Dinabide, eraldaketa digitalerako etxea

Dinabide, eraldaketa digitalerako etxea
Fabrikatze eransgarriko makinek bisitarien jakinmina piztu zuten.

Enpresetako langileak eta, orokorrean, sakandarrak teknologia berrietan trebatzeko espazioa da Inasa zeneko bulegoak hartu duena. Pasa den ostegunean aurkeztu zieten enpresetako eta gobernuko ordezkariei eta herritarrei.

Altsasun igandean, Irurtzunen sanmartinetan, artisauak lanean ikusteko aukera izaten da. Garai bateko ogibideak nolakoak ziren ikasi eta orduko bizimodua nolakoa zen irudikatzea laguntzen dutenak. Gure birramonen eta birraitonen garaiko zenbat lanbidek segitzen dute gaur egun? Egon badaude, baina dauden lanbide horiek ez dira garai batean bezalakoak. Gainera, denbora pasatzearekin teknika eta zientzia aurrerapena etorri da eta hortik gure birramonek eta birraitonek amestu ez luketen ekonomia berria eta lanbideak sortu dira, esaterako: auto mekanikari, autobus gidari, zinemagileak, elektrikariak, hegazkin pilotu…

Teknologia aurrerapenak ez du etenik eta arlo digitalean etengabe berrikuntzak sortzen ari dira. Sortzen ari diren teknologia horien ezagutzatik lanbide berriak etorriko dira. Izan ere, duela 25 urte inork gutxik espero zuen herrian web garatzaileak edo telefono mugikorretarako aplikazioen garatzaileak izanen lituzkeenik.

Garaiko teknologietara egokitzeko eta arlo berri horietan pertsonak trebatzeko ikuspegiarekin sortu da Dinabide, eraldaketa digitalerako Sakanako espazioa. Aukera berriak sortzeko. Aintzane Iriberri Berrostegieta, Sakanako Garapen Agentziako (SGA) Industria eta Energia arduradunak azaldu duenez, “proiektuaren xedea da teknologia berriak, prestakuntza eta negozio eredu berriak, enpresen eta bertan lan egiten duten pertsonen eskura jartzea da”. Iriberrik argi du enpresa bakoitzak bere digitalizazio maila duela, “beraz, eraldaketa digitala ez da denetan neurri beran eta baliabide berberekin emanen. Baina enpresa bakoitzak jakin beharko du bere merkatuan lehiakor izaten jarrai dezan, edo konpetentziaren aurrean indartzeko, zein izan beharko duen bere akzio plana testuinguru honetan”.


Aintzane Iriberri Berrostegieta azalpenak ematen.

Hiru oinarri
Iriberrik azaldu  digunez, Dinabide proiektuak hiru oinarri ditu. Aurrena, estrategia: “edozein eraldaketa digitali aurre egiteko identifikatuta izan behar duzuna”. Hurrena, teknologia da: “teknologia gabe eraldaketa digitalari ezin diogu aurre egin”. Eta atzena, pertsona, langilea: “estrategia eta teknologia bideratuko duena izanen da”.

SGAko teknikariak gaztigatu digunez, “gaur egun ez gaude prest teknologiari zuku guztia ateratzeko, teknologia nola ezarri behar den jakiteko, teknologia nola erabili behar dugun ez dakigu, zertarako balio digun… Ez gaude prest”. Horregatik, Dinabidek “oinarri garrantzitsuenari”, prestakuntzari, erantzunen dio.

Iriberrik azaldu duenez, fabrikatze eransgarrian (3D inprimagailuak-eta) jarri dute fokua. “Garrantzitsua da fabrikazio eransgarria kontzeptu gisa zer den ikastearekin batera, ikustea, probatzea eta makinetan trebatzea. Teknologia horrek zure diseinatzeko, pentsatzeko, zure fabrikatzeko modua nola aldatuko dizun jakitea. Horregatik, pertsonaren prestakuntzan oinarritu da Dinabide, gaitasun berri horiek sustatzeko”. Fabrikatze eransgarriaren bidez, besteak beste, plastikozko, polimerozko, metalezko edota egurrezko piezak egin daitezke, fundiziorako hareazko moldeak… “Teknologia horrek ematen duena oso-oso handia da”.


Pieza bat eskuko eskanerrarekin eskaneatzen.

Trebakuntza
Fabrikazio eransgarriko trebakuntza garatzeko SGA Goierriko eta Sakana Lanbide Heziketa institutuekin proiektua garatzen ari da, haien ikasketetan ezagutza hori txertatzeko. Bestetik, SGAk Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargoko Ofizialeko Eraldaketa Digitalerako Bulegoarekin hitzarmena du. Haren bidez Irurtzunen ziber-segurtasunari, datu meatzaritzari eta datu analisiari buruzko prestakuntza eskainiko dute aurki. “Enpresendako nahikoa garrantzitsuak eta premiazko gaiak direla ikusi dugulako”. Gainera, atzo enpresetako zuzendariei eta arduradunei zuzendutako Eraldaketa digitala sustatuz ikastaroa ematen hasi ziren, AINek, SGAk eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatuta. “Hainbat teknologia azalduko zaizkie. Aurreneko kontaktu bat da, sentsibilizazioa pizteko oso egokia dena”. Baina Dinabiden beste teknologia batzuek ere izanen dute tokia: errealitate birtuala edo errealitate areagotua (elektrizitate koadroetako informazioa ikusteko, betaurreko birtualekin zer ikus daitekeen…)

Sakanako Sozioekonomia Behatokian markatutako lehentasunei jarraituz, enpresetara zuzendutako proiektuekin hasi dira. Baina Iriberrik gaztigatu duenez, sakandarrei ere zabalduko zaigu, “eraldaketa digitala guztiok jasan beharko dugulako eta jendea laguntzea ere bada helburu”.

Eskaneatutako pieza ordenagailuko pantailan ageri da.

Dinabide
Eraldaketa digitalerako Sakanako espazioa da Dinabide, Irurtzungo Erabidea industrialdean dago, Inasa zenaren bulegoen eraikinean. Lehen pausoak beheko solairuan eman ditu, 500 metro karratu hartuz. Solairu hori berritu egin dute bi zati bereiziz. Alde batetik, prestakuntzari eta bulegoei eskainitakoa eta, bestetik, Ikerketa eta Garapen proiektuak lantzeko laborategia edo tailerra.



Aitor Larraza Carrera alkateak gogorarazi zuenez, industrialdeari bideragarritasuna emateko Irurtzungo Udalak, hirigintza onuren truke, Inasako bulego eraikina bereganatu zuen. “2.000 metro karratuko fardel baten jabe egin ginen. Baina Sakanako Garapen Agentziarekin, Nasuvinsarekin eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin elkarlanean fardela zena eskualderako erreferentziazko espazioa bilakatu da”. Gaineratu zuenez, Dinabide ez da Sakanara eta Irurtzunera mugatzen den proiektua. Larrazak gaineratu zuenez, “eraldaketa digitalari erantzuna emateko ilusioz beteriko apustua da”.  



Teknologia berrien aukeren berri izan zen ostegunean. Hirudi 3D enpresako Mikel Arbeloak ekoizpen eransgarriak izan ditzakeen erabilpenen inguruko azalpenak eman zituen eskaner mugikorraz eta 3D inprimagailuaz lagunduta. Arkikus enpresako Arantxa Satrustegik errealitate birtualak arkitektura eta historia ondareari balioa emateko duen erabilgarritasuna azaldu zuen. Haiek egungo eraikinak duela mende batzuk nolakoak ziren irudikatzen dute. Azkenik, Sakana Lanbide Heziketa institutuko kanpo erlazioetako arduradun den Patxi Garziak zikloetan sortzen diren proiektuak egiteko makina eransgarriak (3D inprimagailuak) erakutsi zituen eta teknologia horietan trebatzeko garrantzia nabarmendu zuen.



Aurkezpenean Sakanako makina bat enpresetako ordezkariak, Sakanako Mankomunitateko presidente David Oroz, Ekonomia eta enpresa politikako eta Laneko Zuzendari Nagusi Izaskun Goñi Razkin, Ekonomia Politika Zerbitzuko Zuzendari Carolina Biguria Aldai, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketa Zerbitzuko Zuzendari Esther Monterrubio Ariznabarreta, Sodenako buru Pilar Irigoien, Cederna-Garalurreko Susana Mendinueta eta hainbat herritar izan ziren presente.



Erabidea industrialdea
Izen hori eman dio Irurtzungo Udalak Inasa zeneko lurretan egin den industrialdeari. Aitor Larraza Carrera alkateak jakinarazi duenez, “izena Irurtzungo toponimo bat da. Langileek eta instituzioek garatutako eraketa prozesua islatu nahi duen izen bat jarri nahi genion. 2012az geroztik eman zen aldarrikapen eta lan horren omenez jarri diogu Erabidea izena”.

Alkateak gogora ekarri zuen Baikapen bidez Inasa Foil enpresa “arrazoirik gabe” itxi egin zela 2012an, “lantegia industria basamortua bihurtuz”. Orduan izan ziren gizarte eta erakunde mobilizazioak gogoratu zituen Larrazak. “Ez ziren alferrik izan. Gaur egun industrialde berria dugu eta % 72 beteta dago, enplegua sortu eta enpresen garapenerako aukera ematen ari dena”. Zortzi enpresa daude momentuz, haietatik lau berriak. Alkateak jakinarazi zuen industrialdeko sarrerako eraikinean, Inasara sartzeko kontrola zenean, basozainen egoitza berria jarriko dela. “Nasuvinsarekin akordioa itxi dugu eta udalaren eraikina utziko diogu”.

Erlazionatuak

"Teknologia honek asko ematen du"

Irurtzun

Sakanako Garapen Agentziak eta Irurtzungo Udalak Dinabide, Sakanako eraldaketa digitalerako espazioa, aurkeztu zuten maiatzaren 2an. SGAko industri...
Abian, Sakana digitalerantz

Sakana

Sakanako Eraldaketa Digitalerako Estrategia sortzeko aurreneko bilera egin zen hilaren 4an Sakanako Garapen Gunean, Utzuganen. Ibarreko enpresa guz...
4.0 industria eta digitalizazioa helburu gero eta nabarmenagoa

Lakuntza

Lakuntzan egindako mintegiak harremanak estutu eta esparru horren beharra agerian uzteko balio izan zuen.
Enpresen digitalizaziora elkarlanetik abiatuta

Sakana

Enpresen teknologia eta ezagutza berrikuntza prozesuak sustatuz industria enpleguak mantendu eta hobetu nahi ditu Sakanako Garapen Agentziak. Horre...