Plastikoak hegan ateratzeari uzteko

Guaixe 2018ko aza. 11a, 19:51
Hondakindegiko transferentzia kaiari ateak jarriko dizkiote. Artxiboa.

Arbizuko hondakindegiko transferentzia gunean ateak jarriko dituzte aurki. Horrela haize-egunetan plastikoak hegan ez ateratzea lortu nahi da. Bitartean, hondakinak botatzeko gune berria egiteko lanek aurrera segitzen dute.

Sakanako Mankomunitatearen Hondakinen Zerbitzuak ibarrean biltzen dituen ontziak hondakindegian bildu eta gero tratamendu plantara eramaten ditu. Zamalanetako kaian kamioien gabarrak sartu eta bertan hondakinez kargatzen dira. Plastikoen kasuan haizeak eraman egiten ditu eta hori eragozteko kaia erabat itxiko da. Horretarako, egungo eraikinari 102 metro karratuko beste eremu bat gehituko zaio (20,4 m fatxada, 5 m zabal eta 8 metro altu) eta ateekin ixteko aukera izanen da. Aurrefabrikatutako hormigoi armatuz eginen da eraikin berria. Mank-eko presidente David Oroz Alonsok esan digunez, lanak aurki hasiko dira. Lanak Construcciones Lacunza Hermanos SL enpresak eginen du eta horien truke 115.924,51 euro jasoko ditu (BEZ kanpo).

Bitartean, hondakindegian industriako hondakin bizigabe ez arriskutsuak botatzen diren 32.280 m2-ko zatia ixteko lanek aurrera segitzen dute. Hura ixtearekin batera, hondakin mota hori hartzeko 22.000 m2 izanen dituen beste zati bat prestatzen ari dira. Han 98.000 m3 hondakin pilatzeko ahalmena izanen da. Zati berri horrek 10 urtez hondakinak jasotzeko aukera izanen du. Urtero 9.000 m3 jasotzea aurreikusten da. Orozek azaldu digunez, lanak aurten despedituko dira.

Toki aldaketa
Abiadura Handiko Trenaren balizko ibilbideak Mank-ek eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoak hondakindegian konpost planta egiteko zuten asmoa aldatu du. Tren azkarraren eraginez, konpost plantarendako leku berri bat opatu behar izan dute bi administrazioek. Hondakindegi inguruan izanen da hori ere. Baina kokapen berria izatean administrazio tramite guztiak berriro hasi behar izan dituzte. "Aurrera doa" esan digu Orozek.

Bitartean, Altsasun eta Ziordian jartzekoak diren garbiguneen administrazio bidea aurrera segitzen duela jakinarazi digu Orozek. Aurreikusia zegoen ere Hondakinen Zerbitzurako kamioi bat erostea, baina erosketa heldu den urtean eginen dela aurreratu digu Mank-eko buru Orozek.