Sakandarrak Ipar Eskiko Eskola Kanpainaren 35. edizioan

Guaixe 2018ko aza. 20a, 12:38

Ilbeltzaren 7tik apirilaren 12ra bitartean gauzatuko da, Erronkari eta Zaraitzuko ibarretan. Tartean Sakanako ikastetxeek hartuko dute parte

Aurreko astean aurkeztu zuten Ipar Eskiko Eskola Kanpainaren 35. edizioa Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak, CaixaBankeko lurralde zuzendari Ana Diez Fontanak, Nafarroako Kutxa Fundazioko zuzendari Javier Fernandez Valdiviesok, Otsagabiko alkate Juan Manuel Tohanek, Izabako alkate Jesus Maria Baracek eta Amaia Mozo kanpainaren koordinatzaileak. Ipar Eskiko Eskola Kanpaina ilbeltzaren 7an hasi eta apirilaren 12ra bitartean luzatuko da, Erronkari eta Zaraitzuko ibarretan eta Nafarroa osoko 155 ikastetxetako 5.500 ikasle inguruk eta 436 irakasle inguruk hartuko dute parte. Tartean daude Sakanako hainbat ikastetxe. Antolatzaileek adierazi zutenez, “kanpainak ahalegin berezia eginen du kirolaren eta bizikidetzaren balioetan oinarritutako formakuntza bultzatzeko”.

Finantzaketa
Aste Zuria bezala ezagutzen da Ipar Eskiko Eskola Kanpaina eta makina bat ikastetxe sakandarrek urteak daramatzate bertan parte hartzen. Beste batzuk aurten hasiko dira lehen aldiz. Esperientzia positiboa dela diote ikastetxeek eta ikasleak eskiatzera joateko zoratzen egoten direla. Kanpaina antolatzeaz Larra-Belagua Ipar Eski Zentroa kudeatzen duen Navarra de Infraestructuras de Cultura, Deporte y Ocio (NICDO) Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoa arduratu da, Erronkariko eta Zaraitzuko Ibaxen eta Izabako eta Otsagabiko Udalen lankidetzarekin. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua eta Hezkuntza Departamentua finantzaketaz arduratu dira, 210.500 euroko kontu-saila tarteko, eta La Caixa Gizarte Ekintzak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak 425.000 euroko ekarpena egin dute. Halaber, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuak 6.000 euro eman ditu ikasleentzako otarteko-zorroak erosteko, bi ibarretan dauden Natura Interpretatzeko Zentroetako jardueretan lankidetzan jarduteaz gain.

Aurreko edizioan bezalaxe, familia ugarietako ikasleek deskontuak izanen dituzte (% 10ekoa kategoria orokorrekoek eta % 20koa kategoria berezikoek). Bestalde, 100 plaza sustatu dira egoera sozioekonomiko kaskarrean dauden ikasleentzat, kanpainan doan parte hartzeko aukera izan dezaten. 56 ikastetxetatik bildutako 396 eskariren artean zozketa bat egin da plaza horiek esleitzeko.

Balioetan oinarritutako formakuntza
Aurkezpenean nabarmendu zutenez, aurtengo kanpainan arreta berezia emanen zaio balioetan oinarrituriko formakuntzari. Horretarako, monitoreei zuzendutako bi tailer programatu dira: lehendabizikoa abendutik urtarrilera bitartean eginen da, kanpaina abiatu baino lehen, Erronkari eta Zaraitzuko ibarretatik datozenentzat (Izaba eta Otsagabia). Ondoren, urtarrilean, beste formakuntza bat antolatuko da ibar horietakoak ez direnentzat.
Tailerren edukia eskiko eskola kanpainaren testuinguruan sor daitezkeen gatazkak konpontzeko estrategia eta trebetasunei buruzkoa izanen da, eta bizipenezko metodologia praktiko baten bitartez landuko da helburu hauek lortzeko xedez: partaideak animatzea jarduera fisiko positiboa sortzen eta zabaltzen lagun dezaten, eta indarkeriazko egoerak prebenitzea.

Eskia baino gehiago
Partaideen artean, ikasle gehienak Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak eta Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetakoak dira. Erronkariko Ibaxan ostatu hartzen dutenak Larra-Belaguako Ipar Eski Zentrora joanen dira eskiatzera, eta Zaraitzuko Ibaxan ostatu hartzen dutenak, Abodiko pistetara.
Eskia da jarduera nagusia, eta horretan jarduteko bi txanda antolatuko dira goizez. Partaideen eski mailaren araberako taldeetan banatuta, ikasleei nahiz hauekin batera datozen irakasleei ipar eskia edo iraupen eskia era ludikoan ikasi eta horretan trebatzeko aukera eskaintzea da aste honen helburu nagusia. Kirol hau da neguan mendian praktika daitekeen jarduerarik osasungarri eta osoenetako bat, eta Erronkari eta Zaraitzuko ibarrek natur eremu ikusgarria eskaintzen dute eskian jarduteko.
Arratsaldez, hainbat jarduera antolatuko dira. Kanpaina Erronkariko Ibaxan egiten dutenek antzerki-emanaldiak ikusi, Izabako udal igerilekura joan, herri kiroletan saiatu eta Erronkariko Natura Interpretatzeko Zentroa nahiz Julian Gaiarre Museoa bisitatzeko aukera izanen dute. Zaraitzuko Ibaxan, herri kiroletan trebatzeaz gain, ezpel zurezko eskulanak egin eta Otsagabiko Natura Interpretatzeko Zentroa bisitatu ahalko dute. Gainera, bi ibarretan, ostegun arratsaldez festa antolatuko dute eski kanpainan parte hartzen duten ikasleentzat.

Aurtengo kanpainan, ingurumenaren zaintza lantzen jarraitu nahi da. Horretarako, Erronkariko eta Zaraitzuko natura interpretatzeko zentroekin eta Ezka-Zaraitzuko Hondakinen Mankomunitatearekin batera, birziklatzea sustatuko da ingurune osoan (ostatuak, eski zentroak, kaleak, etab.), uraren eta energiaren kontsumoaren garrantzia azpimarratuko da eta, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuaren ekarpenari esker, otorduetako otartekoak partaideen artean banatuko diren otordu-zorroetan bilduta eramango dira.

Aurten, arreta berezia emango zaio argi kutsadurari. Horri aurre egiteko, gaueko zerua hobeto ezagutu eta neguan izarrez gozatzea ahalbidetuko duten hainbat jarduera programatu dira.