“Lasterbidean ez da lasterketa bat bakarrik, egun osoko aldarrikapena baizik“

Eneida Carreño eta Maider Betelu 2019ko mai. 10a, 09:45

Maiatzaren 19an Arbizun eta Lakuntzan VII. Lasterbidean nazio elkartasun lasterketa jokatuko da. Lasterketa bat baino askoz ere gehiago da Lasterbidean eta horri buruz aritu gara Xochitl Karasatorre, Fran Balda eta Jon Ligüerzanarekin.

1.Zer da Lasterbidean?
Jon: Lasterbidean kirolaren mundutik sortutako herri ekimen bat da, nazio elkartasun lasterketa bat, euskal errepresialiatuekiko eta beren gertukoekiko elkartasun herri ekimena. Parranda batean, txozna baten inguruan sortu zen. Hainbat pertsonak ideia bota zuten, ondoren 2011n Etxerati luzatu zitzaion proposamena, taldeak gogo onez hartu zuen eta Oiartzuneko hainbat pertsonarekin jarri ginen harremanetan, Gabonetan eurek elkartasunezko lasterketa bat antolatzen zutelako. Horregatik, Lasterbideanen lehendabiziko edizioa Oiartzunen izan zen, 2012an. Aurtengoa 7. edizioa izango da jarraian, maiatzaren 19an Arbizun eta Lakuntzan izanen dena.

2.“Bidea laster egiteko, lasterbidea sortzen ari gara. Laster, bidean izango ditugu; etxera bidean” diozue www.lasterbidean.eus web gunean. Etxerako bide horretan, non gaude?
Xochitl: Etxerako bide horretan gure eskura dagoen guztia egiten ari gara. Pasa den maiatzaren 3an urte bat bete zen ETA desagertu zenetik eta oraindik ere dispertsioarekin jarraitzen dugu. Mugimendu txiki batzuk egon dira baina ez dira nahikoak, ez dituzte presoak Euskal Herrira ekarri eta guk exijitzen duguna da preso hauek Euskal Herrian egon behar direla bere eskubidea delako beraien etxetik gertuen dagoen espetxean egotea. Hala ere, esan beharra dago Euskal Herriko jendearekin oso eskertuta gaudela, eskubide urraketa hauen aurrean jendearen erantzuna oso ona izaten dela beti, izugarria, elkartasunez eta maitasunez gure zama arintzen dutela eta adibide bat da duela bi urte Lakuntzan, musikaren esparrutik Euskal Herrian inoiz egin den elkartasun jaialdirik handiena egin genuela. Orain kirolaren eremutik tokatzen zaigu eta Lasterbidean egingo dugu aurten.

3.Sakanan presoen egoera nolakoa da?
Altsasuko presoez aparte, sei preso ditugu kolektiboan, denak etxarriarrak. Estatu espainiarrean lau ditugu: Asier Karrera bere etxetik 300 kilometrora dago eta bi motxiladun haur ditu; Juan Ramon Karasatorre Castellonen dago, 500 kilometrora, Luis Mariñelarena Curtisen, 600 kilometrora, eta Unai Parot Puerton, 1000 km-ra. Estatu frantziarrean 2 preso daude: Oihan Barandalla Lanemezanen, 280 km-ra eta motxiladun haur batekin, eta Jon Gurutz Maiza, Lanemezanen. Preso larrien zerrendan dago Maiza, ikusmen arazoak, diabetesa, dislipemia, hipertentsioa eta fibrilazio aurikularra ditu eta ia 70 urte ditu. Bere egoera horrela izanik, etxean beharko luke bai ala bai.

4.“Leixterka denak itxaa” da Lasterbidearen aurtengo leloa.
Fran: Bai, hemen esaten den bezala. Orain arte Lasterbidean beti egin izan dute herri batean, eta aurten bi herriren artean antolatuko dugu, Arbizun eta Lakuntzan. Hasieran planteamendua zen Lakuntzan egitea, baina gero lakuntzarrak arbizuarrekin jarri ziren harremanetan eta elkarrekin moldatu gara. Lanak banatu ditugu: batzuk lasterketako antolaketa, beste batzuk bazkaria eta arratsaldeko ekimenak... hor gabiltza, jendea zerrendetan apuntatzen. Ongi doa. Esku bat bota nahi duena jar dadila gurekin harremanetan.

5.Sakanak atariak zabaltzen ditu halako ekimenendako, baina Lakuntza aipatu behar da bereziki. Badu erraztasun eta eskuzabaltasun hori.
Fran: Lakuntza ikaragarria da. Duela bi urte Hatortxu rock jaialdi erraldoia bertan antolatu zuen eta aurretik beste bat, Hatortxuren 10. urteurrena ere Lakuntzan ospatu zen. Eta oraingoan ere, beti prest. Ez Lakuntza herria bakarrik, lakuntzarren lana eta auzolana beti hor aipagarri, eta nola egiten duten lan, aipatzekoa eta ikaragarria.

6. Zenbat korrikalari espero dituzue? Zein da erronka?
Jon: Gure buruari erronka garrantzitsua jarri diogu: lasterketa luze eta txikiaren artean 1500 korrikalari biltzea. Iaz 1.000tik pasa ginen, ea aurten 1.500 garen.
Fran: Kopuru handia da gure herri txikiendako, 1.500 korrikalari horiei beraien inguruko pertsonak gehitu behar zaizkielako, baina azpiegitura guztia antolatzen ari gara eta denendako tokia izango da.

7.Hau ez da bakarrik lasterketa bat, egun osoko egitaraua dago...
Fran: Goizeko 9:00etan dortsal banaketa hasiko da Arbizun, eta 10:00etan lasterketa beroketa prestatzeko zumba beroketa izanen da Arbizuko plazan. Goizeko 11:00etan lasterketa handia hasiko da, 7,4 km-koa, Arbizu eta Lakuntza artean, eta 12:15ean lasterketa laburra irtengo da, 2 km-koa. 13:00etan sari banaketa eginen da Arbizuko plazan eta 13:30ean ekitaldi nagusia. 14:00etan elektrotxaranga batekin kalejiran abiatuko gara Lakuntzara, hango frontoian 15:00etan izango baita bazkari erraldoira joateko. Ondoren, 16:30ean zirko tailerra izanen da Lakuntzako parkean, 17:30ean herri kirolak Lakuntzako plazan eta 18:00etan kontzertuak Al Karajo eta Anita Parker taldeekin eta DJ Bull ere musika jartzen egongo da. Aipatzekoa da antolakuntzak Lakuntzan eta Arbizun tabernak edo txosnak jarriko dituela.  

8.Lasterketako izena ematea non egin behar da? Eta bazkarirako txartelak non eros daitezke?
Fran: www.lasterbidean.eus web gunean, maiatzaren 17ra arte (15 euro). Lasterketa motzerako izena ematea Arbizun egin beharko da, 3 eurotan. Izena ematearekin batera korrikalariek bazkarirako txartelak erosi ahalko dituzte, nahi duten kopurua. Bestalde, txartelak salgai daude, www.lasterbidean.eus web gunean eta Lakuntzan Ogi Berrin, Arbizun kanpinean eta Aralar tabernan, Etxarrin Xapateron eta Altsasun Biltokin.

9. Lakuntza aipatu dugu, baina beste eskertzaren bat egin nahiko zenukete?
Jon: Lakuntza eta Arbizuko udalei eskertu nahi diegu, kriston lana egiten ari direlako eta gauzak asko errazten ari dira. Sakanako beste udaletatik ere eskenatokiak, mahaiak, aulkiak eta abar utzi dizkigute. Komunikabideak eta eragileak ere urtero gurekin daude eta eskertzekoa da.

Fran: Benignoren bazkari taldekoek ere kriston lana egingo dute bazkari erraldoia prestatzen, eskertzekoa. Talde hauek egiten duten lan hori txalotzekoa da, edozein herri mugimenduk deituta beti prest daude, Nafarroa Oinezen, presoen aldeko ekimenetan...

10.Lasterbidean egun osoko festa izango da, lagunartean gozatzeko, baina eguna pasata hortik aurrera zer?
Xochitl: Lanean jarraitu beharko dugu salaketa egiten, euskal presoen eta senitartekoen eskubideak etengabe urratuak izaten direlako. Gaur egun 254 euskal preso politiko ditugu estatu espainiarrean eta frantziarrean sakabanatuta, eta ezin ditugu ahaztu ere iheslariak eta deportatuak. Jon Gurutz Maizaz gain beste 19 euskal herritar preso gaixo larrien zerrendan daude; emakumeak ere baditugu espetxeetan, emakume izateagatik isolatuagoak daude, espetxeak era patriarkal batean osatuta daudenez beraien baldintzak okerragoak baitira; motxiladun umeak baditugu, euren amatxori edo amatxori musu bat emateko astebururo milaka kilometro egin behar izaten dituztenak; adin nagusiko senideak ditugu, beraien adinaren oztopoei aurre egin eta astebururo errepidean jartzen direnak edo beraien seme-alabak ikusi ezin dituztenak bere gorputzak ez duelako beste bidaia bat agoantatzen. Senideoi gastu ekonomiko, fisikoa eta psikikoa ekartzen digu dispertsioak, baina gure burua arriskuan jartzen dugu astebururo; dispertsioaren eraginez 16 hildako izan ditugu jadanik eta astebururo 17. bat egon daiteke. Eta honegatik guztiagatik salaketa egiten jarraitu beharko dugu, lanean.

Jon: Lasterbidean desagertzeko jaio den ekimen bat da, ez genuke halako ekimen gehiagorik antolatu nahi. Hau azkena izatea nahiko genuke. Baina azkeneko preso eta iheslaria etxean egon arte halako ekimenak antolatzeko konpromisoari eusten diogu.

Fran: Txosna baten inguruan sortu zen ekimen hau. Aktibazio soziala nahitaezkoa eta beharrezkoa da estatuak estutzeko, denak etxean izan arte. Aktibazioa soziala da, eremu guztietan: kirolean, musikan, lagunartean... Txosnan edo etxean, gure buruari buelta batzuk eman eta hausnartu dezakegu ea zer aportatu dezakegun egoera lazgarri hau behin betirako bukatu dadin eta euskal preso guztiak etxean izan ditzagun. Aktibazio soziala klabea da, bakoitzak bere eremutik ekarpena egitea, guzti honekin bukatu dezagun.

11. Lasterbidean ongi joan dadila!
Hirurak: Eskerrik asko! Eta sakandarrak parte hartzera anima daitezela!