Lehen Hezkuntzakoak Lanbide Heziketan

Guaixe 2019ko mai. 17a, 12:22

Aurreko ostegunean eta atzo haurrek Sakana Lanbide Heziketa institutua bertatik bertara ezagutzeko bisita gidatua izan zuten. Ikasketa-zerbitzu programaren berri eman zieten euren ikastetxeetako beharra detekta zezaten.

Aurreneko txandan Uharte Arakil, Etxarri Aranatz, Lakuntza eta Olatzagutiko eskoletako Lehen Hezkuntzako 5. mailako 50 ikasle izan ziren. Atzo, berriz, batetik, Altsasuko Zelandi eskolako 50 ikaslerena eta, bestetik, Irurtzungo beste 48 ikasleren txanda izan zen. Azken horiekin Iturmendiko eskolako beste bi joan ziren. Guztiek Sakana Lanbide Heziketa institutua goitik behera ezagutu zuten, ordu eta erdi pasako bisita gidatua egin baitzieten.

Hiru taldeei ekitaldi aretoan egin zieten harrera. Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterolaren hitz batzuen ondoren, ikasgai guztietako ikasleek egin zieten harrera eta zer ikasten duten azaldu. Batzuk hitzez egin zuten, beste batzuk bideo baten bidez, eman zituzten azalpenak. Horren ondoren, ikastetxeko tailer guztietatik pasa ziren txikiak eta Lanbide Heziketako ikasleak soldatzen, 3D inprimagailuak programatzen, mendekotasuna duten pertsonak irudikatzen duten popinak nola mugitzen dituzten ikusi eta beste makina bat gauza ikusi zituzten. Tailerretan ere institutuko ikasleak izan ziren azalpenak eman zituztenak eta euren bizipenen berri eman zieten.

Berta De Pablo irakasleak esan digunez, “garrantzitsua da haurrei Lanbide Heziketa zer den erakustea. Jendearen pentsamoldea aldatu beharra dago, eta zer hobea behetik hastea baino!” De Pablok gaztigatu duenez, “Lanbide Heziketak lanerako prest dagoen jendea prestatzen du” eta gogorarazi du gobernuek eta eragileek egindako apustuaren ondorioz eskaintza zabala duela. Bisitek institutuko ikasleengan duten eraginaz galdetuta, De Pablok esan digunez, “azalpenak ematen adierazteko gaitasuna lantzen dute. Prestatzea lana da, baina ondoren pozik gelditzen dira, haurren arreta pizten dutelako eta garrantzitsu sentitzen direlako”.

Ikasketa-Zerbitzu programa
Institutuko ikasleek jakintza, trebetasun eta ezagutza teknikoak jasotzen dituzte ikasi bitartean. Horiek praktikekin osatzen dira. Bada, Ikasketa-Zerbitzu programaren oinarria praktiken bidez komunitatearendako onuragarria den zerbait egitea. Horregatik, Lanbide Heziketako ikasleek hiru bisitak baliatu dituzte haurrei Ikasketa-Zerbitzu kooperazio programa zer den azaltzeko. Eskoletan dituzten beharrak detektatzeko eta institutuko ikasleek euren praktiken bidez hari erantzuna emateko aukera balute eginen lituzketela azaldu zieten. Horretarako, adibideak eman zieten eta Etxarri Aranazko eskolarendako egin dituzten bizikletak aparkatzekoak edo egokitzen ari diren bizikleta erakutsi zieten. Baita beste ikastetxe batzuetarako egiten ari diren areto futboleko ateak edo paperontziak.

Laugarren ikasturtea da Ikasketa-Zerbitzu programa Lanbide Heziketa institutuan martxan dena. Aurreneko ikasturtean (2015-2016) soldadura eta galdaragintza gradu ertaineko ikasleak izan ziren programa abiarazi zutenak. Baina 2017-2018 ikasturtetik institutuko ikasle guztiek parte hartzen dute. Sakana LH institutuko proiektuak Ikasketa-Zerbitzuko Espainiako Sarearen saria jaso zuen 2017ko abenduan. Estatuko ikasketa-zerbitzu bederatzigarren topaketetan finalista izan zen institutua 2016ko azaroan. De Pablok esan digunez, Haur Hezkuntzako ikasleen instituturako bisitak posible izan dira Sakana kooperatibak autobusak pagatu zituelako.

Kimua
De Pablok azaldu digunez, institutuak ikasturte honetan Hezkuntza Departamentutik sustatutako Kimua Programarekin bat egin du. Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza Kolaboratiboaren  bultzadan oinarrituta dago programa hori. Hark ikaslea ikasketa-prozesuaren arduradun eta ardatz bihurtzen du, ezaguerak hartzeko prozesuaren ebaluazio jarraituaren aldeko jarrera kritikoa sustatuz. Ikasleei konpondu beharreko proiektu, arazo edo egoeraren bat edo lortu beharreko xede edo helbururen bat planteatzea da metodoaren funtsa. Horrela, Kimua Programak arazoen zailtasunei neurri hartzeko trebetasunak, ordezko alternatiben erabilera eta bilakaera baloratzeko tresnak sustatzen ditu ikasleengan.  

Institutuaren eskaintza
Goi mailako zikloak: industria mekatronika eta Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa (ikasketa duala). Erdi mailako zikloak: mantentze-Lan elektromekanikoa, soldadura eta galdaragintza, araubide bereziko kirol ikasketak bai mendi ertaina bai eskalada eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza (euskaraz). Eta, gainera, Oinarrizko Lanbide Heziketako merkataritza zerbitzuak ikasketak eta lanean ari diren langileak titulazioa lortzeko profesio ziurtagiriak lortzeko ikastaroak.