XIV. Gure Pilota Sakanako Nesken Pala Txapelketa abian

Guaixe 2018ko aza. 29a, 14:19
Aurreko urteko Nesken Pala Txapelketako finalistak.

Abenduan jokatuko da Mank-ek eta Gure Pilotak antolatutako emakumeen pala txapelketa. Guztira 33 bikote arituko dira, helduen mailan eta gaztetxoen mailan

Sakanako Mankomunitateak, Etxarri Aranazko Gure Pilotaren, Nafarroako Gobernuaren eta Irurtzungo Udalaren laguntzarekin XIV. Gure Pilota Sakanako Nesken Pala Torneoa antolatu du. Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak adierazi digunez, guztira 33 bikotek jokatuko dute, 66 palista inguruk, bi maila nagusitan banatuta: helduak (lehen maila eta bigarren maila) eta gaztetxoak, 9 urtetik gorakoak (txitoak, kattagorriyek, usoak, pottokak eta tximeletak).

Txapelketa abenduan jokatuko da. Helduen mailakoek asteburutan jokatuko dute bereziki, eta gaztetxoen arteko partidak astean zehar jokatuko dira nagusiki, haiei ongi dagokien tarteak aprobetxatuz.

Lehen mailako bikoteak sei dira: Irati Igoa-Maider Mendizabal, Yanira Aristorena-Maite Ruiz de Larramendi, Uxue Murillo-Erasun, Larrarte-Arrieta, Isasmendi-Leire Etxaniz eta Irazustabarrena-Maider Huizi. Bigarren mailan lau bikote ariko dira: Irati-Uxue, Amaia-Paula, Maider-Aroa eta Olaia-Leire. Hauei gaztetxoen mailan ariko diren bikoteak gehitu behar zaizkie. Txitoetan 5 bikote lehiatuko dira (June C-Onditz, Mireia-Asmae, Arhane-Iraia, Luzia-Nahia G eta Lierni-Nahia I.), kattagorriyetan 5 bikote (Maia-Maddi, Aizeti-Lexuri, Amaia-Irati, Araitz-June O. eta Aitzara-Elene), Usoetan lau (Miren-June L., Izadi-Eider, Ane I.-Maialen L. eta Uxue L.-Haizea), Pottoketan lau (Ane B-Irati, June A.-Maria, Maialen-Julene eta Olaia-Auritze) eta Tximeletetan hiru.

Partidak Sakanako pilotalekuetan jokatuko dira, tartean Etxarri Aranatzen, Irurtzunen eta Olaztin. Finalerdiak Etxarri Aranatzen jokatuko dira abenduaren 23an, eta final handiak toki berean, abenduaren 29an eta 30ean.


XIV. Gure Pilota Sakanako Nesken Pala Txapelketa
1. mailako 1. jardunaldia: igandean, 11:00etan, Irurtzunen:
Murillo-Erasun / Isasmendi-Etxaniz
Larrarte-Arrieta  / Irazustabarrena-Huizi

1. mailako 2. jardunaldia: abenduaren 6an, ostegunean, 11:00etan, Olaztin:
Irazustabarrena-Huizi / Igoa-Mendizabal
Isasamendi-Etxaniz / Aristorena-Ruiz de Larramendi