III. Arbizuko Zumbathon solidarioa antolatu dute

Guaixe 2019ko ots. 21a, 14:00
Arbizuko aurreko urteko zumbatoia.

Martxoaren 17an izango da, 11:00etan, Arbizuko kiroldegian, eta Perthesa duten familien elkartearen aldekoa izango da. Lehenago, goizeko 10:00etan, Arbizuko haur lasterketa solidarioa jokatuko da

Aurten ere Zumbathon solidarioa izango da Arbizun. Martxoaren 17rako antolatu dute, goizeko 11:00etan hasiko da, Arbizuko kiroldegian, eta Perthesa duten familien elkartearen (Asfape) aldeko ekimena izango da.

Zumbathoian parte hartuko dutenek 5 euro ordainduko dituzte eta ikusleek 2 euro. Hiart Leitza eta Anabel Arraizak aurkeztuko dute ekitaldia eta Carolina, Ainhoa, Maria, Itziar eta Mayra monitoreekin zumban aritzeko aukera izango dute izena ematen dutenek, primerako giroan. Ainara eta Charles erea gonbidatuak izango dira ekitaldira. Bitartean, zozketak izango dira: Ezkurdia eta Irujo pilotarien kamisetak, Xota eta Lagun Artea taldeen kamisetak, Osasunako produktuak, produktu ezberdinen loteak... eta abar.

Aurretik Arbizuko haur lasterketa solidarioa
Martxoaren 17an, Arbizuko Zumbathoia hasi aurretik, Arbizuko haur lasterketa solidarioa antolatu dute, goizeko 10:00etan, Arbizuko kiroldegian, “Zure izenean korrika” lelopean. 1,2 km-ko proba herrikoia izango da, kiroldegian hasi eta despedituko dena, Perthesa duten familien elkartearen aldekoa. Izan ere, Perthes gaitza duten umeek korrika aritzeko debekua dute, eta horregatik, lasterketa honetan adin guztietako korrikalariek dortsalean perthesadun umeen izenak eramango dituzte, haien ordez korrika egiteko. Dortsalak 3 euroko balioa du.

Jasotakoa, Asfape elkartearendako
Lasterketa solidarioan eta zumbatoian jasotzen dena Asfape elkartera bideratuko da. Asfapek Perthes gaitza duten familiak biltzen ditu. Elkartean familia sakandarrak ere badaude, eta ilusio handiz hartu dute Arbizuko Zumbathoi solidarioaren ekimena.

Perthes gaixotasuna, Legg-Calvé-Perthes izenaz ere ezaguna da. Bigarren izen hori, hiru medikuk hiru leku desberdinetan emandako izenari erreferentzia egiten diote. 1910. urtean eman zioten izena hiru medikuek. Gaixotasun hau jasaten duten haurrei izterrezurraren burura uneren batean odol jarioa ez zaie iristen eta hortaz, hezur horretako zelulak hil egiten dira, horren ondorioz higadura gertatzen da. Hiru urte eta hamalau urte bitartean diagnostikatzen da, eta mutikoetan ohikoagoa izaten da. Higadura hori gertatzen denean, zonalde hori sendatzeko aukera dago, zelula berriak sor daitezke, baina oso ongi zaindu eta behatu behar da aldakan ahalik eta eragin gutxien sortzeko.