzu zorroa zabaltzen segitzen du. Pasa den urtean behar bereziak dituzten pertsonendako terapia txakurrekin aritzeko eskaintza egin bazuen, aurten jubiloteka eskaintza egin du. Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko adinduei zuzendutako eskaintza da.

Alodia Alvaro (gizarte langilea) eta Javier Paz (mankomunitateko burua)
Zer da jubiloteka bat?
A. Behar bat, hutsune bat betetzeko zerbitzu bat da, 3. adinekoei zuzendutako zerbitzua. Adinekoak elkartu eta zahartze aktiboaren ildotik aktibitatea sortzea du helburu. Pertsona horien isolamendua ekidin nahi dugu.

Sumatzen duzue zahartze aktiborik ez dagoela eta adinduak isolatuta daudela?
A. Gure eremuan 65 urtetik gorakoendako ditugun baliabideak dira: Aita Barandiaran egoitza eta Josefina Arregi klinikaren eguneko zentroa. Behar bereziak dituzten 3. adineko pertsonendako zentroak dira. Jubilatu elkarteek eta udalek ekintza batzuk egiten dituzte baina haietan ez dute pertsona guztiek parte hartzen. Ziordiko kasuan, jubilatu elkarterik ez dagoenez, ekintza oso urriak dira. Guk hutsune hori bete eta aukera eman nahi diegu haien neurrira prestatutako ekintzetan parte hartzeko. Ez da berdin jubilatuei zuzendutako gimnasia edo kiroldegikoa. Ekintza egokituak dira. Eta uste dugu hutsune bat dagoela. Egia da zaintzaileak ere kontutan izan ditugula. Gehien bat emakumeak dira zaintzaile lanak egiten dituztenak. Haiek arnasa hartzeko eta haiendako denbora pixka bat izan dezaten sortu da zerbitzua berria.

Jubilotekara joaten denak zer opatuko du?
J. Hainbat, esaterako: oroimena, gimnasia arina, eskulanak… Eskaeraren arabera ekintzak egiteko aukera izan daiteke. Parte-hartzaileen behar edo nahiak zein diren ikusiko dira eta horren arabera egokituko dira ekintzak.

Erabiltzaile posibleen edo familien kezka jasoa zenuten?
A. Zaintzaileen aldetik bai zerbitzuaren beharra jaso da. Askok esaten dizute: adinduendako ludoteka behar da. Edo eguneko zentro bat, baina ez Josefina Arregi bezalakoa. Eskaera egon da. Baina gero eta bakarrago dagoen jendea ikusten duzu, jendearekin erlazionatzen ez dena, edo etxean gelditzen dena. Biak dira, eskaerak eta hausnarketa.

Jubilotekara joaten direnak begirale, teknikari edo dinamizatzaile batekin egonen dira?
J. Bai, haiekin pertsona bat izanen da. Enpresa batek kudeatuko du zerbitzua. Haren eta mankomunitatearen artean elkarlana egonen da.

Non eman behar dute izena?
A. Eskaera orria bete eta errenta aitorpena pasa behar digu, tasa kalkulatzeko. Ordaindu beharrekoa errenta aitorpenaren araberakoa izanen delako. Gutxieneko ordainketa euro batekoa da eta gehiena 48. Eskaerarekin onartuak izanen dira.

Non izanen dira? Noiz?
J. Asmoa da heldu den astean hastea eta azarora arte luzatzea. Oporrak direla eta, agorrilean ez da zerbitzurik izanen. Hiru talde izanen dira, herriko bana. Gutxienez 4 pertsona behar dira taldea osatzeko. Gehienez, 15. Gerta daiteke, taldea jende gutxirekin hastea eta aurrera egin ahala taldekideen kopurua handitzea.
A. Altsasun astelehenetan eta asteazkenetan izanen da, 11:30etik 13:30era, Batasuna jubilatu elkartean. Olatzagutian astearteetan eta ostegunetan, 10:00etatik 12:00etara, Kamiogaina jubilatu elkartean. Eta Ziordian, astearteetan eta ostegunetan, 12:15etik 14:15era, gimnasioan. Hala eskatu digutelako, Ziordiko kasuan, hala eskatu digutelako, irailetik aurrera saiatuko ginateke arratsaldez izatea. Taldea sortzen denean denen artean erabakiko da aldaketa hori egitea egokia den.

Zergatik joan beharko lukete?
J. Lehen esandakoa. Gure herrietan hutsune bat zegoela ikusi dugu eta hori bete nahi dugu. Haiendako osasuntsua izanen dela espero dugu.
A. Ongi pasa dezaketelako. Batzuetan eguna luzea egiten zaigu. Jende berria ezagutu dezaketelako. Barre egin. Probatzeko.

Udalen beste zerbitzuekin edo osasun etxearekin harremanetan izanen zarete jubiloteka aurrera eramateko?
A. Udalak jakinaren gainean daude. Osasun etxearekin, jubilatu elkarteekin eta adineko pertsonekin elkarlanean ari gara.

Zerbitzua urte guztira zabaltzeko asmoa legoke?
J. Abenduan balorazioa eginen dugu; nola izan den, zer hobetu daitekeen… Abenduan ondorioak aterako ditugu. Asmoa jarraitzea litzateke. Hau ongi egin nahi dugu. Uste dugu bideragarria dela. Gure adinduendako oso alternatiba polita da.

Beste nonbaiteko halako esperientziak ezagutzen dituzue?
J. Nafarroan toki askotan egiten da. Oso emaitza onak izan dituzte.
A. Hau udalen ekimena da. Oraingoz Nafarroako Gobernuak ez du bere gain hartu halako ekimenik.

Eta jendeak probatu nahiko balu, non eman beharko luke izena?
A. Mankomunitatearen egoitzan, Altsasuko Garbitoki eraikinean edo hara telefonoz hots eginez: 948 467 662. Bestela udaletxeetan eta jubilatu elkarteetan eman daiteke izena.



65 urte baino gehiagoko populazioa
Burunda mendebaldean % 20,1.
Altsasun %19,1.
Olatzagutian %23,4.
Ziordian %27,4.



Zerbitzu zorroa zabaltzen
Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Biak Bat elkarteak hitzarmena sinatu zuten joan den urteko martxoan. Haren bidez, behar bereziak dituzten zazpi haurrek txakurrekin lagundutako terapia saioetan parte hartzen dute. Errentaren araberako ordainketa egin dute erabiltzaileek eta erakundea besteaz arduratzen da. Mankomunitateko buru Javier Pazek esan digunez, “hitzarmena berritu dugu, oso egokia delako. Emaitza ona eman du eta jarraipena ematea eta zerbitzua finkatzen saiatu gara. Aurten helduendako zabaldu dugu”. Esan digunez, bi heldu hasi dira terapian. Biak batek Altsasun duen egoitzan egiten dira tratamenduak.

Pazek azaldu digunez, txakurrekin lagundutako terapia saioak nori komeni zaizkion jakiteko mankomunitatea ikastetxeekin eta osasun etxearekin elkarlanean ari da. “Erabiltzaile profilak definitzen dituzte, behar bereziak ikustean gonbidapena egiten zaie eta profesionalen balorazio baten ondoren programan onartzen dituzte edo ez”.