Mank-en inbertsio nagusia konpost planta izanen da

Guaixe 2019ko mar. 22a, 08:48
Arbizuko hondakindegiko konpost metetatik hartzen. Argazkiak: artxiboa.

Sakana eskualde bihurtzeko erabakia hurrengo legegintzaldirako utziko da. Udaberrian martxan jartzea aurreikusten den Berdintasun Zerbitzua estreinakoz Mank-en diru kontuetan agertzen da.

Sakanako Mankomunitateak bere aurrekontuak onartu zituen pasa den astean egindako batzarrean. Ibarreko erakundeak aurten 5.770.001 euroko aurrekontua izanen du, joan den urtean baino bi milioi euro gutxiago. Mank-eko presidente David Oroz Alonsok azaldu digunez, “inbertsioak jaitsi dira. Joan den urtean 1,5 milioi euroko lanak egin ziren hondakindegian eta beste 0,5ekoa Iribas eta Irurtzun arteko ur ekarria hobetzeko”. Gainontzekoan, eskaintzen diren zerbitzuak mantentzeko aurrekontuak dira.

Hala ere, bada berritasunik, udaberrian Mank-ek Nafar Lansareren bidez berdintasun teknikaria kontratatuko duelako. Berarekin batera sortuko da Berdintasun Zerbitzua ibarreko 14 herriri zerbitzua emanen diona, Altsasuk bere arloko teknikaria duelako. Zerbitzu berriaren ekintzetarako 15.000 euroko partida aurreikusi dute.

Mank-en zerbitzuei eutsi ahal izateko udalek ibarreko erakundeari pagatu beharrekoa handitu egin da. Alde batetik, aipatu zerbitzua sortu delako. Eta bestetik, Mank-ek Sakanako Garapen Agentziarako (SGA) bideratzen zuen dirua 90.000 euro izatetik 100.000 euro izatera pasa delako. Orozek esan digunez, “urte asko generaman SGArako diru ekarpen bera egiten. Aldi berean, Nafarroako Gobernuari inplikazioa eta SGArako diru-partida handitzeko eskatzen ari gara. Igoera horrekin gobernuari transmititu nahi diogu gu ere ahalegin bat egiten ari garela. Udalen inplikazioa erakusten du”. Orozek ere aitortu du gobernuaren ekarpenekin udalen kontuek hobera egin dutela eta SGArako ekarpena egiteko garaia orain zela.

Inbertsioak
Aurten ere Mank-eko inbertsio handiena hondakindegiak hartuko du. Konpost planta eraikiko da eta horretara 832.000 euro bideratuko dira. Hondakindegira sartu aurretik ezkerrera dagoen larrean eginen da materia organikoa kudeatzeko azpiegitura berria. Orozek azaldu digunez, inbertsioa % 100ean Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planak eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoak pagatuko dute. Hondakin bilketa Zerbitzuarekin segiz, bilketarako kamioia erosteko 135.000 euro bideratuko ditu Mank-ek. Bestalde, ibarreko erakundeak erabaki zuen hondakin bilketagatik sakandarrek ordaintzen dugun tasa % 2,4 igotzea, Kontsumorako Prezioen Indizearen igoeraren pare.

Ur Hornidura Zerbitzuak, bestalde, bi herritako lanetan ur sarea berritzeko lanak ordainduko ditu. Iturmendin Konsistorial, Zirrinkale eta Elizalde kaleetako ur sareak berritzera 56.800 euro bideratuko dira. Eta Urdiainen Kaluxa, Bentalde eta De Felipe kaleetako ur sareak berritzeko 195.000 euro bideratu ditu Mank-ek.

Plan estrategikoa
Ibarreko erakundeak plan estrategikoa eginen du. Orozek azaldu digunez, “aldiro berritu beharra dago. Non gaude? etorkizunean zer nahi dugu? Toki Administrazioaren Erreformako Foru Legeak eskualdea bihurtzea ekarriko du. Horregatik guztiagatik plan estrategikoa egiteko une egokia dela uste dugu”. Plan estrategikoarekin batera Mank-ek bere komunikazio plana egin eta eraldaketa digitaleko pausoak zehaztuko dituzte. Hausnarketa egiten hasiak badira ere, plana egiteko ardura legegintzaldi berriarekin aukeratutako hautetsiek izanen dute. Hau da, irailetik aurrera helduko diote Mank-en plan estrategikoari. Lan hori behar bezala egiteko ibarreko erakundeak 28.000 euro aurreikusi ditu bere aurrekontuetan.

Toki Administrazioaren Erreformako Foru Legea indarrean sartuta, Sakana eskualde bihurtzeko pausoak hasiko dituzten galdetuta, Orozek argitu du egiteko hori legegintzaldi berriarekin batera iritsiko diren hautetsiei utziko dietela.


Ordezkatu zen edukiontzi bat.

Emendakina
Aurrekontua onartzeko erabakia aste bat atzeratu zuen Mank-ek Altsasuko Geroa Baik, Goazen Altsasuk eta PSNk aurrekontuari emendakin bat aurkezteko eskaera egin zutelako, “hura hobetu asmoz”. Altsasuko hiru erakunde politikoek herriko edukiontzien zati bat berritzeko gutxienez 25.000 euro bideratzea proposatu zuten. Dirua diruzaintzako gerakinetik hartzea proposatu zuten. Edukiontzien berrikuntza hainbat urtetan egin behar dela ere gaztigatu zuten.

Altsasuko batzarkide horiek euren eskaera argudiatu zuten esanez edukiontziak erosi zirenetik ez direla berritu, haietako askoren egoera tamalgarria dela eta eta 2015eko iraileko Altsasuko Udalaren txosten bat ekarri zuten gogora, ordutik edukiontzien egoera ez dela hobetu nabarmenduz. “Edukiontzi askoren tapak hautsiak daude, edo ez dituzte, eta, ondorioz, hondakinak kalean botata bukatzen dute”. Udalak arrazoi horregatik altsasuarren kexa ugari jasotzen dituela nabarmendu zuten.

Mank-eko batzarrak eskaera atzera bota zuen. Horretarako, besteak beste, kontu-hartzaileak txostena egin zuen eta mailegu bidezko finantzaziorik ezin zela egin Aurrekontu Eraginkortasun eta Finantza Jasangarritasun Legeagatik. Aurrerago soilik Altsasuko edukiontziak berritzeko 25.000 euroko aurrekontu-aldaketa egiteko konpromisoa eskatu zioten Mank-eko batzarrari Altsasuko hiru indarretako ordezkariek, baina ezezkoa eman zieten.

Orozek azaldu digunez, urtero edukiontziak berritzeko diru-sail bat dago aurrekontuetan Hondakin Bilketako Zerbitzukoek hala eskatuta. Aurten 8.000 eurokoa da. Presidenteak azaldu duenez, eskatzaileek “ez zuten zehaztu aurrekontuaren zein sailetik kendu behar zen dirua edukiontzietara bideratzeko. Eta kontu-hartzaileak diru-saila handitzea ezinezkoa zela esan zuen”. Presidenteak gaineratu duenez, “urtearen erdialdetik aurrera dirua badago, ez dago arazorik edukiontziak berritzeko. Batzarrak eskatutako beharrak betetzeko konpromisoa hartu zuen”.

Erlazionatuak