Zegama-Aizkorri: Salgadok edizio guztiak, Gasanzek lehena

Guaixe 2019ko mai. 31a, 14:04

Zazpi sakandar ariko dira igandean Zegama-Aizkorri mendi maratoian: Salgadok, Munarrizek, Goikoetxeak, Katarainek, Ganboak eta Maizak errepikatuko dute –Salgado edizio guztietan aritu da–, baina Gasanzendako igandekoa bere lehenengo Zegama izango da

Igandean, ekainaren 2an, jokatuko da XVIII. Zegama-Aizkorri mendi maratoi ezaguna, Golden Trail World Series munduko txapelketarako baliagarria izango den proba (42,195 km, 5.472 m desnibel +). Maila honetako proba izaki, munduko espezialista onenetakoak bilduko dira bertan, sarritan txapelduna izan den Kilian Jornet esaterako. Euskal selekzioko korrikalariak ere munduko onenekin ibiliko dira. Zegama-Aizkorri bezalakorik ez dagoela sarritan entzuten da. Proba beraren edertasun eta gogortasunari zaleen babesa gehitu behar zaio. Korrikalariak Sancti Spiritun, Urbian, Aratzen eta Aizkorrin pasatzerakoan jendetza izaten da eta korrikalari askok oilo-ipurdia jartzen zaiela nabarmentzen dute.

Hautaketa prozesua
Horregatik guztiagatik, Zegama-Aizkorri mendi maratoian parte hartzea oso zaila da, korrikalari gehienek proba ezagun honetan aritu nahi dutelako. Gehienez ere 500 korrikalari onartzen ditu antolakuntzak, eta horietatik 150 dortsal dituen konpromisoetarako erreserbatzen ditu, lasterketa Munduko Koparako baliagarria dela kontuan hartuta. Horretaz gain, orain arteko ekitaldi guztietan parte hartu duten korrikalarien eta azken bi ekitaldietan, 2017 eta 2018an denborarik onenak lortu dituzten korrikalarien presentzia bermatzeko, beste 125 dortsal gordetzen ditu antolakuntzak. Eta gainerako 225 dortsalak, izena ematen duten milaka korrikalarien artean zozketatzen dira.

Gasanzen debuta
Baldintza hauek kontuan hartuta, aurten zazpi korrikalari sakandarrek lortu dute proban parte-hartzea: Jose Antonio Salgado beterano altsasuarrak, Aritz Munarriz etxarriarrak, Juanjo Goikoetxea uhartearrak, Jabi Gasanz altsasuarrak, Beñat Katarain lakuntzarrak, Aritz Ganboa arruazuarrak eta Joxeja Maiza etxarriarrak. Guztiak aurretik Zegama-Aizkorrin aritu izan dira, Jabi Gasanz gazte altsasuarra izan ezik. Berarendako igandekoa debuta izango da.

Salgadok edizio guztiak egin ditu
Nolanahi ere, aipatzekoa da Jose Antonio Salgadorena. Altsasuko korrikalari beteranoak orain arteko edizio guztietan hartu du parte, eta igandean ere 18. edizioari ekingo dio. 2002an proba hasi zenetik orain arte lehiatu diren 6 korrikalarien artean dago Salgado. Harrigarria. Salgadok Trailrunning Reviewen azaldu zuenez, lehendabiziko edizioan 200-250 parte-hartzaile aritu ziren, gehienak inguruetakoak, eta ordutik lasterketa asko aldatu dela dio. Hirugarren ediziotik, Munduko Kopa izan zenetik, Zegamak gora egin zuela nabarmendu du altsasuarrak, eta ordutik etengabe gora egin duela, lasterketa garrantzitsua dela. Zaleendako hitz gozoak ditu. ʺGipuzkoako zaleak ikusgarriak dira. Edozein kirol ekitaldi dela, beti ikuslez beteta. Eta Zegama-Aizkorrin ere. Ikusgarria da”. Bere denborarik onena 3. edizioan lortu zuen (5:00:30 ordu). Aurten korrikan bere 37 denboraldiari ekin dio altsasuarrak, 59 urte ditu, eta igandean disfrutatzera aterako da. Bere gomendioa hasierako eremuan indarrak erreserbatzea da, Olzako aterperaino, 28. kilometroan, eta hortik aurrera erritmoa handitzea.

Bestalde, Zegaman bizi den Katarain lakuntzarra iaz 41.a sailkatu zen eta aurten denbora hobetzea nahi izango du, gainontzeko korrikalariak bezala. Aritz Ganboak ere Arruazu eta Izaba mendiz mendi lotzeko egitasmoa prestatzeko erabiliko du Zegamakoa.

Iganderako beroa aurreikusten da eta bero hori korrikalarien etsaietako bat izan daiteke, ongi hidratatzeak berebiziko garrantzia hartuko baitu. Ibilbidea urteroko berbera da; ez du aldaketarik behar, bere horretan ikusgarria baita. Zegamatik abiatuta, Otzaurte gainera igo eta ondoren datoz Aratz, Aizkorri, Aketegi eta beste, atzera ere Zegamatik jaisteko. Korrikalariak goizeko 9:00etan abiatuko dira Zegamatik eta gehienez 8 orduko tartea izango dute proba bukatzeko. Ibilbidean barna 14 hornidura postu izanen dituzte. Errekorrei dagokienez, gizonezkoetan Stian Angermundek ezarri zuen errekorra, 2017an, hiru ordu eta hiru ordu laurdenetakoa (3:45:08), eta emakumezkoena Maite Maiorak berritu zuen, lau ordu t’erdi pasakoa (4:34:27), honek ere 2017an.

Zegamako proba jarraitzera eta mendizaleak animatzera milaka mendizale hurbilduko dira, eguraldi bikaina iragartzen dutenez, are gehiago. Tartean izango dira sakandar asko ere, gure korrikalariez gain, gainontzekoak ere animatzera. Hori da Zegama-Aizkorriren beste ezaugarrietako bat, animatzera hurbiltzen den jendetza. Izugarri eskertzen dute hori korrikalariek.

Junior Traila eta Kilometro Bertikala
Proba nagusiaz gain, igandean junior mailako korrikalariendako Zegama-Aizkorri Junior Trail lasterketa antolatu dute, 10:30ean abiatuko dena (10,4 km eta 505 m desnibel +), eta ostiralean V. Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikala jokatuko da, Arriaundi eta Iraule artean (3 km, 1015 m desnibel +). Bertan Fidel Jimenez etxarriarra, Jose Antonio Salgado altsasuarra, Alatz Agirre arbizuarra, Fran Araña arbizuarra eta Sergio Goñi olaztiarra aritzekoak dira.