Anitzartean, sakandar guztien zerbitzura

Guaixe Irratia 2019ko ots. 4a, 08:21

Sakanako Mankomunitateko kulturartekotasun zerbitzuak hamarkada bete du. Bere teknikariak nabarmendu du ibarreko jende guztiendako zerbitzua dela, ez soilik sakandar berriendako.

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak 10 urte bete ditu eta horretaz eta beste hainbat kontuetaz hizketatzeko Bego Zestau Baraibar teknikaria Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) izan da. Bera da zerbitzuan hasieratik dagoen teknikaria. “Zerbitzua 2008an sortu bazen ere, 2006an hasi ginen aniztasunaren kudeaketa lantzen”. Aurreneko bi urteetan 4 hilabetez bakarrik aritu ziren langintza horretan, “proiektu bat aurrera eramaten: etorkinendako harrera plana”. Nafarroako Gobernuak emandako diru-laguntza batekin egiten zen lan hori.

Zestauk ibarreko hainbat arlotako profesionalekin, sakandarrekin, boluntarioekin, jatorri anitzeko pertsonekin koordinatu beharra zuen horretarako. “2007an koordinazio horretakoek esan ziguten: oso ona den zerbitzu bat jartzen diguzue, baina bat-batean desagertzen da. Hirugarren aldi batean hori gertatzeko bada, agian ez dugu kolaboratu nahi, gozokia jarri eta gero kentzen diguzuelako”. Horren aurrean Mank-i proposamena egin zioten: “2008an diru-laguntza izanen zela bagenekienez, 2007ko abenduan ez moztea eta proiektuari segida ematea. Eta behin diru-laguntza jasota, jasotakoaren arabera, orduan eten”. Horrela proiektuak hilabeteetan segida izatea nahi zuten. Mank-ek onartu zuen eta Immigrazio Zerbitzua izenarekin 2008an hasi zen.

Zestauk Sakanako irrati euskaldunean esan duenez, proiektuak segida izateak aldaketa handia ekarri zuen: “jarraitzeak ekarri zuen sakandarrek zer nolako jarduerak egin planteatzeko aukera. Hortik aurrera ez du zerikusirik nolakoa zen zerbitzua, ezta sakandarren parte-hartzea ere. Gaur egun egiten diren jardueren %90etik gora sakandarrek planteatutako jarduerak dira”. Zerbitzuak dituen helburuekin bat baldin badatoz, eta aurrekontua kontuan izanik, jarduera horiek egiten dira. “Beste % 10 hori profesionalei edo ikusten beharrei erantzuna emateko da”.


Bego Zestau Baraibar azalpenak ematen.

Izen aldaketa
Hamar urtetan Mank-en atal hori Immigrazio Zerbitzua izatetik Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua izatera pasa da. Izen aldaketa baino zerbait gehiago, hainbat arrazoirengatik. “Alde batetik, Immigrazio Zerbitzua izenak nahasketa sortzen zuen. Jendeak ulertzen zuen etorkinei bakarrik zegoela zuzenduta. Hori ez da inoiz horrela izan”. Zerbitzu horren helburu orokorretako bat da kanpotik etorritako jendeari ibarrean integratzeko bideak irekitzea eta erraztea. “Horretan, harrera gizarteak, Sakanak, zerikusi handia du”.

Izena aldaketaren atzean beste arrazoi batzuk ere badaude: “Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza horiek 2012an desagertu ziren. Orduan, Mank-ek zerbitzuaren jarraipenaren kudeaketa bere gain hartu zuen”. Horrek beste aldaketa bat ekarri zuen: batzorde baten sorrera. “Garai horretan migrazioaz eta aniztasunaz hitz egiten zen. Migrazioak, joan-etorriko mugimenduak, sartu-aterako mugimenduak; azkenean, denoi eragiten digu mugimendua”. Batzorde sortu berri hartan izenaren inguruko hausnarketa egon zen baina ez zen egoki ikusi aldatzea.

Anitzartean izena hartzea erabaki zen 2017an. “Zerbitzua Sakanan bizi diren guztiek osatzen dute, edozein dela bere jatorria eta bere kultura”. Izenari kulturartekotasun adjektiboa gehitu zioten: “kultur aniztasuna kudeatzeaz aparte, mugitzen gaituena delako jatorri desberdinetako pertsonen arteko benetako hartu-emanerantz jotzea; kulturen arteko hartu-emana. Aniztasun hori aberastasun gisa ikusita”. Horren ondorioz, estereotipoekin eta aurreiritziekin lan asko egin behar da.

Gaur egun
Mank-eko teknikariak aurten jorratutako lan ildoen berri eman du Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus). Esaterako, intregraziorako bideak irekitzeko ildoari segituz, eta pertsonen arteko hartu-emana bulkatu nahian, “antolatzen diren jarduera gehienetan bilatzen da jatorri anitzeko pertsonen arteko topaketa”. Esanguratsuak dira Munduko Arrozak ekimenak. Zestauk dioenez, “ez da gastronomia-jarduera hutsa. Alderantziz, espazio publiko batean jatorri anitzeko pertsonak topatzeko balio duen jarduera da”. Batzuek bere sorterriko jakia prestatuko dute. “Baina bakarren batek olerki bat irakurri nahi badu, edo trentzak egin, edo umeendako jolasak prestatu nahi baditu, abestu… gehitu dezake. Beti ere, errespetuz. Elkarren ondoan egote horrek askotan ditugun sinesmen okerrak hausten joateko aukera ematen du”.

Zestauk gogoratu du asmo berarekin egin zela Etxarri Aranatzen nazioarteko futbol txapelketa. Talde bakoitzean gutxienez, bi jatorrietako jokalariak egon behar zuten. “Jarduera bat egiteko bestearen behar hori sortzen da; jarduera egiteko, gozatzeko, ikasteko”. Halakoek aldamenen arteko erlazioak normalizatzea ekartzen dutela esan du teknikariak: “kalean agurtzea, hizketan pixka bat gelditzea… Pauso txikiak, baina esanguratsuak direnak. Horrek integrazio bidean pauso gehiago emateko aukera emanen digu”.

10 urteko ikuspegia
Halako pausorik eman den galdetuta, Zestauk zalantzarik gabeko baiezkoa eman du. “Horretan lagundu du zerbitzua herritarrei bideratuta egoteak. Askok harrituta bezala galdetzen dute: ah, orduan parte hartu dezaket? Jakina! Gauzak proposatzeko eta aurrera eramateko zein herritarrak baino hobe. Berea den horretatik, komuneko puntuak bilatuta, bakoitzak bere ikutua emanen dio. Baina komuneko hori indartuta. Zeren, azkenean, ohartzen gara uste duguna baino berdinagoak garela”.

Harremanetan nabari dela dio Zestauk, eta ikastetxeen adibidea jarri du: “parte-hartze aktiboa asko nabari da. Ikastetxetara nola hurbiltzen diren gurasoak. Planteamendu asko egin. Guraso Elkarteetan kide izanez eta modu aktiboan parte hartzen ari dira. Horrek kulturartekotasunaren zentzua ekartzen du”.   

Aldi berean, antolatzen diren jarduera guztietan sentsibilizaziorako tarte bat uzten du zerbitzuak, sakandarrei hausnartzeko gonbidapena egiteko. “Migrazioen inguruan, horien zergatiez, migrazio mugimendu horiekin dugun zerikusia, edo zurrumurruak nondik heldu diren, zer kalte egiten duten, nola ekidin ditzakegun, zergatik”.

Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak antolatzen dituenak ibarreko herri bakoitzaren errealitatera egokitzen ditu. “Ez da kasualitatea, esaterako, Irurtzunek proposamen pila egitea zerbitzuari. Aniztasuna, portzentajetan, oso esanguratsua delako: % 15 da. Edo Olatzagutian % 13n dago. Horrek markatzen du asko non jartzen duen indarra zerbitzuak: zer proposamen egiten dituzten herritarrek”. Hala ere, herri guztietan egiten dira gauzak, “maiztasun gehiagorekin edo gutxiagorekin, proposamenen, beharren edo premien arabera”.

Erreferentea
Sakanan zerbitzuak egindako lana ibarretik kanpo eredu gisa azaldu behar izan da behin baino gehiagotan. Giza-politiken inguruko jardunaldi batean parte hartu zuen Madrilek 2008an eta Anafe fundazioak proposatu zuen Nafarroatik Sakanako Mankomunitatea joatea. “Egoki jotzen zuten nola hasi ginen lanean eta eskualde ikuspegiak bere arreta bereganatu zuelako”. Ordura arte herrietan edo hirietan lantzen zen aniztasuna. 2009an Euskaltzaindiak migrazioa eta euskarari buruzko jardunaldia antolatu zuen Bilbon eta han parte hartu zuen Mank-ek.

Iruñeko Alternativas taldeak zurrumurruen kontrako estrategiak nola lantzen zituzten azaltzera ere gonbidatu zuten zerbitzua. Pobreziari buruzko jardunaldi batzuetan, Tuteran, aniztasuna nola kudeatzen zen eta zurrumurruen kontrako lanketa azaldu zituen. Eta duela 2016an Nafarroako zurrumurruen kontrako saretik, Zaskatik, Mank-era jo zuten sare horren sortzaile izateko gonbidapena eginez.

Zaskaren barruan egonik, sakandarrak zurrumurruen kontrako agente izateko ikastaroa egin zen joan den urtean. “Baina horretarako, lehenbizi eztabaida taldeak egin ziren, Sakanan zein zurrumurru zeuden identifikatzeko. Hori ere Nafarroako beste esparru batzuetan eredu gisa zabaltzen ari da”. Bestalde, zurrumurruen materialak sortu eta banatu dituzte edo sentsibilizazioaren inguruko kanpainak sortu ditu zerbitzuak  balio batzuk sustatu dituztenak: (berdintasuna, aniztasuna, errespetua eta diskriminazio eza).


David Oroz (Mank-eko burua), Bego Zestau (kulturartekotasun teknikaria) eta Youssef Chahor (kulturartekotasun bitartekaria).

Lorpenak…
Zestauk nabarmendu du jendearen parte-hartzean gorakada izan dela, “jatorria edozein dela. Ez  proposamenak egiteko garaian bakarrik. Jarduerak antolatzeko garaian, prozesu guztian ere. Proposamen bat jasotzen dudanean ez naiz ni bakarrik hasten. Talde anitza sortu eta elkarlanean hasiko gara, proposamen hori egiten diet”. Zubi lanaren eta akuiluaren lana dagokio halakoetan teknikariari.

Hasieratik Mank-en arabiar hizkerako biztanleekin elkar ulertzeko zailtasun berezi bat ikusten zuen, bai hizkuntza aldetik, bai kultura aldetik. Diru-laguntza batzuk zirela medio batzuetan, boluntarioen bidez besteetan, neurri batean zailtasun horiei erantzuna ematen joan da, “bi norabideetako mezuak ulertzen direla bermatzeko”. Adabakiak ziren, premia hor dago, erabat ase gabe gelditzen zen. Horregatik, Mank-ek deialdia egin zuen eta pertsona bat kontratatu zuen. 2017az geroztik kultur bitartekari bat dago lanean, “ikaragarrizko lana egiten. Mezuak ulertu hala eta parte-hartzeko bideak ireki hala, izate edo pertenentzia sentimendu bat ekartzen du. Harremanetan, elkar ezagutzeko gogoan, ilusioan… nabaritzen da. Bere zailtasunekin, eh!”  Komunikazioa oinarria dela esan du Zestauk: “nola landuko dugu elkarbizitza baikor bat ez badugu elkar ezagutzen ere”.

…  eta erronkak
Izen aldaketak zerbitzuarendako logotipo berria eskatzen zuen. Lehiaketa deitu zuten baina aurkeztutako proposamenek ez zuten zerbitzua zer den adierazten, elkarbizitza eta integrazioa. Hori lortzeko urte guztia eman dute eta proposamena lortu dute. “Labean dago eta heldu den urtean ezagutaraziko dugu”. Bestetik, hamarkada horretan egin diren jardueren bilketa egin du zerbitzuak. Hori heldu den urteko lehen lau hilabeteetan erakutsi nahi lukete.

Teknikariak jakinarazi duenez, “planteatzen diren baino jarduera gehiago egiten dira urtero. Maila eta modu desberdinetako sareak sortu dira. Sare anitzak gainera”. Sakanan egiten diren jarduera askoren kostua zero eurokoa dela gaztigatu du Zestauk. “Hori lorpen handi bat da. Eta erronka ere bada horri eustea”. Sakana guztirako sentsibilizazio kanpaina indartsu bat dute heldu den urterako ere.

Hamarkadako ibilbideko balorazioa “oso ona” izan dela esan du Zestauk. Eta eskerrak eman dizkie “zerbitzua posible egin duten sakandar guztiei, apustu egiteagatik Mank-i berari, parte hartzen duten gehienak emakumezkoak dira eta haiei ere eskerrak eman, Guaixeri eta Beleixeri eta proposamenak egiten dituzten guztiei, proposamenik gabe ez litzatekeelako berdin landuko. Elkarbizitza baikor baterako bidea errotik eraikitzen ari gara”.