"Vendetta bukatu da"

Erkuden Ruiz Barroso 2018ko abe. 21a, 12:08

Momentu gorenean esanen diote agur Vendettari, Pello Reparaz eta Luisillo Kalandraka taldeko kide sakandarren hitzetan. Vendetta gehiagorik ez da oraingoan izanen

Bost disko, 60 kanta eta ehundaka emanaldi egin dituzte, Euskal Herrian zein kanpoan. Hamar urteko ibilbidearen ondoan Vendettak Agur Kontzertua eginen du datorren ostiralean, abenduaren 28an, Hatortxu Rockeko karpan.

Derrigorrezko galdera, zergatik orain?
Pello. Hori da jendeak galdetzen duena. Zergatik orain, taldea hain ondo kokatua dago, hainbeste kontzertu egiten direnean eta horren harrera duenean. Taldearen harrerarekin zerikusirik ez duen erabaki bat izan da. Erabaki artistiko bat izan da. Estilistikoki edota artistikoki beste ibilbide batzuk hartzeko unea heldu zitzaigula pentsatu genuen eta beste proiektu batzuekin aurrera egiteko Vendettari amaiera ematea egokiena izanen zitekeela uste genuen.
Vendetta taldea. GUILLERMO URKIJO
Hamar urte atzera eginen dugu. Nola sortu zen Vendetta?
Luisillo. Javiero eta biok Skalariak taldetik gentozen. Enri-
kko eta Ruben ere azken etapa horretan egon ziren. Beraz, ska egiten zuen banda bat zen. Skalariak gelditu zenean, Javiero eta biok zerbaitekin jarraitu behar genuela erabaki genuen. Javierok ordenagailuan hainbat abesti zituen eta inguruan zegoen jendea proiektuan parte hartzeko deitu genuen. Azkenean Pello erori zen ondoan zegoelako. Eta horrela hasi zen kontua. Ezin genuen ezer egin gabe egon.

Horrelako oihartzuna edo ospea izatea espero zenuten?
P. Taldea hasi zenean ez neukan perspektiba handirik. Luisillok gehiago izanen zuen ni oso gazte hasi nintzelako, 17 urte nituen, eta egiten nuen hauek esaten zutena. Gerora beste izaera bat eta beste nortasun bat garatu nuen. Nik neuk taldearen barrutik ikusi dut zein izan den taldearen bilakaera. 17 urterekin gauza asko espero dituzu eta amets asko dituzu. Modu batera edo bestera bazen ametsetako bat. Baina espero ez, ez nuelako fundamentuzko irizpiderik. Baina egia da urteekin harritu edo sorpresaz hartu nauela guzti honek. Azken urteetan, gehien bat, ikaragarrizko bilakaera potentea hartu du proiektuak. Eta opari bat izan da, esperientzia ahaztezina.
L. Musika talde bat sortzen duzunean gauzak kontatzeko gogoengatik sortzen duzu. Zure mezua jendearengana iristeko desira horrengatik. Kontatzeko nahi hori duzulako, eta feed-back-a egotea nahi duzu. Adierazteko eta gauzak kontatzeko modu bat da. Hori da musikak duena. Ez duzu pentsatzen noraino iritsi nahi duzun. Bestela, ez bazara iristen, zer? Ez du zentzurik, esaterako, Viñarock-en jotzeko talde bat sortzea. Gustura zauden talde batean jo behar duzu. Lehenengo aldiz baxu bat hartu nuenean ez nuen espero, inolaz ere ez, baxuarekin dirua irabaziko nuenik. Eta 30 urte daramat.

Nola definitzen duzue Vendetta?
P. Vendettak bilakaera estilistikoa izan duen arren, jatorri jamaikarreko estiloak izan dira proiektuaren ardatz. Hau da, ska, rocksteady eta reggae estiloak. Gehien bat ska izan da oinarria eta abiadura aldetik agian rocksteady pixka bat ere egon da, baina disko bakoitzak hainbat estiloen elikadura jaso du. Beti egin izan dugu nahi izan duguna. Batzuetan disko batetik bestera asko aldatzen zen, eta azken disko honetan hiru estilo horietara hurbildu gara. Bilakaera nahiko xelebrea izan du taldeak.

Nolako aldaketak izan dira?
L. Estilo bat beste batekin uztartzen dugu, ez gara inoiz izan reggae edo ska purua. Ska izan da bidea eman diguna nahi genuen beste erritmo bat jotzera. Dantza egiteko eta ondo pasatzeko aukera ematen ziguna. Helburua da jendea dibertitzea eta hankak lurrean izan eta burua argi. Kontzientzia sortzea, azken finean. Estilo guztiak baliagarriak dira nahi duzun hori adierazteko. Beraz, estilo bakoitzarekin banda ezberdin bat sortzen da. Batek abesten duenean banda bat da, beste batek abesten badu banda guztiz desberdin egin dezake. Taldea aberasten zuten gauzak dira. Esperientziak gehitzen joan gara. Adibidez, landa etxe batera joaten ginen diskoak prestatzera eta hor egiten genituen abestiak gure kabuz. Bapatean funky zati bat atera zen, eta funky abesti bat egin genuen. Nola agertu zen funkya? Arratsalde batean Pello baterian eseri zen eta ni baxuarekin nengoen eta akorde batzuk egiten hasi ginen. Akorde horiek abesti bat bihurtu ziren. Inork ez zuen pentsatu disko horretan funkya erabiliko genuenik. Zorionez, bizitzak harritzen zaitu eta espero ez dituzun gauzak agertzen dira.

Egindakoarekin pozik zaudete.
P. Bai, oso. Nire bizitzako esperientzia izan da eta hamar urte hauetan polita izan da bizitako guztia. Eta oso harro nago egin ditugun gauzekin. Baita egin ditugun akatsekin ere. Akatsak beti egiten dira eta hauetatik ere ikasi behar da.
L. Jendearen maitasuna gehien sentitu dudan taldea izan da. Besteak nazioartekoagoak ziren eta agian horregatik. Skalariak-en, esaterako, Suizara joaten ginen eta izenez agurtzen zidaten. Gero Zumarragatik joaten nintzen eta ez zidan inork ezagutzen. Gertutasun hori faltan botatzen nuen. Orain gertatu da nik faltan botatzen nuen hori. Eta bete da modu ikaragarri batean, gainera. Gustatzen zait kalera ateratzea eta jendeak nirekin hitz egitea.

Zaleen artean adin tarte handia duzue.
P. Bai. Nik 17 urte nituen Vendetta hasi zenean eta orain 27 urte ditut. Beraz, gurekin hasi zirenak eta gero jarraitu ez zutenak, gurekin hasi zirenak eta jarraitu zutenak eta Vendettaren alboan gelditu direnak, eta ez zirenak gurekin hasi baina beste diskoen bilakaerarekin hurbildu direnak ere daude. Familia handia osatu dugu eta familia oso zabala da. Urte hauetan zehar sortu dugun belaunaldi ezberdinen arteko proiektu bat da. Gaztetxo gaztetxoetatik, Venddetta azken diskoarekin jarraitzen hasi zirenak, hasieratik dauden horietara. Adin tarte handia eta aberatsa hartzen dugu. Eta hori ere polita da.
Luisillo Kalandraka Vendetta taldeko baxu-jole eta ahotsa. GUILLERMO URKIJO
Musikaren bilakaeran, zaleek zerikusirik izan dute?
P. Vendettak nahiko bilakaera independientea egiten saiatu da, baina bai izan dugu eragina. Nik pertsonalki nahita edo ez, normalean ez dut nahi izan, baina onartu beharra dut kanpoko faktoreek eragina izan dutela. Horren aurka borrokatzen saiatu naiz, batzuetan irabazi dut eta bestetan galdu. Normalean beti saiatu izan gara independentziarekin sortzen, eta egia kanpoan gauza asko gertatu direla eta batzuetan oso zaila izan dela.

Zein une geldituko izanen duzue beti gogoan?
L. Beti berdina esaten dut, astuna izan naiteke, baina Saharara joan ginen eta koltxoi batean etzanda zegoen gizon tetraplejiko bati abesti bat jo genion. Paradoxa bat zen, gizonak Espainiako ejerzitoarekin borrokatu zuelako eta kolonia izateari utzi zuenean txakurrak bezala botata utzi zutelako. Ospitalean medikurik ez dute, eta zaintzaz familia arduratu behar da. Saharan jende guzti horren aurrean jotzeko aukera izan genuen. Nik baxua jotzen dut eta elektrizitatea behar dut jotzeko, baina bertan ez neukan baliabiderik eta berdin zitzaidan gitarra bat hartzea, danbor bat... Zerbait egingo nuen. Irribarre bat ateratzen genien eta asko disfrutatu zuten. Ekipo handirik gabe ezta masa handirik gabe ere. Gauza txiki horiek dira betetzen zaituztenak. Jendeari aurpegira begiratzen diozunean. Bandarako eta bandako kide guztietarako bidai hori ahaztezina izan zen. Ez genuen bertakoa benetan ezagutzen.
P. Begitara begirara jo genion eta aurretik azaldu genion zer esan nahi zuen abestiak. Abestia jo genuenean ikusi genuen gizonaren aurpegian malko bat zegoela. Niretako une hori garrantzitsuenetarikoa izan zen. Ezin genuen abestiarekin jarraitu. Bukatu, bukatu genuen, baina une horrek betirako markatzen zaitu. Eta gero abesti hori atera berri hemen Arbizun, nire herrian, lehenengo aldiz jo nuenean ere oso berezia izan zen.

Taldearen eta zaleen arteko gertutasun hori sentitzea berezia izan da.
L. Nik garrantzia ematen diot horri. Inork ez dezala pentsa ni bera baino gehiago naizenik, edo desberdinak garenik. Dudarik ez izateko gai honetan. Mintzen nauen gauzak dira. Gauzak usteltzen ari dira eta usteltzen ari direla esan behar duen pertson hori ez zaio alabatu behar; dena usteltzen ari delako. Pertsonen artean ez dago berdintasunik. Musikaria naiz. Egin dezaket abesti bat ilea lazten zaituena, baina zuk idatzi dezakezu artikulu bat niretako ere berezia dena. Baina hori besterik ez da. Berdintasuna. Bestela onartu ezin diren klaseak sortzen ari gara.

Abenduaren 28an Agur kontzertua izanen da. Zer prestatzen ari zarete?
L. Kontzertu luzea egin behar dugu. Vendettaren historiaren kontzertu luzeena izango da, eta nik uste taldeko musikarien kontzertu luzeena izango dela ere. Orain arte egin duguna eta atzean utzi dugunaren errepasoa egingo dugu. Eta saiatuko gara hainbat abesti modu desberdinean jotzen. Harizko hirukote batekin edo haizezko instrumentuak laguntzen egongo dira, koroak egiten ere laguntza izango dugu... Baina ez dira kolaboratzaile ospetsuak izango. Abesti horrek zer behar duen begiratuta hartuko ditugu. Abestiak beste modu batera jantzi eta orain arte egin ez dugun kontzertua egin.
P. Vendetta izango da. Ez Vendetta eta lagunak.

Kontziente zarete Vendetta amaitzen dela?
L. Baietz esango dizut, baina gitarrarekin azken akordeak egiten ditudanean beste sentsazio batzuk izango ditut. Momentuz nahiko lasai nago, egia esan. Kontzertuaren aurreko bi egunetan tripetan zizareak hasiko dira eta jasanezina egongo naiz.
P. Nik uste ez garela erabat kontziente izango denbora tarte bat pasatzen den arte. Martxoan, esaterako, pentsatuko dugu birarik ez dugula eta apirilean ez garela areto batetik bestera joan behar. Ostiralak eta larunbatak libre izango ditugu, eta hori bai kontziente izaten lagunduko digula. Poteatzera atera ahal izatea eta gauza horiek gertatzen direnean esango dizut. Ez dakit teknikoki eta musikalki zer suposa dezakeen, baina egia da oraindik ez naizela erabat kontziente. Urduri bai. Oso urduri nago kontzertuarekin.
L. Sendatu ezin den gaixotasun bat bezala da. Badakite hilko dela eta hobe hartzen dela esaten dute. Baina gertatzen denean... Beraz, 28ra arte bizitzak jarraitzen du betiko moduan. Aurrera egin nahi duzu, baina oraindik ez duzu denbora libre asko horri eskaini behar diozulako. Beraz, kontzertuaren hurrengo egunean beste modu batera ikusiko dugu, hori bai. A-rekin bukatu dugu, B-rekin has gaitezke.
Pello Reparaz Vendetta taldeko tronboi-jole eta ahotsa. GUILLERMO URKIJO
Behin betiko agurra da.
Bai.
P. Vendetta bukatu da eta bilakaera potente bat izateko aukera bukatu zaigu. Lagun moduan utzi dugu. Beraz, gerta liteke hemendik hainbat urtetara berriz elkartzea kontzerturen bat egitera. Baina ez dugu buruan, ez dugu pentsatu. Baina ezetz ezta ere ez dugu esango.

Etorkizunerako zer?
L. Jendea istoriotan sartzen ari da. Ni nahiko lasai nago, baina jendeak gauzak egiten ditu. Vendettarekin batera hainbat proiektu egin izan dira, baina makinak dena hartzen zuen, ezetz zirudien arren. Ez da berdina film bateko soinu banda bat egin aldi berean Vendettarekin ari zarenean edo Vendettarik gabe. Javierok gauza asko egin izan ditu beti, baina bigarren plano batean gelditu dira. Proiektuak daude, ideiak ere. Azken egunera arte itxoin beharko dugu.

Beraz, denbora gehiago izango duzue zuen proiektu pertsonaletarako.
P. Denbora aldetik Vendettak kriston zatia hartzen du. Denbora kentzen dizu horrelako proiektuak egin ahal izateko. Beraz, Vendetta alboan ez izatea proiektu txiki horiek garatzeko denbora pila bat ematen dizu. Proiektu berri bat hasteko aukera ematen dizu ere, bai denbora aldetik bai erantzukizun aldetik. Nor bere proiektuak sortuz joan da. Esaterako, Javierok bere anaiarekin taldea berria plazaratu du eta kontzertuak ematen dituzte. Rubenek eta Enrikkok Modu operandi talde sortu dute ere. Eta, nola ez, beste hainbat proiektu jaiotzen ari dira. Baina, momentuz, Vendettaren amaierarekin zentratuta gaude.
L. Guzti honen yonkiak gara. Joan gaitezke asteburu bat Pirinioetara, hurrengoa ere joango gara, baina hirugarrenean agertoki bat beharko dut.

Zer eman dizue Vendettak?
L. Niretako Vendetta seme-alaba bat izatea bezala izan da. Hazitzen ikusi dut eta nahi izan zuena egin du. Eta orain beste bat izan beharko dut. Hain handia egin da... Nik ez ditut sare sozialak kontrolatzen, baina berak bai. Hori da sentsazioa. Pellok baino 20 urte gehiago ditut, eta ni kanpoan asko ibiltzen zen talde batetik nentorre eta beste sentsazio bat neukan. Talde bat hasieratik egiteko gogoak neuzkan. Pellorekin eta topatu ginen eta, bueno, Pello taldearekin batera hezi da, eta hezitzen ikusi dugu.
P. Nik beste era batera sentitu dut. Ni Vendettaren markoan hezi naiz. Musikari buruz eta musikaren industriari buruz dakidan guztia Vendettan ikasi dut eta Vendettak irakatsi dit. Talde honetan hazi naiz eta nire gazteria Vendettan pasa dut. Oraindik gazte naiz. Baina orain arte bizi izan dudan guztia Vendettaren prismatik egin dut eta orain sentitzen dut Vendetta asko handitu dela eta ni ere asko handitu naizela. Sentsazioa ni neu independizatzera nihoala zen.

Abesti gogokoena?
L. Zaila. Madre abestiarekin gelditzen aniz. Ilea laztu egiten zait. Beste batzuk gustatzen zaizkit, baina goian dagoen zerbait da. Gainera, harrapatu ninduen momentu batean entzuten nuenean... eta markatuta gelditu zait. Seme batek amari abesteko modu hori...
P. Nik asko idatzi ditut eta orduan oso zaila da zuk egin duzunean aukeratzea. Abestiak argia ikusten duenean, zureak dira, noski, baina beste modu batera ikusten dituzu. Abesti hori eraldatzen da datorkizun feed-back-arekin. Abestien esanahia aldatzen da. Orduan, erantzuna ikaragarria izan da. Herrian, Arbizun, adibidez Ekainak 24 abestia. Esanahiagatik argitaratzeko unea oso polita izan zen. Nola ez Begitara begira abestiak taldearen ibilbidean eragin ikaragarria izan duen abestia da. Ni abestigile bilakatze horretan bultzadarik potenteena izan da, motibaziorik handiena zer egin nezakeen ikusteko eta nik idatziko zerbaitek zer lor zezakeen. Eta, adibidez, Vendettaren agur honi soinu banda jartzeko funtzioa bete duen eta oso berezi bihurtu den Reggaean egan abestia.

Orain bai, amaiera.
L. Liluratuta gaude orokorrean jasotako maitasunagatik. Oso harro gaude momentu on batean  utzi dugulako eta hor betirako geldituko delako. Ez dda dena desitxuratzen den talde haietako batean bihurtu. Zerbaiten alde lan handia egin dugu, eta hor geldituko da betirako.
P. Ni ere oso pozik nago azken garai honetan jaso dugun harrera horrekin eta Euskal Herrian eta kanpoan izan dugun zaleekiko harremana. Baina niretako oso berezia izan da azken bira honetan Altsasun egin genuen azken kontzertu hori. Sakanan bertan harrera hori egonkortu dela ikustea oso polita izan da. Sakanarekin despeditzeko modu ederra izan zen. Eta oso pozik eta eskertuak gaude.