Hiru txapela Zabaletarendako Gasteizen, Bilbon eta Donostian

Guaixe 2018ko ira. 3a, 14:19
Zabaleta eta Olaizola II.a., Donostia Hiria Torneoko txapeldunak. Argazkia: Asegarce.

Etxarrengo pilotariak Andra Mari Zuria, Bilboko Aste Nagusia eta Donostiako Hiria torneoak irabazi ditu, Altuna III.a, Elezkano eta Olaizola II.a bidaide izan dituela. Gaur Lekeitioko bigarren finalerdia jokatuko du Zabaletak, Altunarekin batera, Elezkano II.aren eta Rezustaren kontra

Udako torneoetako izarretako bat izan da Jose Javier Zabaleta. Etxarrengo pilotariak hiru txapel bildu ditu abuztuaren hasieratik ona, Gasteizen, Bilbon eta azkena asteburuan, Donostian.

Lehena Gasteizen jantzi zuen, Jokin Altunarekin batera. Etxarrengoak eta Amezketakoak uste baino errazago irabazi zieten sanferminetako txapeldun Joseba Ezkurdiari eta Beñat Rezustari (22 eta 13), distira gutxiko finalean. Final lehiatua espero zen, ez zegoen faborito argirik, baina Altunak eta Zabaletak agintea hartu zuten eta Ezkurdiari eta Rezustari ez zieten aukerarik eman. Horrela, elkarrekin Andre Maria Zuriaren bigarren torneoa lortu zuten Altunak eta Zabaletak.

Bilboko Aste Nagusiko Torneoan, aldiz, arerio izan ziren Zabaleta eta Altuna. Zabaletak Elezkanorekin osatu zuen bikoa eta Altuna III.ak, aldiz, Martijarekin. Finalerdian elkarren kontra aritu ziren bi bikoak eta ikusgarri aritu zen Etxarrengo atzelaria. Martija bere onetik ateratzea lortu zuen eta azkenean, 11 eta 22 irabazi eta gero Bilboko Aste Nagusiko finalerako sailkatu ziren  Zabaleta eta Elezkano. Olaizola II.a eta Larunbe izan zituzten aurkari torneoko finalean, abuztuaren 25ean. Pilota zaleek final ederra espero zuten, lehiatua, baina Zabaletak eta Elezkanok nagusitasun handiz jantzi zuten txapela, hasieratik agintea hartu eta 22 eta 9 irabazi eta gero.

Azken txapela larunbatean jantzi zuen Etxarrengoak, Donostia Hiria Torneokoa. Kasu honetan Aspek eta Asegarcek txapelketa mistoa antolatu zuten, eta bi enpresetako pilotariek elkarrekin jokatu zuten. Horrela, finalerako Aimar Olaizola eta Jose Javier Zabaletak osatutako bikotea eta Arteaga II.ak eta Beñat Rezustak osatutakoa sailkatu ziren. Nafarrek hasieratik hartu zuten aldea eta 13 eta 10etik 18 eta 11ra pasa ziren ia oharkabean. Azkenean, 22 eta 15 irabazi zuten eta Aimar Olaizolak udako bere lehen txapela eta Zabaletak, aldiz, hirugarrena lortu zuten.

Orain Lekeitiokoa?
Lekeitioko torneoa da egun jokoan dagoena. Atzo lehen finalerdia jokatu zen eta partida oso lehiatuan, Artolak eta Larunbek 22 eta 20 irabazi zieten Olaizola II.ari eta Aretxabaletari. Gaur, irailaren 3an, astelehenarekin, bigarren finalerdia jokatuko da. Atzera ere Altuna III.arekin ariko da Jose Javier Zabaleta, Elezkano II.aren eta Rezustaren kontra. Partida ikusgarria espero du katedrak. Jaialdia arratsaldeko bostetan hasiko da, Ezkurdiak eta Erostarbek Lasoren eta Imazen kontra jokatuko duten partidarekin. Ea asteazkeneko Lekeitioko finala jokatzeko aukera duten Altunak eta Zabaletak, daramaten uda bikainean beste txapela bat lortzeko.

Ezkurdiaren eta Martijaren beste txapelak
Zabaletak lortutakoez gain, beste txapela batzuk iritsi dira Sakanara egunotan. Abuztuaren 16an Labastidako Torneoko finala jokatu zuten Julen Martijak eta Altuna III.ak Bengoetxea VI.aren eta Albisuren kontra. Final bikaina izan zen, oso estua, azkenera arte erabaki ez zena. 14 eta 18 galtzen egon ondoren,  markagailuari buelta eman zioten Altunak eta Martijak, lan itzela egin eta gero, eta, bukaeran, 22 eta 20 irabazi zuten, Labastidako txapela preziatua lortuz.

Bestalde, Bilboko Aste Nagusiak Bizkaia Torneoko finala hartu zuen abuztuaren 21ean. Bi talde aritu ziren elkarren kontra, Kolitza eta Anboto, eta Joseba Ezkurdiaren Kolitzak lortu zuen garaipena. Lau eta erdian Joseba Ezkurdiak (Kolitza) 22 eta 10 irabazi zion Victorri (Anboto), eta binakakoan Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak (Kolitza) gutxigatik galdu zuten Iñaki Artolaren eta Jon Ander Albisuren (Anboto) kontra, 20 eta 22. Horrela, azkeneko partidak, buruz burukoak erabaki zuen: Elordik (Kolitza) 22 eta 10 irabazi zion Erasuni (Anboto) eta garaipena eman zion Kolitza taldeari. Bildumarako beste txapel bat lortu zuen Ezkurdiak.

Bukatzeko, Aspek Kpilota txakoli desafioa irabazi zuen abuztuaren 28an Donostian, eta Karlos Argiñanoren upategietako 600 txakoli ardo botila irabazi zituen Eibarko enpresak. Donostian jokatutako jaialdian, lau eta erdian P. Etxeberriak 22 eta 10 irabazi zion Peña II.ari; Altuna III.a eta Ezkurdia 12 tantotan utzi zituzten Artolak eta Olaizola II.ak; eta azken partidan Elezkano II.ak 22 eta 20 hartu zuen menpean Victor, buruz buru.