Nafarroako Gobernuari tortura ikertzeko eskaera

Guaixe 2019ko ots. 7a, 19:52
Nafarroako Torturatuen Sarearen aurkezpena. Argazkia: utzitakoa.

Euskal Autonomia Erkidegoan egindako ikerketa Nafarroan egitea eskatu dute torturaren 55 biktimek, tartean sakandarrek.

Nafarroako Torturaren Sareak “azken hamarkadetan herrialde honetan torturak izan duen eragina argitzeko ikerketa ofizial, profesionala eta independentea egitea” exijitu zuen larunbatean. Haren bozeramaile Oihan Ataunek esan zuenez, “kezkaz” hartu dute auzitegiek ikerketa hori Nafarroan egitea debekatu izana, Hegoaldeko beste lurraldeetan ez bezala. “Erabat onartezina eta oso mingarria da egia argitara atera dezakeen ikerketari ezarri zaion blokeoa”. Nafarroako Gobernuak Euskal Herriko Unibertsitateari torturari buruzko txostena egiteko emandako 17.900 euroak bertan behera utzi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak.

Egoera horren aurrean, haien eskuetan dagoen guzia eginen dutela azaldu zuen Ataunek eta bi deialdiren berri eman zuen. Batetik, torturak jasan dituztenei sarera batu daitezen eskatu diete. Bestetik, gizarteari babesa emateko eskatu diote, eta haien egitasmoetan parte hartu dezaten eskatu. Esaterako, heldu den asteazkenean, otsailaren 13an, torturaren kontrako eguna da Euskal Herrian, eta protestak antolatuko dituzte.

Datuak
Nafarroako Torturatuen Sareko kideek azaldu zutenez, XX. mendeko 60. hamarkadatik 1.000 nafar baino gehiago torturatu dituzte segurtasun indarrek eta haietako bat hil: Mikel Zabalza. Herrialdeko 81 herriri eragin die torturak. Eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia tortura salaketak ez ikertzeagatik hirutan zigortu dutela gogorarazi dute: Oihan Ataun, Jon Patxi Arratibel eta Xabier Beortegiren kasuetan. Gainera, hiru nafarren tortura testigantzei sinesgarritasuna aitortu zion CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak.

Aurkeztu berri den Sarea alderdi politikoekin bilera erronda eginen du, haien eskakizuna kontuan hartu dezaten. Sareak torturari buruzko eztabaida piztu nahi du, eta alderdiek haien eskakizunekin bat egin dezatela, esaterako, maiatzeko hauteskunde programan ikerketa jasoz.