Mila Kolorerendako urtebetetze oparia

Guaixe 2019ko api. 13a, 13:30
Mila Kolore elkartekoek furgoneta jaso zutenekoa. Argazkia: utzitakoa.

Behar bereziak dituzten pertsonen elkarteak batetik bestera joateko furgoneta mustu du.

Hamar urte egin ditu Mila Kolore elkarteak. Beste izen batekin aurkeztu zuen bere burua Sakanako Mankomunitatearen egoitzan 2009ko martxoaren 6an emandako prentsaurrekoan. Eta hamarkada ospatzeko opari berezia jaso zuen elkarteak martxoaren 30ean: egokitutako furgoneta bat. Mila Kolore elkartearen furgonetak bederatzi bidaiariendako tokia du. Horietako bi plaza gurpildun aulkiendako egokituta daude. Horiek atzeko atearen ondoan daude eta han du ibilgailuak gurpildun aulkiak igotzeko plataforma ere. Furgonetari parez pare begiratuta aulkiak eskuinean daude eta pasabidea du ezkerrean. Horrela, elkartekideek bidaian zehar dituzten eskaerak erantzuteko aukera dute.

Furgoneta horrekin batetik bestera mugitzea eskatzen duten jarduerak egiteko aukera izanen dute elkartekideek. Batetik, Sakanako festa eta ospakizunetara joateko aukera izanen dute. Bestetik, Olloko Gure Sustraiak Baserri Eskolara joateko baliatuko dute. Baita oporretan Goldaratzera joateko ere. Jakina, ibilgailua eskutan elkartekideek norabide gehiago jarriko dizkiote. Beti ere, elkarteko arima diren 20 pertsonei aisialdiko eskaintza emateko helburuz.

Dohaintza
Sakana Groupek emandako 49.000 eurori esker eskuratu du elkarteak furgoneta. Lakuntzako galdarategi kooperatiboak ibarreko kultura eta kirola sustatzeko eta sakandarren bizi baldintzak hobetzeko konpromisoa hartua du. Hala, bazkide kooperatibistek makina bat ekimen lagundu dituzte 1975an sortu zirenetik. Mila Koloreren proiektua “berezia” izan dela aitortu dute Sakana Groupeko Gizarte Kontseiluko kideek: “poz handia ematen digu pertsona horiek zeregina izateko eta etorkizunerako prestatzeko lanean ari den talde bikain hori laguntzea”.

Behin furgoneta eskutan, hark sortzen dituen gastuak pagatzeko dirua ere badu elkarteak. Izan ere, Lakuntzan Mila Kolore eguna ospatu zen lastailaren 27an. Behar bereziak dituzten pertsonen gizarteratzea eta integrazioa aldarrikatzeko eguna izan zen hura. Eta, aldi berean, elkartearendako dirua biltzekoa ere. Han jasotakoarekin pagatuko dituzte furgonetaren gastuak. Elkartekideentzako eguna bera “opari izugarria” izan zen eta oso eskertuta agertu ziren orduan.