Eskola uzteari aurre egiteko programa ezarriko dute

Guaixe 2018ko urr. 4a, 19:52
Iturmendiko eskola. Argazkia: artxiboa.

Eskola porrota eta eskola uztea hezkuntzarekin loturarik ez izatearekin oso erlazionatuta daude. Hezkuntzan arrakasta izateko, beraz, ikasleak ikasketekin lotura emozionala, kognitiboa eta soziala izatea nahi da.

Iturmendiko, Urdiaingo eta Olatzagutiko eskoletako ordezkariak Proeducar-Hezigarri programan parte-hartzen asteartean hasi ziren. Sare horretan Nafarroako beste 37 eskola daude. Nafarroako Gobernutik gogorarazi dutenez, “hezkuntzaren erronketako bat da, sistemak ez dezala inor atzean utzi. Izan ere, hezkuntza, orokorrean, gizarte batek mota guztietako desberdintasunak konpentsatzeko duen tresna onena da”

Hezkuntza Departamentuak Hezigarri programarekin lortu nahi du “ikasle guztiak gizarte eta lan arloko bizitzarako beharrezkoak diren gaitasun guztiak sortzeko gai izatea. Horrela, eskola-porrota eta eskola uztea ekidinez”. Departamentutik gaineratu dutenez, “programa gizarte arloko prestakuntza sustatzeko eta berdintasunerako bidean aurrera egiteko tresna da. Hezkuntzan arrakasta lortzeko ezinbestekoa da ikasleek eta beraien familiek ikasketarekin lotura emozionala, kognitiboa eta soziala lortzea”. 


Hezigarri programak irakasleak trebatzen ditu. Baina, horrekin batera, ikastetxeen antolakuntza eta metodologia eraldaketa dakar ere. Batzuetan ikastetxearen arkitektura osaeran ere eragina du. Ikastetxeen eraldaketa hiru jarduera ildo segituz egiten da: metodologia inklusiboak, elkarbizitza sustatzea ikasgelan egiten den lan emozionaletik, eta familien eta komunitatearen partaidetza ikastetxean.

Lankidetzan oinarriturik, hiru fasetan ezartzen da programa eskola bakoitzean. Lehenik, eskolaren hasierako egoerari buruzko gogoeta, partekaturiko diagnostikoa eta hobekuntzarako proposamenak egiten dira. Bide batez, eskolarako amets bat definitzen da. Ondoren, inklusiora eta partaidetzara daraman norabidean aurrera eginen duten antolakuntza eta curriculum arloko neurriak indarrean jarriko dituzte, haien eraginaren ebaluazioa eginez. Eta, azkenik, ikastetxearen “nortasuna” oinarritzeko adostu diren neurrien eta jardunbideen sistematizazioa eginen da. Programan parte hartzen duten ikastetxeek esperientziak trukatzeko sarea osatzen dute.