Oinez Basoa mustutzeko garaia

Guaixe 2019ko ots. 22a, 12:32

Jendea Usolarrainen.

Altsasuko Usolarrainen dagoen Txuspo Poyoren zuhaitz-etxearen ondoan, bihar, 11:30ean.

Iñigo Aritza ikastolak Nafarroa Oinez festa antolatu zuen lastailaren 21ean. Urte eta erdi eman zuten Nafarroako ikastolen festa antolatzen, arrakastatsu eta jendetsua izan zen. Oraindik Nafarroa Oinezek zer esana ematen du. Ospakizunarekin batera Oinez Basoa ekimena egiten da eta joan den urteko lanaren fruitua bihar mustuko dute. Zuhaitz hostozabalak landatzearekin batera gauinarendako edo saguzaharrendako habia-kutxak jarriko dira Usolarrainen. Espezie bitxitzat jotzen den Bechstein gauinara inguru horretan ikusi da. Haiendako babeslekuak biologo batek adierazitako tokietan jarriko dira, euren ugalketan mesedegarri izan daitezen.

Aldi berean, Txuspo Poyok 2008an jarri zuen zuhaitz etxea Usolarrainen. Oinez Basoa ekimenaren bidez orain hura zaharberritu eta interpretazio kartelak jarriko dira. Bi gelako etxe moduko bat da. Egurrezko eraikin bat da, ainguratze eta amarratze sistema sortzaileez eta ohiz kanpokoez eutsia. Ez zen iltzerik erabili egitura zuhaitzari eusteko. Zuhaitz etxea instalatu eta hamar urtera, hainbat doikuntza egin behar zaizkio etxea dagoen haritzari, besteak beste zuhaitza inguratzen duten uztaiak egokitu behar dira. Usolarraingoa despeditu ondoren, Iñigo Aritza ikastolako komunitatea Urdiainen bazkaltzera elkartuko da. Horrela ospatuz Nafarroa Oinez despedituko dute.

Oinez Basoa
Nafarroa Oinez fundazioak Oinez Basoa ekimena 2008an jarri zuen martxan. Nafarroako ikastolen festak duen arrasto ekologikoa txikitzeko modua izan nahi du. Oinez Basoak, bai konbentzimenduz bai konpromisoz, festa ospatzen den herriaren ingurumenaren kalitateari dagokion lekuko bat uzteko helburua du. Oinez Basoa iraunkortasunari lotutako ekimen bat da, festa iraunkorraren eredu izan nahi duena. Orain arte 47.000 zuhaitz landatu dira zazpi basotan: Arbizun, Tafallan, Tuteran, Zangozan, Baztanen, Andosilla-Sartagudan eta Lesakan. Sortutako basoak handitu, aberastu eta gure zeregin hezitzailearentzako baliabide pedagogiko bihurtu dira urtez urte.

Erlazionatuak

Zuhaitz-etxea mustua

Guaixe 2008 mai 01 Altsasu