Nazio ikurrak aztergai

Guaixe 2019ko eka. 11a, 08:51

Biltzarrek eta ENAk Nazio Ikurrei buruzko zikloko hitzaldietako bat Altsasuko Gure Etxea eraikinean izanen da, bihar, 18:30ean.

Nazio Ikurrei buruzko aurreneko bilkura lastailean Bilbon antolatu zuten Biltzarrek eta ENAk. Prozesua Iruñean eginen den beste bilkura batekin despedituko da lastailean. Antolatzaileek, bitartean, nazio ikurrei buruzko hiru hitzaldi antolatu dituzte. Haietan “nazio ikurrek gure herriaren egituraketan izan duten garrantzia eta batez ere etorkizunari begira eguneratzerik behar ote duten eztabaidatuko da, burujabetzarako bidean hobeto laguntzeko”. Biltzarrek eta ENAk “ikur horien barruan gure naziorako proposatzen diren izena, armarria, bandera, ereserkia, aberri eguna eta egutegi nazionala, eslogana, nortasun agiria eta internet domeinua” sartu dituzte.

Hitzaldien antolatzaileen iritziz, “azken hamarkadan ikur hauetako batzuei buruzko eztabaida zabaldu da, Nafarroako banderaren erabilera ere handitu da, Aberri Egun bateratua antolatzea ametsa dela dirudi, batzuetan ikur nazional batzuk ikur autonomiko bihurtu direla ematen du…” Zikloa asteazkenean abiarazi zuten Bilbon eta Altsasuko hitzaldiak segida emanen dio. Abiarazi duten prozesuarekin nazio ikurrak definitzeko lanean aurrerapausoak eman nahi dituzte.

Aztergaiak
Izena da aztertzen ari diren ikurretako bat. Gehienak Euskal Herria izenaren alde badira ere, Nafarroa-Nabarra, EH-Nabarra, NabarrE edota Euskal Herri Nabarra izenen alde egiten dutenak ere badaude. Armarriari dagokionez, gehiengoa Zazpiak bat proposamenaren alde dago, baina proposamen berriak ere egin dituzte, besteak beste, itsasoa eta diaspora kontuan hartzen dituztenak. Banderari dagokionez, bi aukera nabarmendu dira, Ikurrinaren eta Nafarroako banderaren aldekoak. Proposamen berrien artean daude Kataluniako esteladaren moduan ikurrinari izar bat gehitzea proposatu eta independentzia zaleen bandera sortzea horrela. Edota Ikurrinaren eta Nafarroako banderak uztartzea proposatzen dutenak. Aipatu oinarrietatik guztiz urruntzen diren proposamenak ere aurkeztu dira.

Ereserkiari dagokionez, orain arte iritzia emandako gehienek Jose Mari Iparragirre Balerdik sortutako Gernikako Arbola kantuaren alde egin dute. Batzuen iritziz Gora eta Gora edo Nafarroako Gorteetako ereserkiak ez dira asko zabaldu. Izan da ere, “gure herriaren samurtasuna” adierazteko Pirritx, Porrotx eta Marimots pailazoen Maite zaitut kanta “erdi txantxetan” proposatu duenik.

Aberri Eguneko data dagoen horretan uztearen alde daude iritzi trukean parte hartu duten gehienak. Bada Kataluniaren modura politika nazio-jaia (Diada, Aberri Eguna) eta kultur nazio-jaia (Sant Jordi, Euskararen Eguna) izatea proposatu dutenak. Beste batzuek egungo datatik hurbil, Aste Santutik kanpo eta data finko batean ezartzearen alde egin dute. Abenduaren 3an edo agorrilaren 15ean izatea ere proposatu dute. Aberri Eguna non ospatu? Herri guztietan, Euskal Herriko erdigune geografikoaren punturik hurbilenean edo “hasieran bezala hiriburuetan, txandaka”.

Nazio egutegiak zein jai egun hartu beharko lituzkeen eztabaidatzerakoan Udalbiltzak proposatutakoa ongi ikusi dute: martxoak 8, Emakumeen Eguna; garagarrilak 24, San Juan eta abenduak 3, Euskararen Eguna. Esloganari buruzko proposamen bat jaso dute: herria eta hizkuntza. Baina landutako txostenean aurretik hainbat leloren berri jaso dute. Nortasun agiriari dagokionez, Udalbiltzak EHNArekin segitu nahi du eta ENA elkarteak biak uztartzea proposatzen du. Azkenik, Interneterako domeinua izateko adostasun gehiena .eus-ek lortu du, baina .na hartuta dagoenez, .nv proposatu dute.

Egitaraua
Garagarrilak 5, asteazkena
18:30ean Bilboko Zazpi kaleetako Burtsan. Hizlariak: Gontzal Mendibil, Tasio Erkizia, Gaizka Basaldua.

Garagarrilak 12, asteazkena
18:30ean Altsasuko Gure Etxea eraikinean. Hizlariak: Patxi Zabaletak, Enrike Zelaia, Jose Luis Erdozia, Eneko del Castillo, Iñigo Larramendi, Koldo Martinez Urionabarrenetxea.

Garagarrilak 18, asteartea
18:30ean Zarauzko Etxezabalan.Hizlariak: Iñaki Askoaga, Jose Mari Lejardi, Iñaki Lopez de Luzuriaga.


Gidaliburua
Nazio ikur bakoitzari buruzko historia eta oinarrizko informazioa, dagoen eztabaida eta jaso diren proposamenak jaso dituzte.

Parte-hartzea
www.biltzarre.eus web orriko foroak nork bere iritzia emateko aukera du.