Vermeer

Mar Gonzalez Ruiz de Larramendi 2018ko urr. 19a, 08:15

kolaboratzaileak

Rijkmuseum-eko emakume horrek
bere lasaitasun eta arretarekin
egunero
esnea ontzian jariotzen
jarraitzen den artean
ez du munduak
munduaren amaiera mereziko.

Wislawa Szymborska


Vermeerren irudia nahikoa da, ez du inolako azalpenik behar. Wislawa Szymborskak hori badaki, eta ulertzen du ezin dituela haren arintasuna, koloreak, argia… hitzetan jaso.

Hala ere margolariaren irudian murgildu da, eta bertatik emakumea salbatu du, haren lasaitasuna eta eskuetan eusten duen esne pitxerra. Gainerako guztia  berriz kanpoan utzi du, ez omen du behar.

Eta horrela koadro berria gure begien aurrean esnatu eta mugitzen hasten da. Vermeerren irudia izateari uko egiten dio, izoztutako korronte batean betirako geldituta. Wislawaren bertsoek, amaierarik ez duen isurtze horren senean denbora oparitzen digute, eguneroko bizia, irudian geldirik dirudien esnea haren begietan jariotzen ari delako, eta esnearen korrontea mantentzen den artean, ez duelako munduak munduaren amaiera mereziko.

Eta bat-batean, hitzen artean ezkutatzen zen apokalipsiak eztanda egiten du, eta bertsoek margoan ez genuen munduaren amaiera ekartzen digute; baina etorkizunerantz luzatzen den apokalipsia, lasaitasun eta arretarekin gozotutako akabera. Eta momentuz, gainera, margolariari esker, ez dugu munduaren amaiera mereziko.

Eta horregatik, gaur libururen batean Wislawaren hitzak zutik aurkitzen baditugu ere, Rijkmuseumera bidaliko gaituzte behin eta berriz, temati, beti izango dute urdin eta horiz jantzitako emakumearen haragia faltan. Poema poema bada ere, eta margoa margo, koadroa desagertu eta emakumeak esnearen jarioa etentzen badu, guztiok mereziko dugulako apokalipsia, heriotza eta munduaren amaiera.