Zatikatze gunea ez da aurten eraikiko

Guaixe 2018ko urr. 19a, 12:12
Hiltegiaren eskuin aldean, furgoneta dagoen tokian, jasoko da zatikatze gela.

Lehen sektorearendako azpiegitura horretarako diru-laguntza atzeratu egin da eta espero baino diru gutxiago jaso da lanerako.

Etxarri Aranazko hiltegiaren osagarri eta aldi berean independente, eraldaketa gune bat egitea zen Sakanako Plan Estrategikoko aurtengo lehentasunetako bat. Eraldaketa gunearen lehen fasean zatikatze gela kolektiboa aurten egitekoak ziren. Abeltzainek han haragia zatikatu edota manipulatzeko aukera izanen lukete eta osasun-zigilua jasota zuzenean salgai jartzeko aukera. Proiektua Etxarri Aranazko Udalak, Sakanako Garapen Agentziak (SGA), Belardi ekoizle elkarteak eta Sakanako hiltegia kooperatibak landu dute.

SGAk jakinarazi duenez, “halako proiektuetan gertatu ohi denez, prozesuan zailtasunak agertu dira, eta horietako asko eta asko gainditu badira ere, obra modu egokian egiteko gutxieneko baldintzak ez dira lortu”. Jakinarazi dutenez, alde batetik, Etxarri Aranazko Udalak Nafarroako Gobernuari eskatutako diru-laguntzaren ebazpenak atzerapen handia izan du, “ondorioz obra egiteko duen epea zeharo murriztu da, bideragarria ez izateraino”. Bestetik, “emandako diru-laguntza eskatutakoa baino gutxiago izan da, beraz, obraren kostua ez litzateke %100ean diruz lagunduko. Hori zen obra egiteko Etxarri Aranazko Udalaren nahitaezko baldintza”.    

Aurrera
Zatikatze gela urte akaberarako egina ez badago ere, SGAtik argitu dutenez, “hainbat eragilerekin batera egin beharreko lanketak aurrera jarraitzen du eta ahalik eta epe motzenean proiektua gauzatzeko apustua argia da”. Agentzian elikadura teknikari den Nerea Viana Zugadik azaldu duenez, “halako proiektu batek Sakanako garapen iraunkorrean, bai elikadura sistemarengan eta ekoizleen errentagarritasunean duen eragina estrategikotzat jotzen da eta, beraz, proiektua epe motzean bideratzeko lanak aurrera jarraituko du”.

Bestalde, Vianak jakinarazi du agentziak zatikatze gune kolektiboari buruzko bideragarritasun ikerketa eginen duela. Helburua, “zerbitzua erabiltzeko interesa luketen abeltzain eta bestelako herritarren demanda aurreikustea”. Horregatik, gunean interesa dutenek SGArekin harremanetan jartzera gonbidatu dituzte (info@sakanagaratzen.com e-posta helbidera idatziz edo 948 117 344 telefonora hots eginez).