Euskaldunok behar dugun legearen alde, Iruñera

Guaixe 2018ko urr. 26a, 09:16
Hainbat eragiletako ordezkarik biharko manifestazioan parte-hartzera deitu dute.

Behingoz euskara ofiziala Nafarroa osoan lelopean Kontseiluak mobilizazioa deitu du Iruñean biharko, 17:00etan. Gaztelu plazatik, Media Lunatik eta Iturrrama-Abejeras kaleen bidegurutzetik adarrak atera eta Autobus geltokian elkartuko dira. Sakandarrak gaztelu plazatik abiatuko de adarrean parte hartzera gonbidatu dituzte.

Euskararen gizarte erakundeen Kontseiluak deitutako manifestazioarekin 80 eragilek bat egin dute. Eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean agerraldia egin zuten asteartean. Izan ere, Parlamentuan Euskararen Lege berria egiteko ponentzia lanean ari da. "Abaguneak eskaintzen duen aukera baliatu behar du Nafarroako gizarteak, lege berri bat onduz egiazki eta efektiboki aitortu eta berma daitezen euskaldunon hizkuntza-eskubideak, behingoz".

Horregatik, adierazi zuten alderdiei dagokiela "oinarri berri sendoak jartzea, lege berriak erantzun diezaien herritarron beharrei, eta etorkizun hobe bat izan dezagun Nafarroako berezko hizkuntza den euskarak eta euskaldunok, eta eskubide berdintasunean, injustiziak zuzenduz, herritarron ongizatea zainduz eta gizarte kohesioa erraztuz".

80 eragile horien iritziz "euskaldunok merezi eta behar dugun lege babesaren alde egiteko unea da". "Guztion erantzukizuna da, bakoitzak bere aldetik, norabide berean bultza egitea. Horregatik, bat egin dugu mobilizazioarekin. Euskaldunontzat ona izango den Legea egiteko aukera hau bultzatuko dugu".

Gogoratu dutenez, "zailtasunak zailtasun, herritarron nahiak eta lanak ekarri gaituzte gauden tokira, eta euskaraz bizitzeko ilusioa eta helburu hori lortzeko gogoa bizi-bizi daude. Hain zuzen, euskaraz bizitzeko herri gogo hori ere izan zen 2015ean gertatutako aldaketa politikoaren eragileetako bat".

Aurrekoa
Manifestazioaren deitzaileek gogoratu dutenez, egungo "Euskararen Legeak eskubideak bermatu baino mugatu egiten dizkie herritarrei. Euskaraz bizitzeko eskubidea tokiaren arabera baizik ez zaio aitortzen herritarrari". Eta horren hiru ondorio aipatu dituzte "gizarte kohesioaren aurka egiten du, tentsioak eraginez eta pertsonei bizimodua zailduz; irudi txarra zabaltzen du gutaz, bazterkeria legez jasota duen komunitate bat aurkeztuz eta, azkenik, ez du euskararen garapena ahalbidetzen. Ez da dinamikoa, ez da gizartearen euskalduntzearekin batera eguneratu". Horregatik, Iruñera deitu dute.